Dokumentuaren akzioak
1.200 partaide areto birtualeko saioetan
Apiriletik ekainera 52 saio egin dira. Astelehenetik ostegunera, koreografo eta sortzaileen lengoaia artistikoan oinarritutako saio praktikoak egin dira, eta ostiraletan sorkuntza-prozesuak ezagutzeko aukera izan da. Ekainetik aurrera egokitu egin da egitaraua, alarma-egoera gutxitzeko faseen baitan. Erabiltzaileen artean izandako arrakasta ikusita, jarraitasuna emango zaio areto birtualari.
Martxoaren erdialdean, Covid-19aren ondorioz ezarritako alarma-egoerak eraginda, Gipuzkoako Dantzaguneako aretoak itxi behar izan ziren. Etenari erantzun azkarra emateko, kudeaketa-taldeak areto birtuala izeneko ekimena jarri zuen martxan: sareko plataforma baten bidez pertsona asko konektatzeko leihoa ireki zen.
Egoeraren araberako erantzuna
Saioak antolatzeko, martxoaren amaieran deialdi bat egin zitzaien gipuzkoar koreografoei eta Gipuzkoako Dantzaguneari lotutako sortzaileei. Aldaketa azkarrek erantzun azkarra eskatzen dute, eta berehala iritsi ziren proposamenak.
Bi saio mota egin dira itxialdian zehar. Batetik, Mantentze koreografikoko saioak, koreografoen mugimendu-lengoaia propioan oinarritutako saio praktikoak, astelehenetik ostegunera, 10:00etan. Ostiraletan Sortzaileen leihoa izeneko jardueran, zenbait sorkuntza-lanen prozesuak kontatu zizkiguten egileek.
Dantzako komunitatearen topagunea
Apirilaren 6an jarri zen martxan areto birtuala, Amaia Elizaran tolosarrak emandako saioarekin. 40 pertsonatik gorako partaidetza izan zuen lehen saioak, eta batez besteko hori mantendu zen ondorengon asteetan ere. Gipuzkoarrak izan dira saio gehien eman dituztenak. Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi edota Arabako egileak ere izan dira areto birtualean, eta teknologiak ahalbidetzen zuenez, esaterako, Berlin (Jone San Martin eta Iker Arrue) edota Murtzia (Melissa Rivadeneira) hirietatik egin dira saio batzuk.
Areto birtuala dantzarien eta dantzazaleen topagunea izan da, koreografo eta dantzari profesionalen lan koreografikoa gertutik ezagutzeko guneaz gain. Saioen hasieran eta amaieran elkarrizketa ugari sortu dira, eta erabiltzaile guztiek nabarmendu dute topagune izaera horren garrantzia.
Areto birtualeko datu nagusiak
Apirila
- Mantentze koreografikoko saioak: 16
- Sormen leihoak: 3
- Partaideak: 600
Maiatza
- Mantentze koreografikoko saioak: 16
- Sormen leihoak: 4
- Partaideak: 500
Ekaina
- Mantentze koreografikoko saioak: 9
- Sormen leihoak: 4
- Partaideak: 100
Areto birtualak martxan jarraituko du
Ekainean itxialdia arintzeko faseak indarrean jartzearekin batera, egitaraua egokitu zen. Aurreko bi hilabeteetako saioen egitaraua mantendu zen lehen hamabostaldian. Horrekin batera, bestelako jarduerak antolatu ziren. Esaterako, Sortutakoak 16ren deialdiko proiektuak hautatzeko epaimahaia bildu zen areto birtualean, eta beste zenbait tailer egin dira.
Areto birtualak harrera oso ona izan du Gipuzkoako dantzaren sektorean eta dantzazaleen komunitatean, eta, eskaintzen dituen aukeren araberako egitaraua prestatzen eta erabilerak aztertzen dihardugu.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gipuzkoako Dantzagunea
Dantzagunea Gipuzkoako Foru Aldundiak dantzaren ikaskuntza eta sorkuntza prozesuak laguntzeko eta sustatzeko sortutako zerbitzua da. Errenterian du egoitza, Niessen eraikinean.
Kulturaren Euskal Planak dantzaren alorreko lan-lerro nagusitzat jo zuen herrialde bakoitzean dantzarako baliabideak izateko erreferentziazko gune bat irekitzea.
Dantzagunean mota guztietako dantzak, bereziki lantzen direlarik dantza klasikoa, garaikidea eta euskal dantza tradizionalean bildutakoak. Bertatik eskeintzen dira Gipuzkoan dantza jardunean ari diren elkarte, konpainia eta eragileei laguntzeko zerbitzuak eta inguruko lurralde eta erkidegoetako antzeko entitate eta zentruekin elkarlana bilatzen da.
Dantzagunearen lan-lerro nagusiak honakoak dira:
1- Sorkuntza koreografikoa sustatzea, sortzaileei eta taldeei Dantzaguneko aretoak utzita, eta egonaldi-programa bat, Sortutakoak, sustatuta.
2- Sorkuntza-prozesuak laguntzea, aholkularitza artistikoaren bitartez; eta dantzaren sorkuntzaren eta produkzioaren inguruko ikerketa garatzea.
3- Prestakuntza espezializatua ematea, gaur egun Gipuzkoan ematen den formazioa osatzeko, alderdi tekniko-praktikoak eta teorikoak landuta.
4- Dantza hedatzeko formula berriak bilatzea, publikoa sentsibilizatzea eta dantza eskola-programetan sartzea.
5- Dantzarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazio eta dokumentazio baliabideak interesa dutenen esku jartzea: eskolak, bekak, audizioak, konpainiak, ikuskizunen ekoizpena, hedabiderako kanalak...