Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Marian Arregi joan zaigu

Dokumentuaren akzioak

Marian Arregi joan zaigu

Atzo arratsean joan zitzaigun Marian Arregi, hogeita bat urtez Kafe Antzokian gure Urbeltzen Dantza Ganbarari akordeoiarekin musika jarri dion musikari bikaina, Argia dantza taldearen musika zuzendari eta gure lankide Mikel eta Beñaten ama. Euskal dantzen berreskurapenean urte luzez lan handia egindako emakumea izan da Arregi, Juan Antonio Urbeltz senarrarekin batera. Argia dantza taldearen sorreran eta garapenean berebiziko rola izan zuen Marianek musiken berreskurapenean, musika eta dantza elkarrekin baitoaz.
Egilea
Zenbat gara
Komunikabidea
Zenbat gara elkartea
Mota
Albistea
Data
2018/03/06
Lotura
Zenbat gara elkartea

Izan ere, akordeoiarekin ezagutu dugu azken hamarkadetan baina dantzari moduan nabarmendu zen aurretik Marian Arregi, dantzan.eus atarian irakur dezakegunez. Kemen hirukotearen bidez, euskal musikaren alorra biziberritu zuen, hainbat dantza solte txapelketa irabazi zituen han eta hemen, eta Goizaldi dantza taldearekin dantzan aritu zen Europako hainbat jaialditan. Talde hartan ezagutu zuten elkar Marianek eta Juan Antoniok, eta elkarrekin abiatu zuten Argia taldea euskal dantzen berreskurapenaren ikurra bilakatzeko ekimena. 1966tik aurrera, Argia dantzari taldearen musika-ekoizpenaren zuzendaritzaz arduratu da, eta Mikel Urbeltz semearekin batera, besteak beste Argia taldearen Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeri-boda, Axuri Beltza eta Besta Berri ikuskizunetako musika zuzendu du.

Baina Marian Arregiren ekarpen garrantzitsua 60ko urteetan abiatu zen Oier Araolazaren hitzetan “Ez dok Amairuren garaiko eta pareko dantzaren mugimenduak Argia dauka izena. Ez dok Amairuk euskal musikari egin zion tamainako ekarpena egin zion Argiak euskal dantzari. Eta gainera, biak bateratsu aritu ziren. Izan ere, mugimendu bereko bi adierazpen izan zirela esan genezake, Ez dok Amairu musikan, Argia dantzan. Are gehiago, elkarren berri izanez, elkarri eraginez, elkarrekin bidea eginez”.

Benito Lertxundi eta Marian Arregi 1974an

Hala, Arregiren, Argia taldea eta Ez dok Amairu mugimendu garaikideak izanik, elkarren inspirazio iturri eta lankide izan ziren 60ko urteen amaierako eta 70eko urteen hasierako euskal kantagintzaren eta dantzen suspertze garai garrantzitsuan. Horren erakusgarri izan zen Baga Biga Higa sentikarian egin zuten elkarlana eta, ondoren, 1976 eta 1985 bitartean, Benito Lertxundiren diskorik esanguratsuenetako batzuetan eta zuzeneko gogoangarri askotan parte hartu zuen. Marianek akordeoiarekin jotako notek lagundu zuten denon gogoan geratu diren eta euskal kantagintzaren erreferentziak bihurtu diren hainbat doinu sortzen. Argiaren eta Ez dok Amairuren arteko harremana dantzan.eus atariko testu honetan kontatzen digu Oier Araolazak:

“1965eko udazkenean Ez dok Amairuren sorrerako bilera irekiak egin ziren Donostian. Ondoren Ez dok Amairun, talde bezala jarraipenik izan ez bazuten ere, bilera haietako batzuetan, hiru neska gaztek parte hartu zuten. 20 urteko hiru neska ziren, Marian Murgiondo, Encarna Uriarte eta Marian Arregi. Trio Kemen osatzen zuten hiruren artean, kantuan egiten zuten Murgiondok eta Uriartek, eta akordeoiarekin eta ahotsarekin osatzen zuen Marian Arregik.

Pepe Andoain-ekin ikasi zuen akordeoia Marian Arregik. Andoain-ek berak bere ikasleekin sortuta zuen akordeoi orkestrarekin ere aritu zen emanaldiak eskaintzen. Dantzari aritzen zen Goizaldin, eta oso gazte zirela, 16 urte ingurukin Murgiondo eta Uriartekin hirukotea osatu, eta Kemen izenarekin emanaldiak eskaintzen hasi ziren. Bellas Artes-eko kantari berrien lehiaketan parte hartu zuten, Donostiako Nautikoan emanaldiak egin zituzten, Ondarroan herritarren berotasuna jaso zuten euskaraz kantatuta, telebistan, Espainiako telebistan, garai hartan hegoaldean zegoen bakar hartan kantatu zuten 1962an. Goizaldi dantza taldeak 1964an Txekian egin zuen biran Trio Kemen-ek ere parte hartu zuen, dantzarien emanaldiak osatuz. 

Horrela kontatuta musikari ibilbidea dirudi Marian-enak, baina herri tradizioko beste hainbat musikari handi bezala, Marian zerbaitetan nabarmentzen bazen dantzan zen. Dantzari trebe eta arina izanik, dantza eta musika maisuki uztartu dituzten Alejandro Aldekoa, Etxahun Iruri edo Jean Mixel Bedaxagarren modura, dantzan hasitakoa musika eginez jarraitu du Marianek.

Esan dugu Goizaldiren emanaldietan jotzen hasi zela, adibidez 1965ean Lefkas-en, Grezian, jo zuen. Eta han, besteak beste gaur arte lagun izan dituen doinuak eta aireak ezagutzen hasi zen. Nazioarteko dantza eta musika tradizionala, musika eta dantza egiteko eta bizitzeko modu zahar bezain indartsu bat, sustraiak lurrean ongi errotuak dituena eta adarrak mundura zabalik, haizeak ekartzen dituen euriekin bustitzeko prest dagoena.”

Ondoren, Xabier Leteren zenbait lanetan, Benito Lertxundirenetan, Argia dantza taldearen ikuskizunetan eta Kafe Antzokiko hilabeteroko Urbeltzen Dantza Ganbaran entzun ahal izan dugu Marianen akordeoia, berea bezain nortasun handiko doinu berezi eta ezaugarriekin. Plazera izan da zurekin dantzatzea, Marian!

Dokumentuaren akzioak