Dokumentuaren akzioak
Zigor-dantza berpiztu dute Eskoriatzan

77 urtez galduta egon den dantza berreskuratu du Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeak. 1948. urteko bi argazkiren testigantzatik abiatuta, zigor-dantza deituriko soka-dantza edo aurreskua birsortu dute. Uztailaren 1eko arratsaldean kaleratu dute dantza. Zain-zain ziren herritarrak Fernando Eskoriatza plazan, kuriositatez, adinekoen oroimemean baino ez zegoen zigor-dantzari ze forma emango zioten ikusten esperoan. Txistularien lehen notekin atera da dantzari taldea sendo, sokan, plazara. Bero handia izan dute dantzarako, eta publikoa ere bero oso, txalo eta oihu artean hartu dituzte dantzariak.
Zigor-dantza berrinterpretatzen
1948ko irudiak eta hainbat herritarren testigantzak oinarri hartuta osatu dute dantza. Oroitzapen lausoak aurkitu dituzte, baina zigor bat, alegia, astintzeko erabiltzen zen zume edo makila bat erabiltzen zela jaso dute, baita une batzuetan dantza zakarra zela ere. Hortik dantzaren izena; izan ere, zigorra zigortzeko erabili izan den tresnari deitu izan zaio, animaliak akuilatzeko, bai eta gizakiak astintzeko ere. Horrela, aurreskua eta atzeskua makila edo zigor banarekin atera dira sokan, kasu honetan, lurra kolpatuz dantzatu dituzte zigorrak.
Aurreko urtean hasi ziren dantzari forma ematen, helburua izan da "zigor-dantza ikertu, ulertu eta berrinterpretatzea. Eskoriatzako kulturaren zati bat berreskuratzea, memoria eta mugimenduen bitartez". Idoia Lahidalgak, Gorosarri dantza taldeko dantza-irakasleak, eman dio forma dantzari. Eredu bezala Eskoriatzako Santa Agedako gazteen aurreskua edota herrian dantza-maisu ibili diren Joaquin Manterola errenteriarrak eta Mario Padilla otxandioarrak erabili izan dituzten dantza moldeak erabili dituzte.
Demetrio Iriarteren Leintz martxarekin atera da soka plazara. Ondoren, 1988an Trankilek eta Juan Carlos Irizarrek konposatutako Eskoriatzako ereserkiaren doinura dantzatu dira. Desafio eta bananagoa dantzatu dute segidan.
Momentu batean soka desegin eta binaka dantza lotuan ere aritu dira.
Berriz sokara itzuli eta agurra eskaini diote San Pedro jaiei hasiera eman dieten Zapatisten taldeko ordezkariari eta sokara gonbidatu dute.
Azken desafioa dantzatu dute aurreskuak eta atzeskuak; eta amaitzeko, herritarrak gonbidatu dituzte fandangoa eta arin-arina dantzatzera. Biribilketan bukatu dute saioa.
Dokumentuaren akzioak