Dokumentuaren akzioak
1948ko Zigor-dantza berrinterpretatu dugu

Eskoriatza Iruditan udal artxiboan 1948. urteko Zigor-dantzako bi argazki topatu ditugu. Duela 77 urte, gaur bezalako egun batean, herriko andra-gizonek Zigor-dantza atera zuten herriko plazan.
Dantzarietako bat, aurreskua, Dimas Eraña izan zen. Bere iloba, Carmen Erañarekin izandako elkarrizketa batean gogoratzen zuen bere tiok, behin, dantza hori egin zuela; itxuraz San Isidroetan, edo agian San Pedroetan…
2014an, Euskal Herriko Ahotsak egitasmoaren barruan, Pepe Barandiarani jaso zitzaion testigantzan, hark kontatu zigun sanpedroetan zigor-dantza egiten zela, makila bat erabiltzen zela eta makilarekin jo egiten zela dantzan. Gogorra eta zakarra zela kontatu zigun Pepek. Berdina zioen Anton Agirrek ere.
Zigor-dantzak erakusten duenez, herri batek bere historia ez du bakarrik liburuetan gordetzen. Plazan eta dantzan bizitako une horietan ere dago.
Iaz, Gorosarri dantza taldea indarberritu eta berriz martxan jarri genuenean, erronka eder bati heldu genion: zigor-dantza ikertu, ulertu eta berrinterpretatzea. Eskoriatzako kulturaren zati bat berreskuratzea, memoria eta mugimenduen bitartez.
Zigor-dantza soka-dantza bat izango da oinarrian. Euskal Herriaren historian zehar gehien dantzatu den dantza soziala. 1948ko argazkian ageri diren bezala, dantzariak ilaran ikusiko ditugu plazan, elkarri eskuak emanda soka bat osatuz. Soka guztiek bezala, honek ere aurreko eskua eta atzeko eskua izango ditu. Hauek zigor bana eramango dute, eta hori ere dantzaraziko dute.
Berrinterpretaziorako Eskoriatzan errotuta dauden ohiturak eta herriko dantza taldetik pasa diren dantza-maisuen dantza moldeak errespetatu dira. Santa agedako gazteen aurreskua izango da oinarri eta dantza-maisuak Joaquin Manterola errenteriarra eta Mario Padilla otxandioarra. Beraz, Bizkaia eta Gipuzkoako dantza joerak ikusiko ditugu.
Hori horrela, Idoia Lahidalga dantza-irakasleak horrela berrinterpretatu du 1948ko soka-dantza: Demetrio Iriarteren Leintz martxarekin hasiko da. Ondoren 1988an Trankilek eta Juan Carlos Irizarrek konposatutako Eskoriatzako ereserkiari dantza-pausuak jarriko dizkiogu. Desafio eta banakoarekin jarraituko du soka-dantzak. Lehen plazetan ohikoak ziren “agarrau” batekin segi eta aurten Sanpedro jaiei hasiera eman dieten Zapatistei agurra dantzatuko diegu. Bukatzeko azken desafioa egingo da eta ostean denok gonbidatuta zaudete amaieran fandangoa eta arin-arina dantzatzera.
Eta ezin hau guztiau bakarrik egin. Gorosarri dantza taldea sortu zenetik txistulariak beti izan ditugu lagun. Mario Padillak dantzariak eta txistulariak plazaratu zituen, eta Zigor-dantzan ere Eskoriatzako txistulariak izango ditugu gurekin.
2025eko uztailaren 1ean berriro ere aterako dugu zigor-dantza herriko plazara.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Gorosarri dantza taldea
Dantzari Txikina eta Alari Garbi dantza taldeen ostean Gorosarri euskal dantza elkartea sortu zen Eskoriatzan 1966an. Herriko eta bailarako hainbat ekitaldi eta erritutan parte-hartzea da gure lehentasuna; hala nola Aratuste martizena, Bailarako Dantzari Eguna, Haurren Eguna, Ferixa Eguna, Zigor-dantza eta Gaba Baltza. Ikusi egindakoak hemen.
Gorosarri dantza taldea
Eskoriatza (Gipuzkoa)
+34 646 953 710
gorosarridt@gmail.com