Zaldibia-Iruñea oinez orain 150 urte bezala
152 urte ondoren
Luis P. Peña Santiago eta Antton Iturriza mendizaleek idatzi izan dute Goiherriko dantzarien ibilaldi honi buruz, eta dantzarien egindako ibilbide bera errepikatuz mendi ibileran proposatu dituzte. Hain zuzen ere "Dantzarien bidea" izenarekin ezagutzen da ibilbide hori. Azalpen horietatik abiatuta Irungo Kemen dantza taldeko kide batzuk Olanoren dantzari-koadrillak egindako lan bera errepikatzea zeukaten buruan aspaldiko urteetan. Zaldibiatik Iruñera oinez joan eta ondoren bertan Gipuzkoako dantzen emanaldia eskaini.
Datorren ostiralean, urriaren 12an, Irundik abiatuko dira Kemen-eko 15 dantzari. Zaldibiara trenez eta autobusez joango dira, eta Zaldibiatik oinez abiatuko dira Aralarren barrena. Hamazazpi orduko ibilaldia aurreikusten dute. Ostiralean Zaldibiatik Aralarko guardetxeraino, larunbatean guardetxetik Irurtzunera, eta igandean Irurtzundik Iruñera. Iruñera iritsi, oinak astindu, eta eguerdiko 13.30etan, Burgoen plazan Gipuzkoako dantzen emanaldia eskainiko dute.