Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarien bidea jarraituz

Dokumentuaren akzioak

Dantzarien bidea jarraituz

Kemen Dantza Taldeko hamabost kidek Zaldibia eta Iruñea artean dagoen distantzia oinez egingo dute datorren asteburuan

Egilea
Maider Izeta
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Irun
Mota
Albistea
Data
2007/10/10

Ekimen honen bitartez, Kemen taldeko partaideek duela bi mende Zaldibiako zenbait dantzarik egindako ibilbidea ekarriko dute gogora. Dantzari buruzko hainbat liburu testutan azaltzen den bezala, XIX. mendean Zaldibiako dantzariak oinez abiatu ziren Iruñeara bertako San Fermin jaietan dantzatzeko. «Dantza taldeko kideak, prestuak izaki, gau bakar batean Zaldibia eta Iruñea arteko bidea oinez egin zuten, eta biharamun goizean San Ferminen aurrean Gipuzkoako dantzak eskaini zituzten», zioen Kemen taldeko Patxi Pagolak.

Ordutik, Zaldibiako dantzariek egindako ibilbideari Dantzarien bidea deritzo.

Prestakuntza luzea

Zortzi urte daramate Kemen taldeko zenbait dantzarik ekimen hau aurrera atera nahian. «Dantza munduan murgilduta gaudenoi eta aldi berean mendia gustatzen zaigunoi ideia ona iruditu zitzaigun ibilaldi hau antolatzea», jakinarazi zuen Patxi Pagolak. «Aspaldian bururatu zitzaigun, duela zortzi bat urte. Baina arrazoi ezberdinengatik orain arte ez dugu hau antolatzerik izan».

Kemen Dantza Taldeko dantzariak datorren ostiralean abiatuko dira Irundik Iruñeara. Hemendik Zaldibiara dagoen tartea trenez eta autobusez egingo dute eta ondoren mendiko botak jantziko dituzte Dantzarien bideari ekiteko. «Lau edo bost bat pertsona aritu gara ibilaldiaren prestaketarekin», zioen Juanjo Cabezon dantzariak.

Txangoa hiru jardunaldietan banatu egingo dute Kemenekoek eta guztira, hamazazpi ordu igarako dituztela aurreikusi dute. Lehenengo egunean, Zaldibiatik abiatu eta Aralargo guardetxeraino joango dira. Horretarako, 1.100 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diote. Bigarren egunean, guardetxetik abiatu eta Irurtzunera abiatuko dira, zazpi orduko ibilaldia izango da hau. Azkenik, Irurtzun eta Iruñea artean dagoen bidea egingo dute dantzariek datorren igandean, hilak 14. «Iruñeara hamabietan iristea gustatuko litzaiguke, horregatik igandean goiz jaiki beharko dugu», adierazi zuen Aritz Perez dantzariak. «Dantza saioa ordubata eta erdietan hasiko da plaza de los Burgos izeneko enparantzan. Zaldibiako dantzariek egindakoa jarraituz, igandean Gipuzkoako dantzak dantzatuko ditugu baita ere». Besteak beste agurra, boastitzea, zinta dantza eta brokel makilena dantzatuko dituzte Kemenekoek.

Dantzariek kamiseta berezi bat prestatu dute igandean janzteko. «Ez ditugu dantzarien arropak ipiniko. Guk egindako kamiseta bat jantziko dugu», jakinarazi zuen Pagolak.

«Ez da erraza honelako ekimen bat antolatzea», aitortu zuten hiru dantzariek. «Astean zehar zaila egiten da plana aurrera eramatea eta eguna aukeratzea ere ez da batere erraza. Azkenean, zubi hau aprobetxatzea pentsatu dugu bai dantzariok festa dugulako, eta baita laster egunak laburtuko direlako eta hotz handiagoa egingo duelako».

Dantzarien bidea jarraituz
Juanjo Cabezon, Aritz Perez eta Patxi Pagolak txangoan hartuko dute parte. [F. DE LA HERA]

Dokumentuaren akzioak