Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Igor Yebra badoa Uruguaiko Sodre Ballet Nazionaletik

Dokumentuaren akzioak

Igor Yebra badoa Uruguaiko Sodre Ballet Nazionaletik

2021/01/05 10:00
Igor Yebra badoa Uruguaiko Sodre Ballet Nazionaletik

Igor Yebra Montevideoko Herritar Entzutestu izendapena jasotzen, Montevideo, 2020-11-30.

Agur esan dio Igor Yebrak (Bilbo, 1974) Uruguaiko Sodre Ballet Nazionalaren gidaritzari. Hiru denboralditan aritu da balletaren zuzendaritza artistikoan. 2018ko urtarrilean ekin zion lanari, Julio Bocca argentinarraren erreleboa hartuz; eta orain, Maria Noel Riccetto dantzari ohi uruguaitarrak hartuko du postua.

Efe berri agentziari azaldu dionez Yebra jakitun da bere karguaren berritzea erabaki politikoa izan dela; 2020an izan zen autoritate aldaketen ondorio omen da. Esan du ez duela "gorroto edo haserrerik" sentitu eta jasotako "maitasun eta babesa" dela gordeko duena. Bere lana behar bezala betetzeko nahi baino denbora gutxiago izan duela aitortu du. Delmira Agustini poetisari buruzko balleta aurkeztea aurreikusten zuen aurtengo urtean Sodre balletarekin, baina ezin izango da horrela izan.

Hala ere, Uruguain eginiko lana arrakastatzat jo du Yebrak. Quijote de la Plata obrarekin hainbat jaialdi internazionaletan hartu zuen parte, baita Mario Benedettiren nobelan oinarritutako La tregua lanarekin ere. Balleta zuzentzen jarraitzeko aukerarik eman ez badiote ere, Uruguain eginiko lanaren aitortza jaso du. Uruguaiko kultura eta arteen sari gorena eman berri diote 2020 bukaeran, “Uruguaiko kulturari eginiko ekarpen baliotsuagatik”.