Dokumentuaren akzioak
Montevideoko Herritar Entzutetsu izendatu dute Igor Yebra
Igor Yebra bilbotarrak Delmira Agustini domina jaso du; Uruguaiko kultura eta arteen sari gorena. Entrega ekitaldia abenduaren 1ean izan da Uruguaiko Auditorio Nazionalean. Saria Montevideoko Herritar Entzutetsu izendapenari gehitu zaio. Carolina Cosse hiriko intendentearen eskutik jaso du saria eta eskerrak eman ditu Yebrak: “izendapenak munduko bi hiri garrantzitsuenen hiritar ospetsu bihurtzen nau: Bilbokoa eta Montevideokoa, nire mundukoak behintzat, eta ni bihurtzen ari naizen pertsonarenak”, 2010ean izendatu zuten Bilboko Herritar Entzutetsu.
Uruguaiko Sodre Ballet Nazionalekoa hiru denboraldiak gogoratu ditu hitzaldian, “bertan ikusi nuen atseginagoa dela beste batzuei laguntzea, zure lanarekin txaloak jasotzea baino; burua erabiliz, gorputza erabiliz baino gauza handiagoak lortzen direla, aurrez ikasita nuenaren aurkakoa”. Balantze gisa, aitortu du “hiru urte intentsu izan dira, bizitzako erronka eta esperientzia bakarrak bizi izan ditudana, aberastu eta harritu egin nautenak”. BNSren buru izan da azken urtean eta pandemiak markatu du guztiz: “lanean hasi, irudimentsuak izan eta gauza berriak sortu”, beti “pasio, irmotasun eta lan” dosi handiekin. Amaren irakaskuntza ere gogoratu du: “Zu izan zaitezke nahi duzuna; oztopo bakarra dago: zeu”.
Delmira Agustini domina
Uruguaiko Sodre Nazionala Balleteko zuzendaritza artistikoan hiru denboraldi egin ondoren jaso du Yebrak Delmira Agustini domina; “Uruguaiko kulturari eginiko ekarpen baliotsuagatik”. Pablo da Silveira Kultura ministroaren hitzetan “uruguaitarrok izugarri baloratzen dugu Sodre Ballet Nazionala garatzeko egin duzun ekarpena. Arte-zuzendaritzatik bikaintasuna eta Quijote de la Plata eta La tregua bezalako lan nazionalak sortzea sustatu izana”.
“Emozioz eta Uruguaiko kulturarekin elkarlanean jarraitzeko pizgarri gisa” jaso du Igor Yebrak saria, baina ez ditu ahaztu nahi izan Sodre Auditorio Nazionaleko taldea, bereziki, dantzariak, zuzendaritza eta kudeaketa taldea. Horiek gabe ezin izango baitziren gauzatu “nire eromen guztiak. Ohorea da Uruguaiko poetarik ospetsuenetakoaren izena daraman goraipamen hau jasotzea”.
Nortasun nazionala duen errepertorio propioa sortzea izan da Igor Yebrak gidatu duen zuzendaritzaren ardatzetako bat. Horretarako, El Quijote del Plata (2018) enkargatu zion Blanca Li-ri; La Tregua (2020) Marina Sanchezi, eta Delmira Agustini poetisari buruzko obra Annabelle Lopez Ochoa koreografoari. Azken lan hori datorren denboraldian estreinatuko da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Iratxe de Arantzibia
Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna