Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sword Spectacular, York-eko ezpata-dantzen jaialdiaren kronika

Dokumentuaren akzioak

Sword Spectacular, York-eko ezpata-dantzen jaialdiaren kronika

Kezka dantza taldearen blogean egin dugu gure taldearen kronika modukoa, baina jaialdia oso interesgarria izan da, ezpata-dantzen alorraren ikuspegi panoramiko ederra eskaini baitu, eta ikusi eta bizitakoen kronikarekin nator orain.

Linked sword-dances

Ezer baino lehen kontzeptu batzuk argitzea komeni da. Ezpata-dantzetaz ari garela oro har bi multzo nagusi bereizten dira Europako folkloreaz ari garenean. Batetik katean egiten diren lotutako ezpata-dantzak ditugu eta bestetik ezpatak elkar lotu gabe egiten diren aurrez aurreko ezpata-dantzak. Ikusi ditzagun bi multzoak zehatzago:

  • Longsword hilt point yorkLotutako ezpata-dantzak: "Linked sword-dances" (lotutako ezpata-dantzak) edo "hilt and point" (heldulekua eta punta) izendapenekin ezagutzen dira multzo honetakoak. Dantzari bakoitzak bere ezpata mutur batetik heltzen du eta beste punta beste dantzariari eskaintzen dio. Horrela, dantzariak ezpaten bidez elkar lotzen dira eta lerroetan eta borobiletan antolatzen dira. Euskal Herrian mota horretakoak ditugu Markina-Xemeingo ezpata-dantza, Legazpikoa, Zumarragakoa eta baita Tolosako bordon-dantza edo Lesakako ezpata-dantza ere. Ezpatekin elkar-lotuta hainbat figura koreografiko egiten dira, eta horien artean badira batzuk Europako bazter askotan ikusten direnak: zubiak, gainetik edo azpitik pasatzea, arrosak, zintzarriak, e.a.
  • Aurrez aurreko ezpata-dantza: "Mock battle" (borroka itxurakoa) izendapena jasotzen dute Mock Battle Plymouthhauek. Dantzariak, bi lerrotako taldeetan antolatuta, aurrez aurre dantzatzen dute, toki aldaketak egiten dituzte eta ezpatak elkar jotzen dituzten zenbait unetan. Euskal Herrian Durangaldeko dantzari-dantzan egiten dira ezpata joko nagusia eta ezpata joko txikia dira multzo honetako dantza adierazgarrienak.


Sword Spectacular lehen motako ezpata-dantzen jaialdia da batez ere. Mock battle motako aleren bat edo beste ikusi bada ere, oro har linked sword dances motako ezpata-dantzen biltzarra izan da.

Ezpata-dantzen ikusmira zabala

Europako ekialdetik Ameriketako mendebaldera, Norvegiatik Italiara, ezpata-dantzak tradizioz jasotako moduan dantzatzen dituzten taldeetatik hasita ezpata-dantzen alorrean sorkuntza berrietan murgilduta dabiltzan taldeetaraino, ikusmira bikaina eskaini digu Sword Spectacular jaialdiak.
 

Uberlingen sword spectacular

Alemaniako Überlingen hiriko taldeak adibidez, 350 urtez etenik gabe dantzatu du bere herriko ezpata-dantza. Herri horretan ezpata-dantza dantzatzen zela erakusten duen daturik zaharrena 1646koa da. Austriako St. Martin taldearekin batera, Überlingen-eko taldeak irudi militar petoa erakusten zuen bere dantzakera eta mugimenduetan. Tradizio luze horren eta tankera militarraren erakusgarri, pifano eta danborrekin dantza egiten duela gaur egun ere.

Danbor hotsak

Perkusioa, danborren nagusitasuna agerikoa da ezpata-dantza askotan. Alemania, Austria, Italia eta Beljikakoen ezpata-dantzetan doinu soilak nagusitzen dira, baina danborrekin erritmo martzial

Sword-Spectacular-Komna.jpg

eta errepikakorrak. Italiako Fenestrelleko Bal da Sabrek mediterranioko usaina ekarri zigun ezpata-dantzan, eta aire turkoak antzematen ziren haien janzkeran.  Ezpata-dantza bera ordea, Espainiako beste zenbait ezpata-dantzarekin oso hurbilekoa iruditu zitzaigun.

Bestelakoa izan zen Txekiako Komna taldearen emanaldia. Europako ekialdeko folklorearen aberastasuna eta eszenarako egokitzapen tradizioa uztartzen zituen Komnak, ezpata-dantza bera nahiko soila zen, baina haize musika talde ederra, eta dantzari eta taldekideen zuzendaritza eszeniko bikaina ikuskizuna borobiltzen zuen.

Flandriako ezpata-dantzariak

Beljikatik lau talde ikusi genituen, lauak zein baino zein ikusgarriagoak. Sint-Sebastiaansgilde Westerlo taldeak makilekin eta uztai borobil batekin joko harrigarriak eginez dantzatzen den

Sword-Spectacular-Lange-Wapper.jpg

ezpata-dantza egin zuen, Sint-Niklaas-en izan ginenean bertako taldeari ikusi genion dantza bera. Quevaucamps-eko Les Pas d'la Yau eta Antwerpen-eko gure lagunek, Lange Wapper taldekoek, biek ere, Renaat Van Craenenbroeck-ek berregindako ezpata-dantzak egin zituzten. XX. mendeko ezpata-dantza alorreko espezialista handienetakoa izan zen Renaat, eta datu historikoetan eta folklore konparatuan oinarrituta berpiztu zituen ezpata-dantza horiek. Lange Wapper izan da dudarik gabe jaialdiko talde onenetakoa, bere ezpata-dantzaren osotasun koreografikoa, taldearen sendotasuna eta dantzakera ederrari begiratuz gero.

Ingalaterrako zaharrak

Jaialdiaren zati interesgarrienetakoa Ingalaterrako ezpata-dantza zaharren emanaldia izan zen. Ivor Allsop, ezpata-dantzen adituak aurkeztu zuen atal horretan Flamborough, Grenoside, High Spen Blue Diamonds, Goathland Ploughstots eta Handsworth taldeak, Ingalaterrako ezpata-dantzen tradizio bizien bilduma bikaina ikusteko aukera izan genuen. Dantzakera indartsua eta zorrotza erakutsi zuten denek eta bizitzan gutxitan izaten den aukeraz gozatu ahal izan genuen.

Eta Estatu Batuetako berriak

Boston-etik iritsi zen Orion Longsword. Oinak Ingalaterrako morris ezpata-dantzen tradizioan

Sword-Spectacular-Orion.jpg

dituzte  baina besoekin Estatu Batuetako musik eta dantza garaikidea besarkatzen dute. Dantza tradizionala dantza modernoarekin uztartuta eta ezpata-dantzak jazz doinuen erritmora. Eta dena natural, erraz, arin.

Dunin, Corrsin, Allsop

Igande goizean ezpata-dantzetan berezitutako ikertzaileen hitzaldiak entzuteko aukera izan genuen. Bi hizlari aritu ziren: Elsie Ivancich Dunin eta Stephen Corrsin. Ivor Allsop Ingalaterrako ezpata-dantzetan adituak egin zituen aurkezle lanak. Jaialdia ikustera York-era joandako beste ikertzaile garrantzitsu bat, Ramon Pelinski musikologoa agurtu ahal izan genuen baita ere. Todolellako ezpata-dantzaren inguruko lan mardula burutzen ari da Pelinski.

Ezpata-dantzen alorreko espezialista handienetakoa da Stephen Corrsin. Unibersitate irakasle eta ikertzaile estatu batuar honek idatzi du Europako ezpata-dantzen inguruan gaur egun dagoen laburpen ahalegin interesgarriena. "Sword dancing in Europe: A History". Ezpata-dantzek XVI. mendetik gaurdaino Europan izan duten presentzia eta bilakaera ezagutzeko funtsezko lana da.

Frantisek Pospisil dantza ikertzaile txekiarra izan zuen mintzagai Corrsin-ek. Pospisil 1920ko hamarkadan Europan barrena ibili zen ezpata-dantzak ikusten eta baita filmatzen ere, eta haren nondik norakoak eta mundu gerraren ondorioz bizi izan zituen kalamidadeak kontatu zizkigun. Pospisil Euskal Herrian ere izan zen eta orain hilabete batzuk haren arrastoaren atzetik euskal dantzak berriz grabatzera etorri zen Pragako telebista kate baten berri eman genuen dantzan.com-en.

Kroaziako Korcula irla izan zuen hizpide Elsie Ivancich Dunin-ek. Uharte horretan egiten diren ezpata-dantzen berri eman zigun, bi motakoak, loturazkoak eta baita aurrez aurrekoak ere egiten baitira. Euskal Herrian garai batean gertatatzen zen bezala, familia bakoitzak dantza egiteko ezpata etxean gorde ohi du gaur egun ere Korculan eta dantzatu behar denean etxetik eramaten dute dantzariek ezpata plazara.

Bost orduko emanaldi nagusia

York hiriko erdigunean, aste buru osoan, kalez kale hainbat emanaldi egin ondoren, York Royal

Sword-Spectacular-Kezka.jpg

Theatre-n egindako azken emanaldiarekin bukatu zen jaialdia guretzat. Bost orduko emanaldia programatu zuten antzokian, eta bertan, jaialdian parte hartu genuen 40 taldeok, banan-banan gure ezpata-dantza aurkeztu genuen.

Hori bai, taberna irekita izan zen jaialdiak iraun bitartean, eta barruan adina giro beroa sortu zen kanpoan, taberna aurrean egiten ziren emanaldi espontaneoekin.

Ezpata-dantza betekada ederra hartuta etorri gara etxera, hilabete batzuk beharko ditugu liseriketa astun hau egiteko. Mamitsua benetan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.