Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sarako kabalkadaren bezperetan, 1815eko Turrut-Arrosaren tobera

Dokumentuaren akzioak

Sarako kabalkadaren bezperetan, 1815eko Turrut-Arrosaren tobera

2016/10/05 10:30

Igandean, urriaren 9an, eskainiko da Saran Kabalkada, tobera edo epaiketa antzeztua barne. Albistean idatzi genuen "lehen aldiz antolatu" dela kabalkada Saran, baina Pierre Latasak berehala ohartarazi gintuen okerraz. Dokumentazioa aztertu gabe ere, zuhurtzia apur bat nahikoa genukeen hanka ez sartzeko. Egindako akatsa emendatu nahirik, Saran 1815ean Turrut-Arrosaren inguruan antolatu zen toberaren berri batzuk bildu ditugu. Irisarrin 1937an egindako toberen argazkiekin hornitu dugu testua, hitzek adierazten duten giroa irudien bidez osatzen laguntzeko, baina erne, ez baita hemen Sarako argazkirik, Irisarrikoak 120 urte berandugokoak baitira.

Sara, 1815

Wentworth Webster-ek jaso zuen Sarako Turrut-Arrosaren berri. Saran bertan bizi izan zen Webster hainbat urtez, eta berak jasotako dokumentazioaren artean, 1815 urte inguruan Saran egin zen toberaren berri ematen zuen esku-idatzia aurkitu zuen Xarles Bidegain-ek. William Douglas-ek horren inguruan idatzitakoa baliatu dugu horren berri emateko.

Dantzariak
Bi ilara osatuz, dantzariak Irisarri plazara sartzen dira. Ezkerreko lehena, Jean-Baptiste Ospitaleakoa, bere atzean Urrutia etxekoa eta bere atzeko bigarrena Xalbat, Eiheraxatiarra etxekoa. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

1815 urte inguruan, Sarako Arrosa etxeko jauna, Turrut-Arrosa gaitzizenez ezagutua, laugarren aldiz ezkontzera zihoan. Aurreko hiru emazteak erditzerakoan hil ziren, eta gizonak, adinean aurrera joan arren, laugarren aldiz ezkontzea erabaki zuen. Hainbat gautan, Sarako gazteak Arrosa etxearen inguruan batu eta adar-turrutak jotzen zituzten. Senpereko eta Zuraideko gazteak ere etorri ziren beren soinu tresnekin zarata egitera. Gizonak entzungor egin eta laugarren aldiz ezkondu zen. Orduan gazteek erabaki zuten toberak egin behar zizkiotela.

Jujeen karrosa
Jujeen karrosa. Irisarri, 1937. Argazkia: eke.eus - Aña Idieder

Turrut-Arrosaren epaiketa

Sarako plaza jendez gainezka zegoen ezarritako egunean. Jean Louis Mikeleperitz makilaria aurretik zela sartu zen plazan kabalkada.

Dantzariak
Irisarri, 1937. Danbor-nagusia, Erramun Harreguy Poxulukoa. Ezkerrekoa bizkarrez, Henri Mehaberrikoa, eskuinekoa Benat Bordagaray Bordatenekoa. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Dantzari eta pertsonaien artean, ezkon-berrien plantak egiten zituen bikote mozorrotua zen. Urtxokok egin zituen Turrut-Arrosa-ren plantak. Tribunala prest, epaiketarako dokumentazioa zekarren kurrierra, zaldun-postaria falta zen, eta epaileak beste kurrier bat bidali zuen bila.

Jujeak oholtza gainean
Irisarri, 1937. Jujeak oholtza gainean. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Piarres Adamek kantatu zuen lehen bertsoa:

Jaun jujeak igorri du Kurrier berria
Ustez eta izanen den lehengoa baino hobia
Sorhoteneko atean dago zalditik eroria.

Zaldunak
Zaldunak. Ezkerretik eskuinera, Manex Larrabordakoa eta Manex Paxkoineakoa. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Gertaerak eta frogak, irriz eta trufaz antzeztu ondoren, tribunalak ebatzi zuen Turrut-Arrosa zikiratu egin behar zela. Piarres Urttek egin zituen zikiratzaile lanak. Bortxaz mahai baten gainean etzan zuten Turrut-Arrosaren plantak egiten zituen Urtxoko, eta oihu eta zalaparta handiz zikiratu zuen Urttek, indarrez jaurtiz jendartera txekor batek barrabilak Turrut-Arrosarenak zirelakoan.

Iruleak
Irisarri, 1937. Bikotea. Emaztea, Iraburukoa. Gizona, Azkona deitua eta Espainiatik etorria, etxez etxe ibiltzen zen. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Piarres Adamek egin zuen bertsotan:

Berriz gertatzen bada okasione horretan
Bizirik ehortzi beharko dik teilariako errekan
Eta besta eder bat egin jaun horren ohoretan.

Koblariak
Irisarri, 1937. Koblariak, Larralde luhusoar eta Larramendy Indartekoa, eta Piarre Ilandeikoa andere zuriz. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Turrut-en emaztea haurdun itxuran ageri zen, eta Senpereko medikua, Latapei deitu zuten. Medikuak lagunduta katu bat erditu zuen. Piarres Adamek segi zuen bertsotan:

Latapie jaunak ederki
Nola futre sakerdi
Gizon gibel zurien andrerik
Ez ditake ongi erdi.

Andere xuri
Irisarri, 1937. Zuriz: Battita Harnabarrekoa eta Xenan Eiharazabalekoa. EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Kabalkada-Toberak

Xaribariak, karrosak, asto-lasterrak edo tobera-mustrak ekitaldi mota beraren tokian-tokiko izenak dira denak. Baina zer dira? Epaiketa-antzerki bat dago guztien oinarrian, eta garaiko gizarte arau moralak hausten zituztenak epaituz gizarte kontrola ezartzen zen horien bidez. Emakume baten kontrako eraso edo bortxaketa, etxeko jaunaren edo senarraren autoritatea kolokan jartzen zuten emakumeak, bikotetik kanpoko harremanak izaten zituztenak.... horrelako gisakoak epaitu ohi ziren xaribarietan. Herritarrak asaldatuta sentiarazten zituzten gertaeren berri izaten zenean, karrosak antolatzen ziren, gizarte arauen urraketa publikoki agertu eta zigortzeko. 

Ikuslierrak iguzkitan
Irisarri, 1937. Ikusleak aterkiekin babesten dira eguzkitik. EKE.org, Ana Idieder, CC-BY-SA.

Jujia (epailea), grefierra (idazkaria), kridia (defentsa abokatua), apezabereterrak (apaizaren laguntzaileak), kurriera (postaria, zaldigainekoa) eta bertsolaria ohiko pertsonaiak izaten ziren epaiketan. Prozesua atalka antzeztu ohi zen, eta atal bakoitzaren aurretik eta ondotik dantzak izaten ziren plazan. Ekitaldia kabalkadarekin hasi ohi zen, pertsonaia guztiek, dantzariek eta musikariek herriko kaleak pasatzen zituzten dantzan eta desfilatuz, eta tobera antzeztu eta dantzatu ondoren ere, kabalkadarekin bukatzen zen ekitaldia.

Zapurrak plazan sartzen
Irisarri, 1937. Zapurrak plazan sartzen. Eskuinean, Xarles Soulé (Peioren aita) eta Batita Soulé (Xarlesen anaia). EKE.eus, Ana Idieder, CC-BY-SA.

2016/10/06 23:52
Milesker artikulu honentzat! Biziki zehaztatua da!! Orain dena argi da. Bikain !

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Sarako kabalkadaren bezperetan, 1815eko Turrut-Arrosaren tobera

Toberak Irisarrin 1937an. Eke.eus - Ana Idieder