Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Badator argia, sanmigelak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Badator argia, sanmigelak dantzan

2021/09/29 09:45
Badator argia, sanmigelak dantzan

Dantzari-dantza, San Migel, azken entsegua, Iurreta, 2021-09-21. Argazkia: Txebi Arriaga

Gaur irailak 29, San Migel eguna dugu; dantzak protagonismoa hartzen duen festa egun handia Euskal Herriko hainbat herritan. Aurtengoan, jairik ez, baina Igantzi, Iurreta eta Cortesen dantzatuko dira; Iruran pasa den asteburuan irten dira gazteak plazara dantzara. Markina-Xemeinen, berriz, ez festarik, ez dantzarik ez da izango.

Iurreta, Igantzi eta Cortesen dantzak gaur

Iurretan, atzo, hasi dira dantzan, ohitura den legez azken entsegua egin baitute plazan San Migel bezperan. Dantzari-dantza eta erregelak dantzatu dituzte, eta gaur eguerdian ere hala egingo dituzte. Normalean, San Migel egunez bi saio plazaratzen dituzte, baina aurten arratsaldean ez dira dantzatuko. Datorren igandean, berriz, Gorularien estanpa eta dantzak eta soka-dantza eskainiko dituzte.

Igantzin, azken unera arte zalantzan ibili dira irten edo ez irten Udalarekin negoziatzen, eta, azkenean, dantzariek beren gain hartu dute ardura. Horrela, goizeko karrika buelta egingo dute eta meza ondorenean ezpata-dantza eta makila-dantzak emango dituzte. 

Cortesen gaur arratsaldean, 18:00etan, Cortesen paloteadoa eskainiko dute eta internetez ikusteko aukera ere izango da. Emanaldia Cortesko udal parkean izango da, edukiera mugatuarekin.

San Migeletako dantzak dagoeneko plazaratu dituztenak irurarrak dira, asteburuan atera baitira gazteak baserriz baserri eskean eta dantzan, eta eguerdian plazan dantza-soka egin dute. 

Irura dantza-soka
Dantza-soka, Irura, 2021-09-25. Argazkia. Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Markina-Xemeinen, berriz, udalaren berme eza dela eta, bertako jaiak antolatzen dituen elkarteak ez ditu jaiak ospatuko, eta, beraz, aurten ez da dantzarik plazaratuko. Ohiko egoeran, eguerdian ezpata-dantza eta aurreskua dantzatzen dira, baita arratsaldea iluntze aldera ere, eta San Migel eguna mahai-gainekoa dantzatuta biribiltzen dute.

Sanmigelak dantzan 2021

Irura

  • Irailak 25, 9:00etan eskea baserriz baserri eta 13:00etan plazan dantza-soka.

Igantzi

  • Irailak 29, 10etan karrika-buelta eta meza ondorenean ezpata-dantza eta makila-dantzak.

Iurreta

  • Irailak 28, 18:30ean, azken entsegua: dantzari-dantza eta erregelak.
  • Irailak 29, 12:30ean dantzari-dantza eta erregelak.
  • Urriak 3, 12:45ean gorularien estanpa eta dantzak eta aurreskua.

Cortes

  • Irailak 29, 18:00etan paloteadoa, udal parkean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.