Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eire Vila San Migelak Igantzin: ezagutzen ez genuen ezpata-dantza baten peskisan

Dokumentuaren akzioak

San Migelak Igantzin: ezagutzen ez genuen ezpata-dantza baten peskisan

2014/12/19 10:35
San Migelak Igantzin: ezagutzen ez genuen ezpata-dantza baten peskisan

Igantziko ezpata-dantzariak, XX. mendearen lehen zatian. Amadeo Arretxeak utzitako argazkia.

San Migel eguna toki askotan ospatzen da. Hala, San Migel egunez toki askotan dantzatzen da. Orain urtebete, San Migeletan egiten diren zenbait dantza zerrendatu genituen dantzan-eko albiste batean. Eta momentu hartan konturatu ginen Igantziko ezpata-dantza oso ezezaguna genuela, ezezagunegia. Horrela, hurrengo urterako erronka finkatu genuen. 2014ko irailaren 29an, Igantzira joango ginen. 

Iritsi zen 2014, eta iritsi zen iraila. Eta handik eta hemendik tira eginez lortu nuen Igantziko txistulari eta dantza maisuaren kontaktua, Amadeo Arretxea (bide batez, aprobetxatu nahi dut, eta eskerrak eman kontaktuak lortzen eta gure lana errazten laguntzen diguzuen guztiei).

2014-09-29_Igantzi-San-Migel-ezpata-dantza_EV-4859
Igantziko dantzariak. Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA

Herri txikia da Igantzi, xarmaz betea. Goizeko 10etan dute hitzordua herriko dantzari eta txistulariek udaletxeko arkupetan. Ezpata-dantzariak zuriz hurbiltzen dira hitzordura, eta arkupetan janzten dituzte apaingarriak (bandak, txintxarriak...). Mutil kopuruaren arabera, ezpata-dantza 9 edo 13 mutilez osatua izaten da. Aurten, 9 mutilez osatutako ezpata-dantza atera dute.

2014-09-29_Igantzi-San-Migel-ezpata-dantza_EV-4836
Igantziko dantzariak. Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA
Igantzin badago dantza taldea. Eta San Migel egunez ezpata-dantza ateratzeko ardura duten mutil gehienak taldea utzita duten arren, beste zenbait, taldeko helduenak dira. Baina mutilen ondoan, bada neska talde bat ere. Neskak aldiz, denak daude dantza taldean. Uda hasieran hasten dira dantzak prestatzen. Mutil gehienek badakizkite dantzak, azken 7-8 urteetan gazte berdinek dantzatu baitute. Aurten, mutil berri bat sartu da ezpata-dantzarien taldean, baina urratsak txikitatik ikasten dituztenez, nahikoa izan dute astean behin ensaiatzen.

2014-09-29_Igantzi-San-Migel-ezpata-dantza_EV-4850
Amadeo Arretxea (eskuinean) Igantziko musikarien artean. Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA
10:30ak pasata, herriari buelta emateari ekiten diote. Makilak elkarri emanda osatzen dute lehenik taldea mutilek. Atzetik, txistulari taldeak laguntzen die, eta azkenik neskak, bi ilaratan, krikitinekin dantzan jarraitzen diete. Bidean hiru dantza egiten dituzte, nagusia, lasaga eta abelu

2014-09-29_Igantzi-San-Migel-ezpata-dantza_EV-4842
Igantziko dantzariak. Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA
Herriari bueltatxoa eman ostean, berriro ere Herriko Etxearen aurrean biltzen dira eta 11:30 inguruan, bandera jeisten dute udaletxetik, Udalbatza, txistulari eta dantzariek elizara eramateko.

Meza ostean, dantzek berriro hartzen dute protagonismoa. Herritar guztiak eliza kanpoan dagoen plaza txikian biltzen dira, dantzariei toki zabala utziz. Lehenik, Bandera dantzatzen da. Ondotik, dantzariek, Igantziko ezpata-dantza eta makil-dantzak egiten dituzte eta gero, neskek egiten dute dantza, urtero dantza desberdinak. Amaieran, eta kultur ekintza ia ororen ostean gertatzen den bezala, guztiak elkarrekin bazkaltzera joaten dira.

2014-09-29_Igantzi-San-Migel-ezpata-dantza_EV-4987
Igantziko musikariak eta dantzariak. Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA
Amadeo Arretxea Igantziarra da. Txistu eta gaita irakaslea, baita dantza-maisua ere. Hainbat taldetan aritzen da dantza irakasten Iparraldean eta Nafarroan, besteak beste; Zuraide, Kanbo, Sara, Etxalar eta Igantzi bertan ere. Txikitatik ikasi zuen txistua jotzen eta dantzan. Gero, 19-20 urterekin hasi zen dantza irakasten.

Igantzin ezpata-dantza dantzazen zela bazekiten, 1936ko gerra aurreko argazki eta dokumentuek hori egiaztatzen dute. Herriko Etxean aurkitutako zenbait dokumenturen arabera, polainak eta espartzinak ordaintzen zituzten paperak agertzen dira, eta ezpatak ere bertan egoten ziren, eta dantzatzeko beratatik hartzen zituzten dantza hasi aurretik. 
Igantzi-Amadeo-Arretxea_351.jpg
Igantziko ezpata-dantzariak, XX. mendearen lehen zatian. Amadeo Arretxeak utzitako argazkia.
Ez dago jakiterik noiz utzi zioten San Migel egunez dantzatzeari. Gerrak moztu zuen ezpata-dantzaren jarraipena, baina gerraren ondotik, Lesakatik etorritako Juanito Harriari esker berreskuratu zen, nahiz eta berak Lesakan egiten den berdina erakutsi. Amadeo Arretxeak kontatu digunez, agirietan irakurri ahal izan dute, urte batzutan herrian musikaririk ez zegoela eta kanpotik ekarri behar izan zirela. Musikarien falta ere izan zen ezpata-dantza ez egitearen arrazoi nagusia zenbait urtetan. 

Igantzi-Amadeo-Arretxea_354.jpg
Igantziko ezpata-dantzariak, XX. mendearen lehen zatian. Amadeo Arretxeak utzitako argazkia.
Datu guzti hauekin, herriko nagusiei galdetuz, ezpata-dantza berreskuratzea erabaki zuten Igantzin. Hala ere, argazkiez gain, datu gutxi zituzten, beraz herriko nagusiengana jo eta haien laguntzarekin osatu zuten ezpata-dantza garai bateko moldera hurbiltzeko asmoz. Nagusien ahotan Igantziko ezpata-dantza Lesakan egiten zenaren oso antzekoa zen.

Igantzi-Amadeo-Arretxea_352.jpg
Igantziko ezpata-dantzariak, XX. mendearen lehen zatian. Amadeo Arretxeak utzitako argazkia.
Horrela, argazkiak erreferentzia bezala hartu eta Lesakako (eta Euskal Herriko beste hainbat ezpata-dantzen) egitura berbera mantentzea erabaki zuen. Beraz, urratsa aldatu eta horrela berreskuratu/berregin zen duela 15 urte Igantziko ezpata-dantza. Urtetik urtera gauzak gehitzen joan dira. Hasiera batean ezpata-dantza bakarrik egiten zuten. Beranduago hasi ziren herriari buelta ematen, eta azkenik makil-dantzak plazaratu zituen. 

Igantzi-Amadeo-Arretxea_349.jpg
Igantziko ezpata-dantzariak, XX. mendearen lehen zatian. Amadeo Arretxeak utzitako argazkia.
Aipatu dut, goizean herriari buelta ematen diotela. Bada momentu bat, talde guztia geratu eta argazkia ateratzeko erabiltzen dutena. Zergatik? 1940 baino lehenago ateratako argazki bat errepikatzea dute helburu (data zehatzik ez da). Toki berean, posizio antzerakoan kokatu eta urtero urtero argazkia ateratzen dute. Hona hemen aurtengo eta 1940 baino lehenagoko argazkia. Bada diferentziarik? 

2014-09-29_Igantzi-San-Migel-ezpata-dantza_EV-4864
Igantziko dantzariak eta musikariak. Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA

Igantzi-Amadeo-Arretxea_353.jpg
Igantziko dantzariak eta musikariak Besta Berri egunez (1940 baino lehenagoakoa).

Igantzi, San Migel eguna 2014:

Erlazionatutako elementuak
Igantzi: San Migel 2014 Ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eire Vila

Eire Vila

Elgoibarko dantzaria Haritz dantza taldean. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan ere aritzen naiz. Dantzan ez banago, kamara eskuan daukadalako da.

@eirevila


Babestu dantzan.com