Dokumentuaren akzioak
Bidador pastoralaren prestaketa lanak azken txanpan sartu dira
Joxemiel Bidadorren omenez urriaren 10ean egingo den pastoralaren prestaketa lanak amaitzen ari dira Iruñean eta salgai dago bertarako sarrera moduan balioko duen informazioz jositako liburuxka ere.
Urriaren 10ean Burgoen plazan estreinatuko den ikuskizunari azken ukituak ematen ari dira egunotan Duguna Dantza Taldea, Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki eta Karrikiri Elkartea. Joxemiel Bidador historialari, filologo, dantzari, ikertzaile, irakasle eta idazle iruindarra zena eta Iruñeko euskaldunak omendu nahi dituzte pastoral honekin, antolatzaileen esanetan "berak, bere obraren bidez, gutxik bezala agerrarazi baitzuen Iruñeko euskaltzaleen izaera organikoa eta kolektiboa".
Zuberotar moldean oinarrituta, baina berezitasun batzuekin Iruñean ekoizten den lehen pastorala da honakoa eta arizale, kantari, dantzari, musikari eta gainerako parte-hartzaileak "Bidadorren ibilbidearen glosa" egingo dute 2 orduz, antzerkia, dantza eta kantua nahasten dituen ekoizpen honetan.
Liburuxka salgai
Iruñeko Karrikiri Euskaldunon Topaguneraren dendan dago salgai pastoralerako liburuxka-sarrera 10 euroren truke. Honetan Bidadorren biografia, pastoralaren fitxa-teknikoa, parte hartzaile eta laguntzaileen zerrenda eta pastoralaren testua biltzen dira. Jon Alonso aritu da gidoigintza lanetan eta abestien hitzak, aldiz, Mixel Etxekoparrenak dira. Zuzendari lanetan Aritz Ibañez eta Ihintz Iriart ari dira eta hauekin batera Kike Diaz eta Patxi Larrion aritu dira lanean. Tuterako Erraldoien Konpartsa eta San Lorentzoko danzanteen parte-hartzea ere izango da, Joxemiel Bidador bi talde horietako parte izan baitzen. Gainontzeko aktore, dantzari eta kantariak Iruin-herriko 40 lagun amateur izango dira.
Hona Jon Alonsok, Ihintz Iriartek eta Kike Diez de Ultzurrunek maiatzaren 8an egindako Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak pastoralaren aurkezpenaren irudiak.
Informazioa: Joxe Miel Bidador Pastorala
Dokumentuaren akzioak