Dokumentuaren akzioak
Patxi Montero: “Plazako dantzak aberastea izan da nire helburua”
Plazara dantzara Patxi Montero eta Alboka taldearekin, Ezozi, 2019-04-12. Argazkia: Oier Araolaza. Dantzan - CC-BY-SA
Aldarrikapen edo errebeldia puntu batetik abiatu du Patxi Monterok Euskal Herriko plazetarako dantza berriak proiektua. Hala azaldu du Sortutakoak 8 deialdira aurkeztutako lana Gipuzkoako Dantzaguneako sortzaileen leihoan. Izan ere, sorkuntzarekin burura etortzen zaiguna gehienetan ikusgarria da, baina sorkuntza beste eremuetara ere eman daitekeela dio. “Sorkuntza plaza baterako edo elkarrekin ondo pasatzeko ere oso erabilgarria da eta bere lekua dauka”.
Dantzaldien gorakada
Dudarik gabe plazan dantza egitea osasuntsu dagoela dio, “indarra hartzen ari da eta itxura dauka parentesi hau amaitzean osasuntsu eta indartsu jarraitzekoa”. Horren adibide dira Euskal Herrian astero dauden hitzorduak. Bolada batean galzorian egon ziren plazetako dantzaldiak, baina azken urteetan ugaritzen ari dira, “ederra da dinamika hori berreskuratu izana”.
Gaurko dantzaren paradigmak ez dauka agian garai bateko karga protokolariorik, egun jendea elkartu eta ondo pasatzeko dantzatzen dela ikusten du. Testuinguru horretan dantzaldiak eta dantzazaleak ugaldu dira, baina dantzarako erabiltzen den errepertorioa ez da neurri berean ugaritu. Abiapuntu horretatik hasi du lana.
Guretik sortuz
Euskal Herriko eremu geografikoaren arabera trikiti erromeriak, jauziak edota mutil-dantzak aurkituko ditugu plazetan. Nahiko eredu finkoak dira, baina ematen dira berrikuntzak. Monterok dibertsitatea badagoela dio, baina globalizazioaren eragina sumatzen du. Salbuespenak salbuespen, ikusten du berritzeko kopiatu egiten dela eta ez sortu.
“Herri bezala dantzatzen duguna gara” eta Euskal Herriko musika eta dantza tradizioak tresna aberatsak eskaintzen ditu sortzeko. Jendeak bere sentitzen duen musikarekin eta guk daukagun ondareari balio berria emateko bideari heldu behar diogula dio Monterok. “Aldarrikatzen dut euskal musika ondare oso aberatsa dela, kantu-jiretako erabiltzen da baina dantzarako oso gutxi”. Sokan dantzatzea gutxi ikusten dela dio, edo irradakan dantza egitea. Joko dantzen eremua ere apenas erabiltzen da eredu bezala. Ingurutxoen edo kontra-dantzen sistemak ere aukera aberatsak eskaintzen ditu dantza berriak sortzeko. Lotuan, jauzietan, soltean ere badago non sortu.
Dantzaren irakaskuntzan eta dantzaldietan hamar urteko esperientzian du Monterok; Herrixa Dantzan ekimenaren sortzailea da. Dantza proposamen berriak sortu eta plazaratzeko zaletasuna eta bultzada daukala dio. Horretan ibiltzen da, aniztasun handia egon dadin, “plazako dantzak aberastea izan da nire helburua”.
Dantzarako proposamen berriak
Aukeratutako proiektuaren nahia adibideak ematea eta sorkuntza molde hori sustatzea da. Egindako sorkuntzak aurkeztu eta sistema horretan sormena bultzatzea da asmoa; “beste batzuk ere anima daitezen plazarako musika eta dantza berriak sortzen”.
Ez dugu ahaztu behar plazako dantza dela oinarria. “Dantza taldeek plazatik edan dute eta konpainiek hortik abiatu eta sorkuntzak egiten dituzte”. Abiapuntua herritarrak plazan, kuadrillan, familian... dantzatzea da. “Lotua, soltea, kontra-dantzak... etorri ziren eta geratu ziren”, beti hartu izan dira kanpoko dantzak eta gure egin izan ditugu. “Euskal dantzaren hizkuntzan sortzen jarrai dezakegu, berezkoa da, beti egin izan da”.
Proiektuan sortutako dantza bilduma bat proposatu du eta horretarako euskal tradizioko dantza hizkuntza edo moldeak erabili ditu. Euskal Herriko plazetako errepertorioa aberastu nahi du. Aukera dagoenean proiektua aurkeztuko du dantzaldien bidez, “dantzaldietan txertatuko ditut proposamen berriak eta joango gara aurkezten, xaxatzen, sustatzen”.
Amaitzeko, bilduman jaso dituen hainbat musika erakutsi ditu eta pieza bakoitzarekin sortu dituen dantzak azaldu ditu. “Gureak diren musikak hartu eta konbinazio berriak sortu ditut eta oso ondo funtzionatzen dute”. Horrekin, sinpletasun dotorearen bilaketa azaldu du. Lanketa handia eskatzen duen kontua da, izan ere plazan dibertsitate handia dago, “lortu behar da dantzan eskarmentua duena ez aspertzea eta berria denari ezinezkoa ez egitea”.
Dokumentuaren akzioak