Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 50. urteurrena etxetik ospatzen ari da Oñatz

Dokumentuaren akzioak

50. urteurrena etxetik ospatzen ari da Oñatz

2020/04/08 10:00
50. urteurrena etxetik ospatzen ari da Oñatz

Korpus dantzak, arku-dantza, Oñati, 2018-06-02. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Berezia izaten ari denik ezin ukatu. 50. urteurrena ospatzeko hamaika ideia berrirekin abiatu dute 2020a Oñatiko dantzariek, baina dena pentsatuta eta antolaketak oso aurreratuta zituztela, irudimenari oraindik gehiago eragin beharrean aurkitu dira. 50. urteurreneko ekintzak berrasmatzeaz gain, Oñatiko dantzarientzat plazaratze une gorena diren Korpusetan zer gertatuko den ere airean dago, “ezjakintasuna da gure kezka nagusia” dio Maite Irizar Oñatzeko kideak.

Hiru aste itxita eta etorriko direnak

Martxoaren 14-15eko asteburuan erabaki zen, Eltzia, Oñatiko kultur espazioa eta dantzarien entsegu lekua ixtea. Erabiltzaile guztiek ikusi zuten itxi beharra zegoela eta hala egin zuten, horrela entsegu guztiak bertan behera gelditu ziren, baita asteburu horretan, Oñatz 50 urteurrenaren baitan, haurrentzat antolatuta zituzten hainbat ekintza ere.

Oñatz dantza taldearen 50 urteurrena ospatzeko urte osoko egitaraua prest zuen dantza taldeak. Hilero arlo bati emana diote protagonismoa eta gai horri lotutako ekintzak antolatu dituzte hilabete bakoitzerako. Momentuan martxoko, apirileko eta maiatzeko ekintzak moldatu edo bertan behera utzi dituzte. Haurren, arropen eta konpartsen hilabeteak hain zuzen ere.

Zer da oñatz?
Ospakizuneko bigarren ekitaldia, Zer da Oñatz? Oñati, 2020-01-22. Argazkia: Oñatz dantza taldea

Egokitu ahal dena

Itxialdian ekintzekin jarraitzeko zenbait ideia ere atera dira Oñatz 50 urteko antolakuntza taldean. Maiatzaren 2an haurrek egindako erraldoien erakusketa eta Konpartsa txiki bat egitea aurreikusita zuten. Horretarako martxotik maiatzera bitarte, haurrentzako erraldoi tailerra ere antolatuta zuten eta orain erraldoiak egiteko jarraibideak bideo bidez zabaldu dituzte, "bakoitzak berea etxean egin dezan".

Apirilean, berriz, Ramon Garciaren arropen erakusketa eta hitzaldiak zituzten prestatuta, baina oraingoz ezingo dira aurrera atera. “Bertan behera gelditu diren ekintzak aurrerago egin nahiko genituzke, baina badakigu herrian beste hainbat talde daudela gure egoera berdinean eta agenda moldatzea zaila izango da”. Egoera argitu bitartean ezin dutela ezer egin eta gero lehentasunak markatu beharko direla dio Irizarrek.

Korpusei begira

Ekainaren 14an, igandean, izango litzateke aurtengoan Oñatiko korpus jaietako egun handia. “Berez data hauetarako buru-belarri entseatzen egon beharko lukete dantzariek eta ez da horrela”. Hala ere nahiko lasai daude, izan ere azken hiru urteetan, urtean zehar bi astetik behin entseatu dituzte Korpus dantzak, bereziki orain arte inoiz irten ez diren dantzariek.

“Dantza aldetik baino forma fisikoak kezkatzen gaitu baina ahal bezain laster, urtero egiten dugun moduan, mimo handiz prestatuko ditugu dantzak”. Irizarrek ikusten du ez dakitela jaia ospatzeko egoeran izango diren eta aukera egonda ere “erabakia ez dagokie dantzariei, udalak, elizak eta kofradiak erabakiko luke jaia ospatu edo ez”.

2018-05-21_Onati-korpus-ensaioa_EV-023-r
Korpus dantzen entsegua, Oñati, 2018-05-21. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Dantzan Gara Bizi

Ikusita asteroko entseguak ere bertan behera gelditu direla, entseguak mantentze aldera, “Dantzan Gara Bizi” lemapean bideoak publikatzen hasi dira. Dantzariek etxean dantzatutako irudien zatiekin osatuko dituzte bideoak, gero taldeko kideen artean zabaldu eta bakoitzak etxean entseatzeko.

Datozen asteetan hitzartuta zituzten emanaldiak ere buruan dituzte, hainbat auzotako festetan gaztetxoen taldeek dantzatzen baitute. Auzoren batetik abisatu die festak ez direla ospatuko eta “besteak ikusi egin behar, denborak esango du”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.