Dokumentuaren akzioak
Oñatz dantza taldea 50. urteurrenean- apirila
Urte oparoa kolorez bustita hasi genuen, eta udaberriari ondo etorria eman genion kantuz eta dantzaz. Zoritxarrez, baina, mundu mailako pandemia honek eragin digu 50. urteurreneko martxoko ekitaldia bertan behera uztea. Eta, hori gutxi ez eta, guztiok dugun ezjakintasun berberaz gaude; izan ere, ez dakigu noiz itzuli ahal izango dugun kalez kale dantzatzera.
Hori guztia aldatzerik ez dugun arren, handia izaten jarraitzen du gure dantzarako eta gizaldi erdiko urteurrena ospatzeko grinak, eta garai honetarako eta geroagorako proposamenen berri ematera gatozkizue.
Batetik, garai honetarako proposatzen dizuegu sare sozialen bitartez egiten dihardugun proposamenez gozatzea. Martxoa amaiera aldera, adibidez, eman genizuen etxean buruhandi bat egiteko ideia, hilabeteko protagonistak <<taldeko gaztetxoak>> gogoan hartuta. Bertan ikus dezakezue zer material erabilita egin dezakezuen zuon gustukoena den buruhandia. Ederra litzateke kalera ateratzeko garaian horiek guztiak kalez kale ikustea eta herrian horren garrantzitsuak ditugun kale bazter guztietako jaiak girotu eta koloreztatzea.
Proposamen horretaz gain, gure sare sozialetan egin dezakezue, baita ere, orain arte eman dugun guztiaren jarraipena: momentu ederrak gogora ekartzea da une zailei aurre egiteko era egokia. Twitter: @oinatzdantza; Facebook: oinatzdantza; Instagram: @oinatzdantzataldea.
Bestetik, berriz, epe gogaikarri hau pasatzen denerako hainbat kontu ditugu, eta aurreratu gura dizkizuegu. Alde batetik, saiatuko gara martxoko egitarauan jasotakoari data berria jartzen eta gaztetxoekin batera egun handia ospatzen. Beste alde batetik, datozen bi hilabetetarako ditugun ekintzen berri eman gura dizuegu, eta, nahiz eta atzeratuko diren, akaso, data berri bana jartzeko asmoa daukagu, baita horiei ere.
Azkenik, apirila eta maiatzerako gertatuta genituen proposamenen errepasotxo bat egin gurako genuke, nahiz eta, esan moduan, akaso atzeratuko diren, dantza eder batek sortarazten duen barne uholde pozgarria eragiteko. Apirilaren 23rako daukagu Ramón Garcíaren erakusketa gidatua, berak aurrez Kultur etxean jarriko duen jantzi dantza erakusketaren inguruan. Esan barik doa: apirila da dantzarako jantziak ikusteko eta horien berri izateko hilabetea.
Eta maiatzerako, berriz, erraldoi eta buruhandien hilabetean, eskuz eta etxean egindako proposamenen erakusketa izango genuke hilaren 2. egunean eta hurrengo eguzkia ateratzerakoan, berriz, hilaren 3.ean, hain zuzen, Tolosa, Legazpi, Oñati eta Atzeko kaleko konpartsen kalejira zoragarria dultzainen soinu eta guzti.
Hortaz, dantzatu ezazue etxean erritmoa galdu barik, eta gogoan hartu, mesedez, kaleratu orduko argitaratuko ditugula ekintzontzako data berriak.
Besarkada handi bana.
Iñigo Murgiondo Agirre
Oñatz 50 komunikazio taldea
Dokumentuaren akzioak