Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Makilak eta arkuak, basotik dantzara

Dokumentuaren akzioak

Makilak eta arkuak, basotik dantzara

2023/11/24 07:50
Makilak eta arkuak, basotik dantzara

Udaberri dantza taldea hurritz uztaiak prestatzen, Altzo. Argazkia: Udaberri

Urriko ilargi berriarekin dantzarako uztaiak prestatzen ibili dira Tolosako Udaberri dantza taldekoak. "Gure materiala saiatzen gara gu gure kasa egiten, bai ezpelezko makilak behar ditugunean, bai uztaiak behar ditugunean, baita konponketak ere. Uztai txikiak askotan puskatzen zaizkigu eta normalean 2-3 urtean behin joaten gara egitera".

Artea hurritz makilak
Arteako dantzari gazteak hurritz makilak prestatzen, Errege Bidea, Artea, 2023-11-18. Argazkia: Ixone Aroma

Bizkaian, Artean ere badakite urriko ilberria dela garai onena, baina azaroko ilgora aprobetxatu dute, pixkatxo bat izerdia duenean ere justu hurritzarentzat ona izaten omen da eta. "Talde berria da gurea, irailean hasi gara guraso elkartean antolatuta eta 20 inguru apuntatu dira, 4-7 urte bitartekoak. Materialik ez eta orduan pentsatu genuen polita izan ahal zela basora joatea makila bila".

Udaberri hurritz uztaiak
Udaberri dantza taldea hurritz uztaiak prestatzen, Altzo. Argazkia: Udaberri

Tresnak egitea baino gehiago

Ixone Aroma (Durango, 1982) Artean bizi da eta Aizpea Etxebarriarekin batera dantza-irakasle lanetan hasi berri da gaztetxoekin. Talde berriarentzako dantzarako materiala egitea da helburua, baina ez hori bakarrik, "batez ere talde kohesioa lantzeko, alderdi ludikoa ere bai, komunitatea egiten joateko. Eta gero alde pedagogikotik ere iruditzen zitzaigun gauza asko landu ahal zirela". Makila bila egindako irteeran Arteako Errege Bidean gora abiatu ziren eta herri basoan moztu zituzten hurritzak, eremu horiek ume askorentzat ezezagunak ziren. Horrez gain, toponimia landu dute eta baita landare eta zuhaitzen izenak ere, haurrek identifikatu beharra baitzuten zein zen moztu beharrekoa.

Artea hurritz makilak
Arteako dantzari gazteak hurritz makilak prestatzen, Gurtubai, Artea, 2023-11-18. Argazkia: Deiene Gurtubai

Xanti Nazabalek (Tolosa, 1996) dio aurreko dantzari belaunaldiek horrela egiten zutela. Beraiek hori jaso dutela eta horri segi diotela. Altzora joan ohi dira, lehen Udaberri dantza taldean txistulari ibilitako baten etxera, Jauregi-berri baserrira, "hurritz arbola dezente ditu etxe inguruan eta hala hots egiten digu mozteko beharra dagoenean eta guk arku beharra badugu ba han joaten gara". Hor bada trukea, "auzolana bezala da, festa giroan. Lana izan arren lagunartean gustura egiten dugu. Aitzakian hamaiketakoa egin eta... kar, kar, kar!".

Udaberri hurritz uztaiaak
Udaberri dantza taldea hurritz uztaiak prestatzen, Altzo. Argazkia: Udaberri

Erosi beharrean iruditu zitzaien askoz politagoa zela umeekin basora irtetea, gainera landa eremuan bizita nahiko erraza izan dela dio Aromak, inausketarako artaziak eta beharrezkoak diren erremintak edonork baititu etxean. Erraza eta aldi berean esanguratsua izan dela uste du, "badirudi horrelako gauzak gero eta gutxiago egiten ditugula eta errazago jotzen dugula sistema kapitalistaren zurrunbilo horretan erosi eta ekarri eta listo".

Ilargiari begiratuta

"Guk aprobetxatzen dugu urriko ilberria hurritza mozteko. Azarokoa ere ona omen da, baina gu normalean urrian joaten gara", lehengoak zubiarekin kointziditu zuenez hori aprobetxatu zuten tolosarrek. Nazabalen gurasoak ere dantzan ibilitakoak dira eta haiek ere hala egiten zutela dio, "haiek erakutsi digute ze material erabili, noiz moztu eta beraiek nola joaten ziren. Bakoitzak bere garaia behar izaten du, bestela ez da berdina ateratzen eta dantzako materialak elkarri kolpeka erabiltzen ditugunez ez dira kalitate berekoak irteten. Gu saiatzen gara ilargiak errespetatzen".

Udaberri hurritz uztaiak
Udaberri dantza taldea hurritz uztaiak prestatzen, Altzo. Argazkia: Udaberri

Aromak dio Artea inguruan jende askok duela oraindik mendirako hurritz makila mozteko ohitura, "jende askok daki eta etxean transmititu da. Landa eremuan zorionez oraindik jakintza horiek gordetzen dira". Ilargiari begira, hurritza urrian hasten den ilberrian has daitekeela mozten diote, baina azaroko eta abendukoa ilgoran ere bai. Beste egur batzuk, sutarakoak adibidez, beranduago eta ilbeheran mozten dira, baina hurritzak malgutasun hori gorde dezan badirudi garai honetan moztea komeni dela.

Artea hurritz makilak
Arteako dantzari gazteak hurritz makilak prestatzen, Errege Bidean, Artea, 2023-11-18. Argazkia: Ixone Aroma

Arteako herri basoan pagoa, haritza eta hurritza ugariak direla dio, beraz erraz topatu zituzten, "bidean batzuk jaso genituen pixka bat marroiagoak eta goian txukunagoak. Umeek diote marroiak entsegurako erabiliko dituztela eta zuriak, politenak, plazarako".

Goiz-pasa

Norberak dantzarako materiala egiteak ez du ikaragarrizko denbora eskatzen, tolosarrek eta artearrek goiz batean egin dituzte lanak. Goizeko 11:00etan Santamaña izeneko landa moduko batean elkartu ziren Arteako gaztetxoak gurasoekin eta Errege Bidetik gora joan zinen Gangorri tontorrera (primizian esan digu, talde berriaren izena seguruenik Gangorri izango dela). Zeberio aldera doan Errege Bidean dago herri basoa eta hantxe moztu zituzten hurritz adarrak. Tontorrera igo, argazkia atera, hamaiketakoa egin eta plazan moztu zituzten behar zituzten neurrira.

Artea hurritz makilak
Arteako dantzari gazteak prestatutako hurritz makilak, Artea, 2023-11-18. Argazkia: Ixone Aroma

Tolosarrek goizean juntadizoa egin zuten eta Altzora joan ziren. Dantzariak iristerako taldeko txistulari ohiak prestatuta zituen adarrak motozerrarekin moztuta. Goizean zehar, adar horiek soildu zituzten, gero zuritu eta azkenik okertuta. Doblatuta zeudela sokekin lotu zituzten eta lehortzen utzi dituzte, behin lehortuta forma horrekin geratzeko.

Udaberri hurritz uztaiak
Udaberri dantza taldeak prestatutako hurritz uztaiak, Altzo. Argazkia: Udaberri

Hala ere, erabileraren arabera beharrak aldatzen dira eta zenbait kasutan dantzarako tresnak egiteko prozesua konplexuagoa da. Sarrera honetan ikus dezakegu Fustiñanako Barde Riberako eta Cabanillasko paloteadokoek makilak egosi eta zuritu ere egiten dituztela, eta horrek denbora gehiago eskatzen du.

Fustiñana- Cabanillas makilak prestatzen 5

Bestalde, basoek jabeak eta zenbait landarek babes araudiak dituzte eta horiek kontu hartu behar dira. Altzoko kasuan taldekide ohi batean baserriko lurretan egiten dute eta Artean herri-lurretan, baina Nafarroan, babestuta dagoen landarea da ezpela eta Nafarroako Gobernuaren baimena eskatu behar izaten dute, eta basozainek agindutako tokietan bakarrik moztu daiteke.

Landa-eremuetan jarduera polita eta nahiko erraza da, baina hiri-inguruneetan ez da beti horretarako aukerarik ez tresnarik, beraz, ohikoa da dantza taldeek makilak, uztaiak eta abarreko tresnak erostea. Beraz, jakin dezazue, bere kasa egiteko zailtasunak dituztenentzat Dantzan Dendan ere aurkitu daitezkeela hainbat tresna.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.