Dokumentuaren akzioak
Miña nai, galiziar emigrazioaren istorio dantzatua
Miña nai edo Ama gurea, Galizia eta Euskal Herria, bi lurraldeetako musika, erritmo eta dantzak taularatuko ditu Ibarra-kaldu taldeak abenduaren 4an, 19:30an, Herrien arteko Folklore Jaialdiaren barruan. Patxi Labordak pentsatu eta zuzendu du ikuskizuna, eta Ibarra-kalduko dantzari eta musikariekin batera, Barakaldoko “Doces Lembranzas” dantza taldea, “Ceo do Sil” gaiteiro taldea eta “Son Mesturado” cantareira taldea eta Sestaoko “Folketan” musika taldea izango dira oholtzan.
Azaroaren 30etik sarrerak eskuragai daude Barakaldo Antzokiko leihatilan; dohainik izango dira sarrerak, eta pertsona bakoitzak 4 hartu ahal izango ditu gehienez.
Aspaldiko harremanaren emaitza
Historia hau duela 25 bat urte hasi zela kontatu digu Patxi Laborda ikuskizunaren zuzendariak. Duguna dantza taldearekin eginiko jaialdi batean Santiagoko (Galizia) dantza talde bat ezagutu zuela dio, “galiziarrak lagunak egin nituen eta harreman estua daukagu. Ordutik askotan joan naiz hara eta sarri aritu naiz beraiekin dantzan”. Duela hamabost urte Sestaora joan zen bizitzera Laborda, eta iritsi eta entzun zuen lehen hizkuntza galegoa izan omen zen. Konturatu zen galiziar jatorriko jende ugari bizi zela Ezkerraldean, baina, orokorrean, gutxi nahasten zirela bertako euskaldunekin. Segituan, ordea, Ibarra-kaldu taldea ezagutu zuen eta hor ikusi zuen bazirela galiziarrak euskal dantzan aritzen zirenak. “Ikuskizunean ikusten da etorkina izateko modu ezberdinak direla, benetako historietan oinarritu gara”.
Atzean utzitakoaren oroimina, ezagunaren eta ezezagunaren arteko talka eta orekaren bilatzea dira ikuskizunaren muinak. Emigrazioa era desberdinean bizi duten hiru amaren istorioa kontatzen da dantza, musika eta ikus-entzunezkoen bidez. Labordak proposatu zuen ikuskizun hau sortzea, eta bukaera honetan dio oso berezia izan dela parte hartzaileentzat, eta ikusleentzat ere hala izango dela aurreikusten du, “oso historia polita izan da, erronka izan da, baina bide berriak ireki ditu. Ikusi ahal izan dugu dira bi kulturak ez daudela horren urrun”.
Bi lurralde, hizkuntza bat
Lurralde bakoitzaren hizkuntza koreografikoari erreparatu dio Labordak, “akademizazioak leku ezberdinetara eraman gaitu, baina errotatik hartuta ez gauden horren urrun, gauza asko komunean ditugu”. Galiziako edo Euskal Herriko melodiak zein dantzatzeko moduak oso antzekoak direla dio.
Bi lurraldeetako erritmoak eta urratsak landu eta gauza berriak sortu dituzte, “komunean ditugun edo baita kontraesanetan ditugun dantzak jarriko ditugu oholtzan”. Bi lurraldeetako dantzak aurrez aurre jarriko dira; kontrastea nabarmentzeko momentu batzuetan eta antzekotasunak azpimarratzeko beste batzuetan.
Miña nai izenburua eman diote taularatuko duten lanari; Ama gurea esan nahi du euskaraz. Amen istorioak eszenaratuko dituzte, “argi ikusi baita tradizioa eta mundu kulturala nola transmititzen den amen bidez”.
Miña nai
- Noiz: Abenduaren 4an, 19:30ean
- Non: Barakaldoko Barakaldo Antzokian
- Sarrerak: Doahinik, antzokiko lehiatilan aforoa bete arte. Pertsona bakoitzak 4 hartu ahal izango ditu gehienez.
SINOPSIA
Miña Nai, hiru amaren istorioa. Emigrazioa era desberdinez biziko dute haiek. Maruxak agur esango dio alabari, gosetik ihes Euskal Herrira alde egingo baitu Mariak. Lur arrotz eta asaldatu hartan bakarrik sentituko da, babesa eta maitasuna aurkitu arte bertako galiziarren komunitatean, eta Pedruchoren baitan. Alaba bat izango du, Mari Carmen, galiziar kulturan heziko dena. Horrek Txomin ezagutuko du eta, haren bidez, beste kultura bat, besoak zabalik, bera beso artean hartzeko prest. Maitale biak elkarrengana hurbildu eta bi kulturek elkar aberastuko dute harreman horretan. Elkartze horren emaitza Miren izango da, aurreiritzirik eta zamarik gabea, bere kontakizuna oraindik ere eraikizun.
Dokumentuaren akzioak