Dokumentuaren akzioak
Mentxu Alkorta dantzaria eta soinujolea hil da
Dantza klasikoan, garaikidean eta trikiti munduan ibili den Mentxu Alkorta Arzak (Donostia, 1947 - Erratzu, 2021) hil da. Dantza klasikoan formatu zen lehendabizi eta ondoren Anexa Euskal Herriko lehenengo dantza garaikide konpainiako kide izan zen. Dantza garaikidean dantzari profesionala izana da. Anexa desegin zenean dantza akademia ireki zuen Oiartzunen eta irakasle aritu zen urteetan. Hainbat dantza diziplina lantzen ziren bertan: garaikidea, klaketa, foxtrota, swinga, tangoa, balsa... Jardunaldiak ere antolatzen zituzten, urtean behin kanpoko dantzariak gonbidatuta. Maiatza Dantzan jaialdiaren lehen urratsak Alkorta buru zen taldeak eman zituen Oiartzunen. Jaialdiaren bidez Europako dantza garaikidearen tendentzia berriak ezagutzera eman nahi izan ziren.
Dantzan ez ezik, musikan ere formatu zen eta bide horretan jarraitu du ia gaur arte. Hemezortzi urterekin pianoko karrera egin zuen, gero akordeoi handiarekin hasi zen, eta hogeita hamar bat urterekin, trikitiaren mundura iritsi zen. Bere dantza akademian elkartu zen urteetan trikiti bikote izan duen Gema Sisitiagarekin. 1986an dantzari esker batu eta Oiartzungo trikitilari zaharren aztarnak bilatzeari ekin zioten. Horien doinuak jaso eta moldatu egin zituzten, gero herriz herri jotzeko. Lehenengotako emakume bikotea izan zen Euskal Herriko trikitiaren historian.
Alkortari familiatik zetorkion trikitiarekiko lotura, amaren aita soinujolea baitzen. Trikitiari jotzeko gogoa piztu zitzaionean gogoratu zen aitonaren soinuaz, baina amak esan zion osabak Venezuelara eraman zuela. Felix Ibargutxik ezagutzera eman zuenez, Alkortak itsasoa zeharkatu eta osabari soinua eskatu zion, baina hark ez zion eman, bere seme-alabentzat gorde nahi zuela. Azkenean, Alkortaren ama joan zen Venezuelara osabari soinua eskatzera, eta lortu zuen. Urteetan plazarik plaza ibili zen Alkorta Sistiaga lagun hartuta, behin edo behin diskoa grabatzea proposatu izan zieten, baina hasieratan ez zuten estudiorako salto egin. Azkenean, 2012an disko batean parte hartu zuten. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak trikiti pieza zaharrak berreskuratzeko helburuz argitaratzen duen Faborez bildumarako grabatu zuten. Aitona ez zuen ezagutu Alkortak, baina amamak eta amak kantatuta ikasi zituzten aitonaren zenbait pieza eta horietako pare bat jaso zituzten diskoan. 2013an Euskadi Irratiko Kaja Beltza saioan kontatu zituen bere ibilbideko hainbat kontu.
Dokumentuaren akzioak