Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 2021eko maskaradak bikoiztuta izango dira

Dokumentuaren akzioak

2021eko maskaradak bikoiztuta izango dira

2020/10/26 09:45
2021eko maskaradak bikoiztuta izango dira

Barkoxeko maskaradak, Barkoxe, 2020-01-11. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Barkoxeko eta Atharratze-Alozeko gazteak datorren negurako maskaradak prestatzen hasiak dira. COVID-19a dela eta ez dakigu maskaradak ospatzeko baldintzatan egongo garen edo ez, baina posible bada bi herrik emango dituzte. Ipar Euskal Herriko Hitzaren bidez jakin dugu, herri bakoitzak bere aldetik iragarri zuela maskaraden ardura hartzeko nahia, elkarren berri jakin gabe. Beraz, biek hasitako lanarekin jarraitzea erabaki dute.

Atharratze-Alozek 2008an eman zituen maskaradak azkenengoz eta Barkoxek urte bete beranduago, 2009an. Bi herrietako ordezkariak elkartu eta nola egin dezaketen adosten ibili dira. Bakoitzak bere egutegia izango du, txandaka arituko dira eta herri ezberdinetara bisitatuko dituzte. Oraindik ez dute erabaki egutegia eta zehaztu gabe daude bisitatuko dituzten herriak, hala ere, hasi dira gainerako herriei galdetzen errezibitzeko prest dauden edo ez.

Pandemiak mugatutako maskaradak

Aurtengoa ez da urte erraza izango maskaradak prestatzeko. Ez dago jakiterik maskaradak plazaratzeko aukerarik izango den eta mustrakak edo entseguak egiteko ere mugatuak daude. Baldintza zailak badira ere, Barkoxeko eta Atharratze-Alozeko gazteak lanean hasiak dira. Barkoxen, esaterako, karguak banatuta dituzte.

Atharratze-Alozeko maskaradak
Atharratze-Alozeko maskaradak, Arrokiaga, 2020-03-16. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Zalantza da 2021eko maskaradak ospatuko diren edo ez, baina ez dira izango COVID-19ak baldintzatuko dituen lehen maskaradak. Pandemiak bete-betean harrapatu baitzituen 2020koak ere. Altzürüküko gazteak maskaradak ematen hasiak ziren, baina bosgarren asteburuan bertan behera utzi behar izan zituzten.

Maskarada bat baino gehiagoko urteak

Ez da askotan gertatzen bi herrik bi maskarada antolatzea urte berean, baina urte batzuk badira bi maskarada edota gehiago ere antolatu izan direnak. Aritz Ibañezek bildutako Zuberoako maskaradak urtez urte sarreran erreparatu dugu eta azkenengoz 2002an antolatu ziren bi. Bata Gamere-Zihigak eta bestea Eskiulak. XX. mendean urte gehiago ere aurkitu ditugu, batez ere mende hasieran: Muskildi eta Mitikile (1996), Eskiula eta Altzürükü (1992), Altzürükü eta Barkoxe (udan) (1979), Altzai eta Sohüta (1952), Atharratze, Onizegaine eta Sohüta (1947), Hauze eta Barkoxe (1946), Altzürükü eta Ligi-Atherei (1933), Ozazu-Zühara eta Urdiñarbe (1930), Eskiula eta Altzai (1928), Gaztelondo (Barkoxe) eta Mendikota (1927), Lexantzü, Montori eta Sarrikotagaina (1925), Sohüta, Aloze eta Gaztelondo (Barkoxe) (1924), Urdiñarbe, Etxebarre, Mithikile eta Atharratze (1923), Hauze eta Barkoxe (1922), Ligi eta Lexantzü (1913), Lakarri eta Etxebarre (1912), Gamere eta Hastüe (1910), Larraine eta Atharratze (1909), Atharratze eta Altzai (1906).

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.