Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ipar Euskal Herriko dantzak plazaratuko ditu Maritzulik Baionako katedraleko klaustroan

Dokumentuaren akzioak

Ipar Euskal Herriko dantzak plazaratuko ditu Maritzulik Baionako katedraleko klaustroan

2021/09/09 09:55
Ipar Euskal Herriko dantzak plazaratuko ditu Maritzulik Baionako katedraleko klaustroan

Maritzuli konpainiaren "Dantzaz ele" erakusketa, Baiona. Argazkia: Maritzuli

Dantzaz Ele ikuskizuna aurkeztuko du igande honetan, irailak 12, Maritzuli konpainiak. Ikuskizun honetan dantza konpainiak prestatu duen festa jantzien erakusketako piezak dantzatuko dituzte. Besta Berriko, Lapurdiko inauterietako, Nafarroa Behereko Kabalkadetako eta Zuberoako maskaradetako dantzak plazaratuko dituzte Baionako katedraleko klaustroan. Abuztuaren 24tik irailaren 14ra bitarte daude jantziak erakusgai, eta igande honetan jantzi horiekin dantzatuko dira. Ez da, ordea, Maritzuliren asteburuko ekitaldi bakarra izango. Izan ere Biarritzeko historia museoan azken urteetan hiriarentzat sortutako dantzetan erabiltzen diren jantziak daude ikusgai, eta horiek ere dantzatuko dituzte larunbatean, hilak 11.

Irailak 12, igandea: Iparraldeko bestetako dantzak Baionan

Hogei bat dantzarik hartuko dute klaustroko zelaia, eta Koldo Ameztoi kontalariak eta Jean-Christian Irigoien "Galtxet" soinujolearen laguntzarekin, azalduko dute nola iritsi diren jantzi guzti horiek klaustrora eta ze historia duten. Besta berriko prozesioa, Uztaritzeko kaskarotak eta inauterietako konpartsa, Nafarroa Behereko kabalkadetako pertsonaiak eta garai bateko Zuberoako maskaradetako dantzariak eta aktoreak plazaratuko dira.

Dantzariak klaustro erdi-erdian arituko dira eta ikusleak arkupetan, bueltan-bueltan, kokatuko dira. Bi saio izango dira: 11:00etan frantsesez eta 16:00tan euskaraz. Toki mugatuak dira; Baionako Kultura zerbitzura deitu behar da erreserba egiteko: +335 59 46 61 59. Erreserbaz gain, beharrezkoa da covid agiri digitala eramatea.

Irailak 11, larunbata: Biarritzeko errepertorioa kalera

Larunbatean, irailak 11, Biarritzerako sortutako errepertorioa plazaratuko du Maritzuli konpainiak. Gauargi ikuskizunarekin Biarritzen aurkeztu duten erakusketako jantziak dantzaraziko dituzte. Izan ere, Biarritzeko historia museoan hiriarentzat sortutako errepertorioko jantziak eta kondairak daude ikusgai uztailaren 3tik urriaren 23ra arte. Inauteriak, Jondoni bestak eta San Martin ezpata-dantzak osatzen dute Biarritzeko errepertorioa, hain zuzen ere.

San Martin ezpata-dantza
San Martin ezpata-dantza, Biarritz, 2018-11-11. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan.

Zigor artistaren erakusketari erantzunez, Maritzuli konpainiak gaua eta egunaren inguruko irudiak baliatu ditu egutegi tradizionala eta festa tradizionalak aurkezteko, hartza, ilargia eta eguzkia segituz. Irailaren 11n, 17:00etan, Biarritzeko merkatuaren aurrean (Saubradiel Plaza) aurkeztuko ditu trokeo-dantzak eta egutegian zehar presentatzen dituen beste zenbait dantza: martxa, ezpata-dantza, bandera arbola, makil-dantzak, zinta-dantza, zahagi-dantza eta arku-dantza. Ikuskizuna dantza jauziekin publikoari dantzatzeko aukera emanez amaituko dute. Sarrera dohainik izango da, erreserbatu gabe.

Biarritzeko inauteriak
Biarritzeko inauteriak, Biarritz, 2018-02-02. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan.

Irailak 13, astelehena: Hitzaldia jauzien eta branleen inguruan

Maritzuli konpainiaren dantza asteburua asteleheneko hitzaldiarekin borobilduko da. Euskal dantzetako eta berpizkundeko dantzetako jauzien eta branleen inguruko hitzaldia antolatu dute. Maritzuliko Ion eta Claude Iruretagoiena eta Xabier Itzaina ikertzaileak eta Christine Grimaldi eta Pantxika Telleria koreografoak izango dira hizlari. Sauts et branles dans les danses basques et de la Renaissance, izenburua eman diote hitzaldiari. Biarrizko historia museoan izango dira entzungai, irailaren 13an, 16:00etan. Sarrera dohainik izango da, erreserbatu gabe.

Maritzuli dantza-ekitaldiak

  • Irailak 11, larunbata: "Gauargi" ikuskizuna, Biarritzeko merkatuaren aurrean (Saubradiel Plaza), 17:00etan.

  • Irailak 12, igandea: "Dantzaz ele" ikuskizuna, Baionako Katedraleko klaustroan, 11:00etan frantsez eta 16:00etan euskaraz.

  • Irailak 13, astelehena: Euskal dantzetako eta berpizkundeko dantzetako jauzien eta branleen inguruko hitzaldia, Biarrizko historia museoan, 16:00etan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.