Dokumentuaren akzioak
Etorkizunerako harreman sareak eginda itzuli dira euskal makila-dantzariak Saloutik
Villabuenako Kaxkabar dantza taldea Salouko itsas paseoan, makila-dantzen I. kongresua. Salou, 2021-10-23. Argazkia: Kaxkabar
“Aukera izan dugu beste taldeen saioak ikusi eta ohartzeko makilekin zenbat dantza egin daitezkeen” dio Sustraiakeko Amaia Jimenezek; “beste taldeen emanaldiak ikusteko eta batez ere jendea ezagutzeko aukera ona izan da”, dio Gure Txokoako Ainhoa Larretxeak; eta aurrera begirako nahien berri eman digu Kaxkabarreko Irati Garciak, “harreman oso ona izan dugu beste taldeekin eta etorkizunean elkartrukeak egiteko hitz egin dugu”.
Ostiralean joan eta igandean bueltatu dira Saloun ospatu den makila-dantzen lehenengo nazioarteko kongresutik Berako Gure Txokoa, Legazpiko Sustraiak eta Villabuenako Kaxakabar eta Ribaforadako paloteadoko musikariak eta dantzariak. Dantza talde bakoitzak beren herriko edo zonaldeko dantzak erakutsi ditu Salouko auditorioan, eta 83 talde parte hartzailek osatutako desfilean ere izan dira. Dantza saioez gain, makila-dantzei lotutako komunikazioak, aurkezpenak edota erakusketak ere izan dira. Hitzaldi saio horietan izan da Pedro Romeo, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidentea, eta "Tradizioa Vs Berrikuntza" hitzaldia eskaini du.
Asteburu motza baina emankorra
Ostiral iluntzean iritsi dira taldeak, batzuk autobusean, beste batzuk kotxeetan. Beratarrak eta legazpiarrak bidean elkartu dira, autobus berean egin baitute bidaia, eta gainontzekoak ere segituan batu dira, nazioarteko talde guztiek hotel berean egin baitituzte bi gauak. Dantza emanaldi ofizialen zain egon gabe, ostiralean bertan hasi ziren astintzen musika tresnak eta gorputzak; afal ondorengo tarteak lehenengo harremanak egiteko balio izan zuela azaldu digute.
Larunbat goizean, Berako dantzariak izan ziren estreinatzen lehenak, goizeko 10:00etan egin zuten auditorioko saioa. “Emanaldiaren muina Beran abuztuaren 3an dantzatzen diren makila-dantzak izan ziren, baina saioa osatzeko Berako agurra eta fandango eta arin-arinak ere dantzatu genituen”. Jarraian, Villabuenakoen txanda, haiek herriko zortzi makila-dantzak aurkeztu dituzte aretoko saioan eta kaleko desfilean baita Arabar Errioxako beste hainbat dantza ere. Dantzara ateratzean harrotasuna sentitzen dutela dio Garciak, “orain dela 35 urte galdu egin ziren herrian, gu 2012an elkartu ginen, inplikatu ginen, berreskuratu ditugu eta emakumeak sartu gara”.
Orain mahatsa biltzeko garaia da eta segituan konturatu ziren taldea osatzeko zailtasunak izango zituztela baina EDBtik proposamena jaso zutenean ez omen zuten bi aldiz pentsatu, “Oiongo bi dantzari etorri dira gurekin, azken unean ikasi dituzte dantzak eta animatu dira taldea osatzen laguntzera”.
Larunbat arratsaldean, berriz, kongresuan parte hartu duten talde guztiak elkarrekin atera dira Salouko itsas paseora. Desfilean ibili dira eta geldialdietan dantzatu dira. “Ibilaldi zirkular modukoa antolatu zuten, beraz, geldiuneetan talde ezberdinak tokatzen ziren parean. Oso polita izan zen”, azaldu digu Jimenezek. Bukaeran, 83 taldeak plaza batean elkartu eta denak batera dantzatu zirela kontatu du Larretxeak, “zoramena izan zen, kar, kar, kar!”. Eguna hotel alboko ikastetxeko patioan antolatutako afariarekin eta kataluniarren dantzekin borobildu zuten.
Gaueko giroa oso tentagarria izan bazen ere Legazpiko eta Ribaforada dantzariek ezin burutik kendu hurrengo eguneko dantza saioak. Igandea goizean eta eguerdian izan baita euren auditorioko emanaldiaren txanda. Sustraiak dantza taldekoek brokel-dantza zikloa eta Ribaforadakoek paloteadoko dantzak aurkeztu dituzte.
Igandean bazkaldu eta Euskal Herrirantz abiatu dira, zazpi bat orduko bidaia izan baita errepidekoa. Asteburu bizia eta oparoa izan dela aipatu digute parte hartzaileek, eta kongresuko hitzaldiak entzuteko penarekin geratu dira asko, baina ordutegiak eta antolakuntza kontua tarteko, denerako denborarik ez.
Hiru egunek eman dute fruitua
Nekatuta, baina indarrak kargatuta eta aurreragoko emanaldiak eta elkartrukeak egiteko gogoz itzuli dira dantzariak etxera. Aitortu digute harrigarria egin zaiela horrenbeste makila-dantza ezberdinekin aurkitzea. “Kuriosoa izan da beste taldeen lana ezagutzea, gu bezala makilekin edota kaskainetekin nola ibiltzen ziren. Kataluniakoak bereziki azkarrak eta ikusgarriak iruditu zaizkigu”, dio villabuenarrak. Gure Txokoako dantzariak esan digu kongresuak balio izan diela ikusteko han eta hemen oinarri bereko dantzak egiten ditugula, “alde batetik aukera izan dugu ikusteko ze aberastasun dagoen eta zenbat makila-dantza dauden, eta, bestetik, aukera ederra izan da Berako dantzak nazioartean erakustekoa ere”. Legazpiko dantzari gazteek ere esperientzia oso polita izan dela diote “pandemiaren erruz ez dugu aukerarik izan jaialdi handietara joateko, eta nire belaunaldikoak lehen aldiz irten gara Euskal Herritik kanpo horrelako dimentsioko jaialdi batean parte hartzera”.
Dokumentuaren akzioak