Dokumentuaren akzioak
Lau euskal talde izango dira Saloun 83 talde bilduko dituen makila-dantzen nazioarteko kongresuan
Berako Gure Txokoa, Legazpiko Sustraiak eta Villabuenako Kaxakabar dantza-taldeak eta Ribaforadako paloteadoak hartuko dute parte urriaren 21etik 24ra Saloun (Herrialde Katalanak) ospatuko den makila-dantzen lehenengo nazioarteko kongresuan. Adrià Ortizek, Kataluniako Ball de Bastons Koordinadorako lehendakariak, azaldu digu kongresuaren helburua dela Iberiar Penintsulako makila-dantzen errealitateak leku berean biltzea, “loturak finkatu nahi ditugu Iberiar Penintsula osoko herrialdeen artean eta ikusi nola elkarrekin lan egin dezakegun aurrera begira”.
46. Kataluniako makila-dantzen topaketa edo trobada nazionala ospatuko da asteburuan, baina aurtengoan Kataluniako taldeez gain Euskal Herria, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Portugal, Aragoi, Valentzia edota Andorrako makila-dantzariak ere izango dira topaketan, guztira 83 talde.
Emanaldiak, komunikazioak eta aurkezpenak
Dantza emanaldiak eta makila-dantzei lotutako komunikazioak, jolasen edo liburuen aurkezpenak, erakusketak eta errealitate birtualeko espazioak izango dira datozen egunetan Saloun. Hainbat herrialdetako adituek beren jakintzak konpartituko dituzte, eta euren artean eta publikoarekin eztabaidarako tarteak irekiko dituzte. Makila-dantzetan emakumek duten presentzia, erlijioarekiko lotura, tradizioa eta sorkuntza berrien arteko harremanak, dantzen jatorria eta jantziak, XXI. mendeko erronkak edota makila-dantzek dituzten gaitasun inklusiboak eta integratzaileak izango dira behatuko dituzten gai nagusiak.
Makila-dantzak eta beste
Katalunian makila-dantzen taldeak, bastoners edo ball de bastons deiturikoak, makila-dantzetan aritzen dira bakarrik, ez dira beste dantza mota batzuetan aritzen. Beste herrialde gehienetan ordea, ohikoa da makila-dantzak beste dantza batzuekin batera lantzea eta aurkeztea, hala nola ezpata-dantzak, arku-dantzak, zinta-dantzak... “Guretzat makila-dantzak errealitate independenteak dira, baina badakigu gainerako eskualdetan ez direla gainerako dantza edo testuingururik gabe ulertzen, beraz makila-dantzekin loturak dituzten taldeak gonbidatu ditugu”, azaldu du Ortizek. Horrela, makila-dantzak izango dira kongresuko ardatza, baina bestelako dantzak ere ikusi ahal izango dira Saloun.
Osasuntsu dira makila-dantzak Katalunian
Ortizek Kataluniako makila-dantzen osasuna oso ona dela dio, “baita pandemia ondorenean ere. Haurren eta gazteen taldeak daude eta horrek makila-dantzen etorkizuna bermatzen dute”. Hala ere, oraindik badela lana dio jendearengana iristeko, makila-dantzen talderik ez dagoen herrietan edo beste jatorri kulturaletako komunitateetan, “eurak ere maitemindu daitezen, gu maiteminduta gauden bezalaxe herri kulturako adierazpen honetaz”.
Azken lau hamarkadetan, talde ugari berreskuratu eta berriak sortu dira eta XXI. mendeko errealitatera egokitu dira makila-dantzari taldeak,“ez dugu ulertzen emakumeen parte hartzerik gabeko dantzarik, tradizioak dinamikoak eta aldakorrak izan behar baitute, errealitatera egokitzeko”. Dantzarien perfila nagusiki emakumea eta gaztea dela ikusi dute azken urtean eginiko kontaketetan. Zenbaketaren emaitza xeheak kongresuan aurkeztuko dituzte, baina 2021ean Kataluniako talde guztiek onartzen dituzte emakumezkoak, orain dela urte batzuk ez bezala; egungo dantzarien %75 baino gehiago emakumezkoak dira eta %60 35 urtetik beherakoak.
Makila-dantza baino harago
“Makila-dantzak bi makila astintzean geratzea akatsa litzateke”, Ortizek dioen moduan, makila-dantzak dantzatik harago doaz, dantzaren bidez harremanak sendotzen eta emozioak konpartitzen dira. Hezkuntza eta kultur munduaren arteko lotura defendatzen dute, “hezkuntzak folklorean bilatzen du balore jakin batzuetan hezteko modua eta kulturak hezkuntzako zentroetan bilatzen du belaunaldi berrietara heltzeko modua”. Makila-dantzek gizartea, hezkuntza, ekonomia biltzen dituztela argi ikusten dute, “folkloreak eta herri-kulturak milioiak mugitzen ditu, pertsonak zein dirua”.
Informazioa: Congrés Internacional de Ball de Bastons
Dokumentuaren akzioak