Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Luzaideko ddantzak" liburua argitaratu du Sagasetak

Dokumentuaren akzioak

"Luzaideko ddantzak" liburua argitaratu du Sagasetak

2011/05/09 13:40
Pazko igandean, apirilaren 24an, Migel Angel Sagasetak "Luzaideko ddantzak" liburua aurkeztu zuen. Sagasetak berak 1977. urtean argitaratutako "Luzaideko dantzak" liburuaren zabaltzea da honako hau eta lan honetan ez du bakarrik Luzaide kontuan hartu, baizik eta Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Baztan eta Bearn ere bai. Ia 900 orrialde dituen liburukotea, euskaraz eta gazteleraz idatzita, eta argazki, musika partitura eta dokumentazio ugariz hornitua. Liburuaren zabalkundean laguntzeko, dantzan.com bidez erosi eta eskuratzeko ahalegina egingo dugu.

Migel Angel Sagaseta Ariztegi Luzaiden zazpi urtez bizitako apaizak Pazko igandean, Bolant egunean, aurkeztu du "Luzaideko ddantzak" liburua herrian bertan. Urteetan jasotako lana biltzen du liburu horrek 888 orrialdetan. Luzaideko dantzak bakarrik ez, lan honetan Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Baztan eta Bearnen dantzatzen diren dantzak ere ikertu ditu Sagasetak.

1977. urtean argitaratu zuen "Luzaideko dantzak" liburua Migel Angel Sagasetak. Izenak dion moduan Luzaideko dantzen inguruko informazio andana biltzen du liburu horrek: Deskribapenak, informazioa, non jasoak diren, partiturak... Bigarren, lan honetan, aldiz, aurreko lanean bildutako dantza horien inguruko xehetasunak osatzeaz gain, ikerketa esparrua zabaldu eta dantza-jauziek hartzen duten ingurune zabala izan du ikergai. Horrela, 2011. urteko apirilaren 24ean, bolant egunean, Luzaideko ddantzak liburua aurkeztuz.

900 orri, mamiz beteta

Bibliografia, dokumentazio, elkarrizketa eta ahozko iturri andana aztertu du Sagasetak. Xabier Itzainaren hitzaurrea dakar liburuak. Sagasetak jauziak dantzatzeko 25 urrats ohiko eta beste 12 ez-ohiko bildu eta deskribatu ditu. Dantzan artean martxak, bolant-ddantzak, jauziak, josteta-ddantzak, makilarienak, ddantza-luzia, fandangoak eta kontra-ddantzak aztertu ditu. Bolant egunaren azterketa egin du, garai desberdinetako egunak behatuz, konparsaren osaketa eta osatzen duten pertsonaiak.

Liburu berriaren ekarpen ikusgarrienetako bat dantza-maisuen eta musikarien atala da. 200 orrialdetan, aztergai duen eskualde osoko dantza-maisuen bilketa zabala egin du eta bakoitzari buruzko hainbat xehetasun bildu ditu. Eta beste hainbat kontu interesgarri eta jakingarri, besteak beste, 157 dantzaren doinuen partiturak.

Liburua eskuratzeko

Gara-ren lankidetzarekin, eta Bizkai folklor elkarteko Sabin Egigurenek akuilatu eta lagunduta argitaratu da liburua, baina bere tamaina eta inprenta-gastu handien ondorioz, sorta txikia argitaratu da oraingoz. Ondorioz, banaketa ere xumea izango da momentuz, eta ez da liburudenda askotan erosteko aukera izango. Iruñean Karrikirin erosteko aukera izango da eta Bilbon Bizkai elkartean. Horiez gain, dantzan.com-en bidez ere eskuratzeko aukera izango da. Liburuak 35 Euroko prezioa du (egin kontu ia 900 orrialde direla, hainbat argazki tartean) eta eskuratu nahi duenak dantzan.com-en email-era <dantzari@dantzan.com> idatzi, izen-abizenak, tnfoa, emaila eta helbidea jarriz, eta liburuak multzoan erosi eta zabaltzeko ahalegina egingo dugu.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.