Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzak eta erromeriak Lorenzo San Juanen grabazioetan

Dokumentuaren akzioak

Dantzak eta erromeriak Lorenzo San Juanen grabazioetan

2014/12/10 10:35

Lorenzo San Juan bakiotarrak 1951 eta 1955a artean Bizkaiko kostaldean grabatutako dantza irudiak ganbaran ezkutatuta egon dira denbora luzez. Bere ondorengoek irudi horiek konpartitu eta ezagutzera emateko borondatea izan dute, eta horri esker haietaz gozatzeko aukera dugu. Lorenzoren bizitzaren eta irudi hauen nondik norako orokorrak azaltzen saiatuko gara sarrera honetan, eta datozen egunotan berak egindako zenbait filmaketa sareratzen eta horien inguruko argibideak eskaintzen saiatuko gara.

Lorenzo San Juan
Lorenzo San Juan

Ameriketara joana

Lorenzo San Juan 1899. urtean Bakion jaio eta Bilbon hil zen 1991an. 1913an, hamalau urterekin Kubarako bidea hartu zuen familiako beste kide batzuek bezala. Bertan egin zuen bizi-bidea, bertan ezkondu zen Yolanda Valent Urrutiarekin eta familia zabala osatu zuten, bederatzi seme-alaba izan baitzituen bikoteak.

Kuban Bakio jaioterriko kuadrila zuen Lorenzok, “Los hamaika” deitzen omen zieten kubatarrek. Musika eta dantzarekiko harreman handia izan zuen bai berak eta bai familia osoak ere, seme alabetako askok musika tresnak jo eta batzuek karrera musikala ere egin zutelarik. Ez zuten galtzen dantza zein musikaz gozatu eta ikasteko aukerarik eta honen adibidetzat hartu daiteke Yolanda San Juan Valent alaba nagusia, zeinak piano karrera Kuban egin zuen. Hau berau izan zen, hain zuzen ere, 1953an familia jaioterrira bueltatu zenean Ameriketan gelditu zen bakarra.

1951-1955 Bakio etxe kanpoaldean dantzan

Bizkaiko kostaldea festan

1951an, hiru seme-alaba nagusiak hartu eta jaioterrira etorri zen Lorenzo San Juan udako oporrak pasatzera. Etorri aurretik, Miamin, Keystone Model A-16 mm-ko filmazio kamera erosi zuen Lorenzok eta familiako zein bere jaioterriko hamaika une gogoangarri, festa eta ekitaldi grabatu zituen. Lehen opor bidaia honetakoak ditugu aztertuko diren irudi gehienak. 

Familiak Bakion zeukan Otsategitxu baserrian pasa zuten uda, eta ondoko bi urteetan ere Euskal Herrira etorri ziren oporretan. 1953an familia osoarekin etorri zen Lorenzo San Juan, baina dagoeneko ez soilik oporretarako, geratzeko baizik, eta Bilbon finkatu zuten bizitokia. Dantzarako zaletasunak beraiekin bidaiatu zuen eta Gertrudis alaba adibidez Bilbon aritu zen euskal dantza taldeetan urte askoan. Bilbora etorri eta ondoko urteetan ere grabazioak egiten jarraitu zuen Lorenzo San Juanek.

1951-1955 Gaztelugatxe Oruezarreta erromeria

Opor denbora tarte horietan grabatutakoak dira Lorenzo San Juanen filmazioetan ageri diren irudi gehienak. Bizkaiko kostaldeko herrietan hartuak dira nagusiki, herrietako festa egun zein familiako jai berezietan. Dantza eta musikak paper garrantzitsua jokatzen zutela nabari da. Lekeitio, Bakio, Mungia eta inguruetan hartutakoak dira Lorenzo San Juanek egindako grabaketa gehienak.

Irudiak berrantolatzen

Lorenzo San Juanen bideo kamera
Keystone Model A, 16mm-tako kamera.

Familia zabala izanik, batzuk alde batera eta besteak bestera leku-aldatu ziren, eta pelikula originalak ere Euskal Herritik irten ziren Lorenzoren seme Juan San Juanekin. Port d'Andratxeko (Mallorka) etxeko ganbaran egon dira denbora luzez, han digitalizatu eta berriro ere Bakiora itzuli ziren arte. Bakiotik Lorenzo San Juanen biloba Susana Beltran de Herediaren bitartez iritsi dira Dantzan-en eskuetara irudiak.

Familiako festa, dantza erakustaldi zein erromerietako irudiak nahasian zeuden digiltalizatu direnean, eta beraz horiek berrantolatzen lan apur bat izan da. Zenbait filme zati alderantziz jarrita zeuden, eta beraz, atzekoz aurrera ageri ziren digitalizatutako material nahasian. Zatiak ordenatu eta denak aurrera begira jartzen saiatu arren, baliteke irudiren bat oraindik oker egotea. 

Festa eta dantzari dagokionez hamar irudi sorta dira azkenean prestatu direnak. 1950eko hamarkadearen lehen urteetako dantza giro, festa eta ekitaldi ugari ageri dira: dantza txapelketak, haur zein dantza taldeen emanaldia, familiako jaietan grabatutako dantzak eta erromeriak besteak beste. Soinurik gabeko grabazioak dira, baina musikariak behin eta berriz ageri dira bertan: txistulariak, soinujotzaileak eta panderojoleak, musika bandak. Ondoko irudi sortak antolatu dira grabazioekin:

1951-1955 Bakio dantza taldea plazan

Aitortza eta eskertza

Gure dantzaren historiaren irudi eder hauek dantzarion esku jarri dituen Susana Beltran de Heredia eskertu nahi dugu ezer baino lehen. Lorenzo San Juan-en biloba da Susana Beltran de Heredia eta esku artean zeukan familia ondarea, bere ama Gertrudis San Juan-ek bezala, dantza maite duten guztiekin konpartitzeko ahalegina egin du. 

Bestalde, filmaketetan ageri diren festa, dantza eta pertsonak identifikatzen lagundu duten guztiak eskertu nahi ditugu. 2013ko Abuztuaren 8an Bakioko Otsategitxu baserrian Lorenzo San Juan-en alaba Gertrudis eta honen belaunaldiko zenbait lagun elkartu ziren, irudiak ikusi eta ageri ziren festa, pertsona, toki eta abarreko xehetasunak identifikatzen laguntzeko. Filmean, beraien buruak eta beren lagun eta senideenak ikusi zituzten 60 urte beranduago. Hauek izan ziren zehazki: Gertrudis San Juan Valenti (Kuba 1937)  Antonia Ansorregi Markaida (Bakio, 1938), Irene Lemona (Meñaka, 1930), Virginia Abio Erkoreka (Bakio, 1931), Maritxu Uriarte Rementeria (Bakio, 1925), Emeterio Bilbao Bilbao (Mungia, 1929) eta Leonor Solagurenbeaskoari (Amorebieta, 1925). Bestalde, Aingeru Berguices-ek bere aldetik Pedro Agirre Ormaza (Bakio, 1917), Jose Ramon Bilbao Bilbao (Bakio 1929), Miguel Bilbao Bilbao (Bakio, 1933) eta Maria Teresa Larrazabal ( Bakio, 1914) elkarrizketatu zituen helburu berarekin. Mila esker guztiei.

Bakio Otsategitsu 2013
Lorenzo San Juan-en filmazioak ikusi eta dokumentatzeko Bakioko Otsategitxu baserrian elkartutako taldea: Gertrudis San Juan, Maritxu Uriarte, Leonor Solagurenbeaskoa, Irene Lemona, Antonia Ansorregi eta Virginia Abio. Atzean zutik Emeterio Bilbao eta Emilio Xabier Dueñas. Otsategitxu, Bakio, 2013-08-08.

Irudiak testuinguruan jarri eta ahalik eta ongien ulertzeko ikerketa etnografikoan eskarmentu handia duten Emilio Xabier Dueñas eta Aingeru Berguices-en laguntza izan dugu. Filmak ikertu, elkarrizketak eta dokumentazio azterketak egin, eta irudi solteak antolatu eta dagokien testuinguruan kokatzeko laguntza eskaini dute. Horiek gainera Josu Erramun Larrinaga, Adolfo Jainaga, Xabier Amuriza eta folklore alorreko zenbait aditu konsultatu dituzte. Eire Vilak irudiak antolatu, editatu, atzezko-aurrera zeudenak zuzendu eta irudien kudeaketa gidatu du. Oier Araolazak koordinazio lanak burutu ditu. Dokumentazio guztia ordenatu eta argitaratzeko testuen erredakzioaz Olaiz Agirrebeña arduratu da.

Dokumentuaren akzioak

2014/12/10 13:04
Ah ze lana egin duzuen! Zorionak!
2014/12/10 13:26
Lana eskertzekoa, jakina. Bere testuinguruan kokatuta edrki ulertzen dira gauza asko

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.