Dokumentuaren akzioak
Larrain-dantzari buruzko erakusketa egin dute Lizarran
Lizarrako larrain-dantzari buruzko erakusketa egin da azaro honetan Lizarran bertan. El Baile de la Era. Año de 1903 izenburupean, hainbat belaunalditan dantzan aritutako herritarrek emandako informazioarekin eta argazkiekin prestatu dute erakusketa Raquel Ugartondok eta Javier Lanak, Lizarraldeko Herri Dantzen Tailerreko arduradunek. Informazio zabaleko argazki eta panel ugari izan ditu erakusketak. Dokumentazioa dantzari nagusiek emandako informazioarekin osatu dute.
Erakusketak XIX. mende amaieratik 1966 arteko larrain-dantzaren historia jorratzen du, hainbat pasarte historikotan banatuta: Julian Romano gaitaren aitzindaritik hasi, moral-arau zorrotzek dantzan izandako eragina, Alfontso XIII.aren bisita, larrain-dantzak Eusko Etxearen bitartez izandako hedapena, larrain-dantzaren aldeko komite baten sorrera, Espainiako Gerra Zibila, Nafarroako lehen udal dantza-talde baten eskutik larrain-dantzak 40ko eta 50eko hamarkadetan izandako gorakada, e.a. Kronologikoki, 1966an amaitzen da erakusketa, Lizarrako Udalak eta mendi-elkartearen akordioarekin, Larraiza dantza-taldearen sorrerarekin.
Erakusketan, Lizarrako folkloreak izan dituen erreferentziazko pertsonak, herriko dantza-taldeetan aritutakoak eta Lizarrako folklore-ondarea osatu dutenak hartu dituzte gogoan. Udaberrian Dantzan Ikasiko Larrain-dantzari buruzko mintegia gidatu zuten Ugartondok eta Lanak, eta azpimarratu nahi izan dute, "erakusketa apartekoa dela, ahaztuta zeuden dantzan aritutako herritarrekin osatu baitugu; haiek gabe ezinezkoa zatekeen gaur egun dugun folklore-ondarea mantentzea".
Erakusketako argazki-sorta ikusgai dago Lizarrako Dantza Tailerraren Facebookeko profilean.
Dokumentuaren akzioak