Dokumentuaren akzioak
Jon Maia: “Gauekoak izan daiteke konfinamendu baten kronika”
Jon Maia dantzari eta koreografoak Gauekoak ikuskizunaren sorkuntza prozesua aurkeztu du Gipuzkoako Dantzaguneko ikasgela birtualeko sortzaileen leihoan. Konfinamenduak nola eragin dion eta aurrera begirako helburuak eta asmoak ere azaldu ditu. Arkaitz Miner musikariarekin eta Xabi Bandini abeslariarekin batera oholtzaratu da oraingoan Jon Maia. “Berezia izan da dena, azkeneko proiektuetan zuzentzen eta oholtzaren atzean ibili naiz, baina kasu honetan eszenatokian nago eta gainera dantzari moduan, bakarrik”. Abenduaren 1ean plazaratu zuten ikuskizuna eta ia hogei bat saio eskaini dituzte ordutik. Berriki, Max sarietarako izendatuak izan dira. Ikuskizun eta espazio eszeniko onenaren kategorietan.
Maiak oholtza uzteko erabakia hartuta zeukan, baina ingurukoei adierazi orduko tripa bueltaka hasi zitzaiola dio. “Nire bizitzan modu iraunkor baten egin dudan gauza dantzatzea izan da. Zer egingo dut hemendik aurrera sentsazio hori gabe?”. Ezin oholtzan dantzatzeari uko egin eta Arkaitz Miner, Xabi Bandini eta Mireia Gabilondorekin Gauekoak proiektuan murgildu zen orain dela pare bat urte.
Bidaia moduan planteatzen du Maiak bai prozesua bai ikuskizuna: “Oinarri batetik abiatu gara, bidaia egin dugu norabide ezberdinetan, baina jatorrira itzuli gara”. Ikuskizuna oso bakardadetik eta intimitatetik eginda dagoela dio, baina konpartitzeko momentua iristen da bidaiaren bukaeran. “Dantzatzearen plazer hutsa, musikarekin topo egitera iristen naiz. Bukaeran jolasten dut hainbeste urtetan elkarbizitza izan dudan dantzekin. Bidaia ixteko modua da”.
Gauekoak eta etxekoak
Abenduan aurkeztu eta agenda leporaino hasi zuten urtea, baina udaberriarekin etena etorri da. Martxoaren 11n zapaldu zuten oholtza azkenekoz. “Emanaldia bukatu eta erdi broman besarkatu genuen hirurok. Nork pentsatuko zuen bi hilabete baino gehiagoan ezingo ginela elkartu?”. Justu Gauekoak ikuskizunaren lehengo fasearen bukaeran ziren, beraz ez dituzte horrenbeste emanaldi galdu; baina Kukairen beste hainbat ikuskizun gelditu dira bertan behera. Hogeitik gora kontatu ditugu.
Paralelismo handia ikusten du Maiak ikuskizunean kontatzen denaren eta azken bi hilabeteetan bizi izan dugunaren artean. “Gauekoak izan daiteke konfinamendu baten kronika. Etxean kokatzen da. Zurrunbiloa, gorabeherak...”.
Itxialdian bizipen askotatik pasa dela dio, gorabeheratsuak izan dira azken asteak. “Aitortu behar dut plazenteroa ere suertatu izan zaidala maila pertsonalean. Une batzuetan gozatzera iritsi naiz eta beste batzuetan etsitzera”.
Egoera egokitu behar
Ezjakintasuna da etsairik handienetakoa, baina Maiak positibotzat du bere burua eta saiatu dira ez gelditzen eta borrokan jarraitzen: “Sormen eremuan martxan genituen gauzak bizirik irautea izan da helburua. Egoera ez dago gure esku, gauden egoera honetan guk eta gure lanak gizarte honi eman diezaiokeenaz pentsatu dut”.
Testuinguru berri honetan nola lan egin dezakegun ere hausnartu du. “Gatazka asko hor zeuden eta azaleratu dira eta gure lanean baldintza berriak agertu dira”. Sortzaileen lana beharrezkoa dela dio eta orain lanerako beste modu batzuk agertuko direla ikusten du. Datorkigun egoera sortzaile eta arte eszenikoetako langileentzat erronka moduan ikusten saiatzen ari da. Momentuko apustu nagusia egitura mantentzea izan da, “Jendaurrea eskatzen ez duen lanetan gabiltza. Bakarrik. Ahal bezain pronto jendaurrekora pasatzeko nahiaz eta asmoz”.
Dokumentuaren akzioak