Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jon Maia: "Utzita neuzkan sentsazioak errekuperatu ditut"

Dokumentuaren akzioak

Jon Maia: "Utzita neuzkan sentsazioak errekuperatu ditut"

2019/11/27 08:15
Jon Maia: "Utzita neuzkan sentsazioak errekuperatu ditut"

Jon Maia, Xabi Bandini eta Arkaitz Miner. Gauekoak, Kukai. Argazkia: Imanol Quilez

"Iluna jausi eta argiak amatatzen diren garai berean, arima batzuk piztu egiten dira", gauekoak dira arima horiek, Gauekoak da Kukai dantzaren ikuskizun berria. Arkaitz Miner musikaria, Xabi Bandini abeslaria eta Jon Maia dantzaria dira oholtza gaineko gauekoak. Jon Maiaren gogoeta pertsonal intimoetatik sortu da proiektua eta abenduaren 1ean Hondarribiako Itsas Etxea Auditoriumean 20:00etan estreinatuko dute.

Oholtzan hiru gaueko izango badira ere, artista multzo oso inportanteak parte hartu duela ikuskizunean azaldu digu Jon Maiak. Mireia Gabilondo eszena zuzendaritzan aritu da, Luis Migel Kobo musika sorkuntzan eta Cesc Gelabert, Sharon Fridman eta Israel Galvan koreografoen ekarpenak jaso dituzte, besteak beste.

Kukai Gauekoak
Arkaitz Miner, Jon Maia, Mireia Gabilondo eta Xabi Bandini eta Gauekoak, Kukai. Argazkia: Imanol Quilez

Gaua girotzeko hainbat elementu daude: ikus-entzunezkoak, argiztapena, testu batzuk... baina elementu nagusienak dantza, musika eta kantua dira, "lengoaia ezberdinetan jarduten garen hiru pertsona gaude oholtzan eta bakoitzaren gaua, bakoitzaren lan prozesua kontatuko dugu, bakarka zein elkarrekin".

Gogoeta intimoak

"Nire hausnarketa pertsonaletatik atera da ideia" dio Maiak. Kukai dantzaren produkzioa da, baina Kukai dantzak azken boladan egin dituen ikuskizunetatik oso diferentea dela nabarmendu du: "Azken lanak oso konpainiako lanak izan dira, kuantitatiboki ere konpainia sendo bat eskatzen zutenak eta kasu honetan dantzari bakar bat izango da". Azkenengo ikuskizunetan Maia ez da dantzan aritu, pixkanaka beste rol batzuk hartu ditu eta horrek eraman du gogoeta prozesura: dantzatu edo ez dantzatu, zer dantzatu, nola, noiz? "Gogo handia sortu zitzaidan berriz ere prozesu bati ekiteko eta prozesu horretan dantza tradizionaletik abiatutako nire ibilbidean beste lengoaiekin izandako harremanak berriro bisitatzeko, lankide izandakoekin berriro elkartzeko". Aipatu dituen hiru koreografoekin elkarlanean askotan aritu izan dela dio, baina dantzari gisa orain arte inoiz ez.

Kukai Gauekoak
Jon Maia eta Mireia Gabilondo. Gauekoak, Kukai. Argazkia: Imanol Quilez

Orain dela pare bat urte buruari bueltaka hasi zela kontatu digu eta Mireia Gabilondori komentatu zizkiola buruan zituen ideiak. Izan ere, lotura oso estua dute biek, lehenengo ikuskizuna ere berarekin egin zuten. Hasieratik asko animatu zuen Gabilondok, gerora beste hainbat sortzaileri aipatzen joan zen eta denak oso motibatuta eta gogotsu ikusi zituenez animatu eta prozesuari ekitea erabaki zuen Maiak. "Desberdina izan da niretzat, utzita neuzkan sentsazioak errekuperatu ditut: entsegu gelara joan, bakarrik ispiluaren aurrean jarri eta izerdia botatzea eta gauzak ez atera eta saiatzea, koreografoekin estudioan bakarka aritzea". Oso prozesu atsegina izan dela dio eta, neurri batean, garai bateko gogoetak errealitate bihurtu direla ikusi du.

Gaueko giroa

"Dantzan nagoela, hain gertu zuzeneko kantu eta musika horrek sortzen duen zirrara eta ematen dizuna berdinezina da", musikari dagokionez bi mundu elkartuko direla dio: alde batetik, Luis Migel Kobok konpositore moduan planteatzen dituen anbiente sonoroak eta elektronikoki landutako giroak eta bestetik, Xabi Bandini eta Arkaitz Minerren zuzenekoa, "musika zuzenean izatea ezin da ezergatik aldatu".

Kukai Gauekoak
Jon Maia, Xabi Bandini eta Arkaitz Miner. Gauekoak, Kukai. Argazkia: Imanol Quilez

Gauekoek gauza asko kontatzen dituela dio Maiak: "Ez dauka hasieratik bukaerarako narratiba. Gauak badauka misterio puntu bat, bakardade puntu bat eta sortzaileen kasuan gainera uste dut, gauak asko markatzen duela". Sorkuntza prozesuan dagoen pertsona baten gauak hari mutur asko dituela ikusi dute eta hori dena azaltzen saiatuko dira. Hiru sortzaile izango dira eszenatokian eta beraien gauak nolakoak diren kontatuko dute, "ikusten dira pertsonalitate baten alde edo une ezberdinak, pertsona bakoitzak nola bizi duen gaua, pertsona horien gauak bere horretan ekar dezakeena". Oso modu natural eta intimotik eginiko ikuskizuna da, "oso benetakoa".

Azken txanpan

Emaitzarekin gustura daudela dio: "Gustagarria izan da. Denbora luzez baina dosi txikietan egin dugu lan. Oso atsegina izan da, denak ari gara gozatzen. Pertsonalki oso pozik nago bide hau egin izanagatik, gero gerokoak". Orain piezak estutzen eta batez ere paseak egiten ari dira, "ohitzen sortutako habitat berri horretara".

Ostiralean egingo dute entsegu orokorra eta igandean izango da lehen emanaldia. Abenduaren 1etik martxoaren 21era arte hamasei emanaldi izango dituzte. "Data berriak ari dira ateratzen, baina aurrerago argitaratuko ditugu. Oraingoz lehenengo fasea egingo dugu eta ikusiko da".

Fitxa artistikoa

  • Jatorrizko ideia: Jon Maia Sein
  • Eszena zuzendaritza: Mireia Gabilondo
  • Dantzaria: Jon Maia Sein
  • Zuzeneko musika: Xabi Bandini eta Arkaitz Miner
  • Musika konposizioa: Luis Miguel Cobo. Arkaitz Miner eta Xabi Bandini
  • Koreografia: Cesc Gelabert, Israel Galvan, Jon Maia Sein eta Sharon Fridman
  • Eszenografia: Fernando Bernues
  • Jantziak: Ikerne Jimenez
  • Argiztapena eta Ikus-entzunekoak: David Bernues
  • Soinua: Angel Aguero
  • Kudeaketa taldea: Doltza Oar-Arteta eta Nagore Martinez

 

Gauekoak biraren lehen datak

  • Abenduak 1 Hondarribia
  • Abenduak 2 Bilbo
  • Abenduak 3 Bilbo
  • Abenduak 19 Hernani
  • Abenduak 20 Sopela
  • Urtarrilak 3 Donostia
  • Urtarrilak 4 Donostia
  • Urtarrilak 10 Errenteria
  • Urtarrilak 11 Errenteria
  • Urtarrilak 18 Basauri
  • Urtarrilak 25 Arrasate
  • Otsailak 6 Gasteiz
  • Otsailak 7 Zarautz
  • Otsailak 14 Elorrio
  • Otsailak 15 Barakaldo
  • Martxoak 21 Altsasu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.