Dokumentuaren akzioak
Jesus Mari Garate dantza-maisua hil da
Ordiziako dantza-maisuak azken hatsa eman du 68 urterekin. Gipuzkoako dantzen transmisioan eta gaur egungo ereduaren egituratzean zerikusi handia izan duen dantza-maisua izan da Jesus Mari Garate. Goierrin hainbat dantza talde sortu eta zuzendutakoa, Euskal Dantzarien Biltzarrarekin oso lotuta egin du bere ibilbidea, hainbat ikastaro eskainiz eta txapelketen antolaketa eta sustapenean aktiboki parte hartuz.
Gipuzkoako dantzak eta dantza klasikoa
1949ko urriaren 23an Ordizian jaio zen Jesus Mari Garate. Umetatik dantzarako zaletasun handia izan zuen, eta oso gogoan zuen etxekoak abertzaleak izanik, ezkutuan hasi zela Goierriko dantzak ikasten txapelgorriekin, karlistak baitziren txapelgorriak eta gurasoek ez baitzuten onartuko semea haiengana joatea dantzan ikastera.
Josetxo Sarasola, Jose Lorenzo Pujanaren ikasle onenetakoa, izan zuen maisu Jesus Mari Garatek. 23 urterekin dantza klasikoa lantzeari egin zion eta Kontxi Aranburu izan zuen irakasle. Gipuzkoako dantzetan trebatzen jarraitu zuen Iñaki Gordejuelak eskainitako ikastaroetan parte hartuz. Bi horiek, Gipuzkoako dantzak eta dantza klasikoa izan ditu bere formazio muin nagusiak. 1990eko hamarkadan Argiako Juan A. Urbeltzen zuzendaritzapean Argiako Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabalek eskainitako Gipuzkoako dantzen ikastaroetan parte hartzen zuen aldi berean, dantza klasiko klaseak jaso zituen Thalia akademiako Mentxu Medelen eskutik.
Dantza-maisu, talde sortzaile, txapelketa bultzatzaile
Ordizia, Besain, Lazkao eta Goierriko hainbat txokotan aritu zen dantza-maisu lanetan. Altsasun jardun zuen dantza irakasle, Debako Udal Musika eta Dantza Eskolako irakaslea izan zen, Pasaiako Ilunbeko dantza irakaslea izan da, Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako hainbat ikastaro eskaini zituen,...
Goierriko hainbat dantza talderen sorrera parte hartu zuen: Amets Bide, Goierri dantza taldea,... Altsasuko Aitzindariak dantza taldeko zuzendaria izan zen, Beasaingo Ostadar dantza taldearekin ere aritu zen. Aurtzaka dantza taldearen sorreran parte hartzeaz gain izena ere eman zion, eta hori eskertuz Igartzako Kofradiako ohorezko kide izendatu zuten. Han eta hemengo dantza ekitaldien antolaketa eta prestaketetan jarduten zuen, Ordiziako Santaneroen aurreskuen edo baita Zeraingo Dantza-sokaren berreskuratze eta prestaketa lanetan ere. Ondoko argazkian Zeraingo dantza-soka. molde zaharreko dantza-maisuen eran bertatik bertara zuzentzen ageri da Jesus Mari Garate.
Segurako dantza solte txapelketan 20 urtetik gora egin zituen epai-mahaian, eta beste horrenbeste aurresku eta soinu zahar txapelketetan ere. Izan ere, Euskal Dantzarien Biltzarrarekin eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrarekin, txapelketen antolaketan buru-belarri jardun zuen, eta epai-mahaikide jardun zuen hainbat eta hainbat urte eta txapelketetan. Txapelketetan balorazio irizpideak ezartzen eta ereduak zehazten ekarpen ugari egin zituen.
Bide berriak irekiz
1994an Gozategiz Blai proiektua jarri zuen martxan Jesus Mari Garatek. Gozategi musika taldeak zuzenean jo eta dantzari talde txiki batek hainbat dantza eta koreografia egiten zituen bertan. Altsasuko zenbait dantzarirekin batera, txapelketetan ezagutu zituen beste zenbait dantzarik gonbidatu zituen talde horretara. Tartean izan ziren Eskola taldeko Edu Muruamendiaraz, Eli Alberdi, Aiert Beobide eta Iurre Aranburu. Ernamuin honetatik abiatu zuen 1997an Edu Muruamendiaraz-ek Aukeran konpainia.
2000. urtean Nahia dantza taldea sortu eta zuzendu zuen, eta talde honen bidez berak sortutako hainbat koreografia plazaratu zituen, Segurako dantza solte txapelketan edo ETBk eskainitako emanaldietan erakutsiz.
Azken unerarte dantzan irakasten
Bere ibilbide oparoa eta emankorra aitortuz eta eskertuz, Amets Bide dantza taldearen ekimenez omenaldia egin zitzaion 2016an Ordizian, Ordiziako zortzikoaren estreinaldi ekitaldian.
Osasunez pattal ibili arren azken unerarte dantzan irakasten jarraitu du Jesus Mari Garatek. Jose Lorenzo Pujana dantza maisu ordiziarraren 150 urteurrena ospatzen da aurten, eta hori dela eta maiatzaren 26an, Ordiziako zortzikoa edo soka-dantzan berritasunak izango dira. Horretara begira, entseguetan orain bil hilabete Jesus Mari Sarasuari ume talde bati dantzan erakusten ari zela Amets Bide dantza taldekoek egindako argazkia da honako hau.
Dokumentuaren akzioak