Dokumentuaren akzioak
Jantzari dokumentala saritu dute Cine Invisible jaialdian
Carlos Iglesias eta Jone Guenetxea Cine Invisibleko genero ekitatearen saria jasotzen Alberto Ruiz de Azuaren eskutik, Bilbo, 2020-10-22. Irudia: Cine Invisible
Cine Invisible jaialdiko genero ekitatearen saria jaso du Jantzari dokumentalak. Iurretako dantzariek, Anboto komunikabideak eta Bideografik ekoiztetxeak elkarlanean osatutako lanak Iurretako dantzarien historia genero ikuspegitik kontatzen du. Iurretako dantzetatik abiatuta, tradizioa eta parekidetasuna landu dituzte ikuspegi zabaletik. Jone Guenetxea eta Carlos Iglesias zuzendariek jaso dute saria Bilboko Azkuna zentroan egin den ekitaldian.
Jaialdiko epaimahaiak lana aukeratu du, "Kultura, gizartea eraldatzeko tresna bezala plazaren erdian jartzen duelako. Tradizioa eta bere balioak berriz irakurriak eta berrikusiak izan behar direlako. Kasu honetan dantza eta bere rolaren desgenerizazioa".
Guenetxeak azaldu du Jantzari dokumentalean gai edo ohitura oso lokal batetik gai unibertsal bat landu nahi izan dutela. "Matxismoak defendatzen du tradizioa ezin daitekeela inolaz ere aldatu eta hemen ikusten dugu, Iurretako dantzen kasuan, hainbat urtetan gizonek dantzatu duten dantza parekidea izan daitekeela eta parekidetasun horrekin tradizioa aberastu egin daitekeela". Herrian emandako pausoa ez dela bat-batean gertatu dio eta jende askoren lanari esker izan dela nabarmendu nahi izan du. Hori dela eta, saria tradizioan parekidetasuna bultzatzen ari diren pertsonei eskaini die. Iglesiasek, eskerrak eman nahi izan dizkie Cine Invisible jaialdiari, dokumentala posible egin duten erakundeei, dokumentalean parte hartu duten pertsona guztiei eta, batez ere, Iurretako emakumeei.
Bilboko Cine Invisible "Film Sozialak" jaialdi internazionalaren hamabigarren edizioa izan da aurtengoa eta 46 herrialdetako 84 filmek hartu dute parte. Jaialdiaren lau ardatzak garapen iraunkorra, genero ekitatea, kulturartekotasuna eta giza eskubideak dira.
Dokumentuaren akzioak