Dokumentuaren akzioak
Jacques Larrondo, zamalzain bikainenaren azken frijata
Jacques Larrondo, zamaltzain lanetan, Urdiñarbeko maskaradetan, 1949an. Baionako Euskal Museoaren artxiboa, Thierry Truffaut bilduma, SudOuest-etik hartua.
Aitzineko Puntüak maisuki dantzatzen zituen Jacques Larrondok, eta gaitasun fisiko ikaragarriak zituen. Urdiñarben jaio zen 1926an. Urdiñarbeko bi dantza-maisu handirekin ikasi zuen: Bettan Currutchet eta Petti Agurre Oskigil-ekin. Berehala nabarmendu ziren dantzarako bere dohain apartak, eta ondorioz, dantzari onenaren jantzia bereganatu zuen: zamaltzaina.
Zuberoako txoko guztietara iritsi zen zamaltzain apart haren oihartzuna, eta 1949an, Urdiñarbek emandako maskaradek konsagratu zuten Larrondo. Dantzan ikusi zutenek ez dituzte ahazteko Larrondoren dantzari dohain harrigarriak, eta ezagutu ez zutenek argazki batek eragiten duen jakinmina geratzen da, dantzari eta dantza zale askok harriduraz ikusten duten argazkia. 1949an, Urdiñarbetarren maskaradak Maulera iritsi ziren eta hiriko plazan, gaztelua atzean dela, egindako agerraldian hartutako argazkia da. Bertan, Zamalzaina, Jacques Larrondo, kherestuen gainetik jauzi eginez ageri da, jauzi izugarria eginez, zinez.
Urdiñarbeko maskaradak, Maule, 1949.
Zuberoan dantza maldan behera zihoala ikusirik, Xiberuko Zohardia sortu zuen 1972. urtean. Elkarteko buru izan zen 30 urtez. Zuberoako dantzen transmisioan oso garrantzitsua gertatu da elkarte hori. Hainbat zuberotar trebatu ziren bere eskutik dantzaren oinarrietan, eta baita manexak ere, izan ere, besteak beste Donostiako Argia dantzari taldeak Jacques Larrondorekin ikasi baitzituen Zuberoako dantzak.
Marcel Bedaxagarrek idatzi duenez, 1988an jantzi zuen azken aldiz zamariaren jantzia Jacques Larrondok. 62 urte zituen, eta Jean Mixel Bedaxagarrek idatzi eta urdiñarbetarrek eszenaratuz uten "Agosti Xaho" pastoralean izan zen.
Dokumentuaren akzioak