Dokumentuaren akzioak
Iratxe Ansari eman diote Espainiako Dantza Saria
Interpretazio alorreko 2020ko Espainiako Dantza Saria jaso du Iratxe Ansa dantzariak. Interprete moduan daukan dimentsioagatik eta teknikagatik aitortu diote saria. Epaimahaiak azpimarratu du “fisikotik harago egiten duen distira” eta “gorputza elikatzeko duen maisutasuna teknika aldakor eta etengabeko bilakaerara iristeko”. Ansaren interpretazioen trataera koreografikoa ere nabarmendu dute epaileek, “ikerketa eszeniko sakonetik abiatuak eta bere dantzatzeko eta sortzeko modu pertsonala definitzen dutenak”. Espainiako Kultura eta Kirol ministerioak aitortutako sariagatik 30.000 euro jasoko ditu.
Dantzaria, koreografoa eta irakaslea
Iratxe Ansa Santesteban (Donostia, 1976) Errenteriako Ereintza dantza taldean hasi zen dantzan. Ondoren, Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan graduatu zen. 14 urte zituela dantza ikasketak Alemanian jarraitzeko Gipuzkoa Foru Aldundiaren beka eskuratu zuen eta Stuttgart-en, John Cranko Schule-n jarraitu zituen dantza ikasketak.
1993-1996 bitartean, Basel Ballet-en aritu zen profesionalki, ondoren, 1996-97 bitartean Portugalen, Gulbenkian Balletean. Nacho Duatok zuzendutako Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean ere dantzatu zuen 1997-2002 urteetan. 2002ean Lyongo Operako Balletean sartu zen eta bertan jardun zuen dantzan 2005 arte. 2005 eta 2006an freelance aritu zen hainbat proiektutan Brusselan, Japonian eta New Yorken. 2006ko abenduan Nederlands Dans Theater-en sartu zen. Ibilbide horretan hainbat sari eta aitortza jaso ditu, esaterako, 2007an Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen saria jaso zuen.
Lyongo Operako Balleterako eta Lines Ballet Junior Konpainiarako koreografiak sortu ditu, baita beste hainbat pieza ere enkarguz eskatuta. 2009an Nederlands Danse Theatre utzi eta freelance moduan hasi zen tailer koreografikoak eskaintzen, proiektu espezifikoetan dantzatzen eta koreografiak sortzen. 2014tik, Igor Bocovichekin batera, dantza garaikidea lantzeko Metamorphosis metodoa garatu du.
Dokumentuaren akzioak