Dokumentuaren akzioak
"Folklorea hutsa, hotza eta esangurarik gabea bihurtzeak kezkatzen gaitu"
Ibarra-kaldu dantza taldeko kideak, Barakaldo, 2022-11-25. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa.
Elkartruke batekin hasi eta 25 urteko bidea egin du Ibarra-kaldu Elkarteak antolatzen duen Barakaldoko Herrien Arteko Folklore Jaialdiak. Euskal Herriko eta inguruetako dantza eta musika oinarria hartu eta urtez urte handitzen joan da jaialdia. Ateak zein leihoak ireki dizkie Ibarra-kalduko kideei, 25 urtean 44 dantza talde, 29 musika talde gonbidatu eta bisita horiek buelta dakarte! Motorrak berotzen hasiak dira hitzaldi, tailer, afari eta erromeriekin, baina ekitaldi nagusiak abenduaren 9-11 izango dira. Taldea osasuntsu dago, 100 bat dantzari dabiltza egun, eta, argi dute, pizgarri handia da jaialdia taldea aktibo jarraitzeko. Aitor Gorostiza musikari eta Ibarra-kalduko kideak erantzun dizkigu galderak.
1997. urtean, Gijoneko 'Excelsior' Folklore taldearekin egin zenuten truketik hasi zen jaialdiaren ideia, ezta?
Bai, hala da. Egia esateko, trukea egin aurretik piztu zitzaigun jaialdia egiteko asmoa, hara gonbidatuta joan ginenean. Bertako jaialdia ikusita, geu ere antzeko zerbait egiteko gai izango ote ginen hasi ginen buruari bueltaka. Azkenean, talde hura gurera ekartzeko aitzakian, ausartu egin ginen eta urte hartan bertan atondu egin genuen lehen jaialdia, Aragoiko Bardenako “Cinco Villas” taldearekin.
Eta arrakasta ikusita jarraipena izan zuen, 25. jaialdira iristeraino.
Bai, baina erraz da esaten atzera begira, 25. ediziora iristean, 26 urte igarota –pandemiak edizio bat ebatsi digu–, baina ez da nahikoa zerbait ondo behin bakarrik egitea. Egun bateko lorea ederra da, baina zimeldu orduko, akabo edertasuna, ondoren jarraipenik ez badu. Horregatik, benetako arrakasta izateko, urtez urte ibili behar da lanean, tematuta, etsitu barik, amore eman gabe, nekeari itzuri eginez. Ibilian ikasten da oinez, eta bide luze honetan asko ikasi dugu, egindako oker askotatik asko ikasiz eta ondo eginak oinarri sendo harturik, baina argi daukagu oraindik ere badugula zer ikasi.
Jakina, ez ginatekeen hona iritsiko bidean lagun izan ditugun babesleak barik, Bizkaiko Foru Aldundia eta, batez ere, Barakaldoko Udala, eta ezin aipatu barik utzi Barakaldo Antzokia, jaialdiaren plaza nagusia izan baita lehendabiziko edizioaz geroztik eta, gaur egun, jaialdiaren sostengu nagusietako bat. Baina horretaz gain, bada beste zerbait urtez urte etengabe jarraitzera bultzatu gaituena: jaialdiaren jarraitzaileen harrera bero eta fidela, urteak joan eta urteak etorri, itzelezko bultzada izan baita beti antzokia gainezka ikustea.
Jaialdiaren ardatzak dantza eta musika dira, ezta?
Bai, biak, eta maila berean, ez bata bestearen morroi. Hasieratik bertatik egun nagusi bi izan ditu jaialdiak, musikak eta dantzak egun bana harturik. Esan liteke jaialdi asko dantza emankizunetara mugatzen direla, baina guk ez genuen nahi musika dantzaren osagarri gisa ager zedin, dantzari laguntzen soilik. Dantza bera ere protagonista izatea nahi genuen, musikak ere baduelako berebiziko pisua folklorean eta kulturan.
Urte hauetan zenbat talde eta ze herrialdeetakoak gonbidatu izan dituzue?
Talde askotxok bisitatu dute jaialdia 26 urteotan. Guztira, 44 dantza talde etorri dira, Espainiako autonomia erkide guztietatik gehienak, eta atzerritik ere beste batzuk, hala nola Andorra, Belgika, Frantzia, Italia edo Portugaletik. Musikari gonbidatuak ere ez dira gutxi izan, eta bisitatu gaituzten dantza taldeetako musikariez gain, beste 29 musika taldek ere hartu dute parte. Eta ezin ahaztu jaialdian bertsolariak, ekitaldietako aurkezpenetan eta berariazko bertso saioetan parte hartu dutenak.
Uste dugu ez dela behar beste eskertzen egiten den ahalegina; beharbada, ez dugulako beti behar beste ikusarazten.
Ze eratako taldeak etorri dira. Zeri begiratu izan diozue taldeak aukeratzeko orduan?
Gurea bezalako dantza taldeak etortzen dira gurera, ez profesionalak. Elkartrukearen bidez egiten dugu, quid pro quo: gaur zuk ni, bihar nik zu… Urtea hastearekin batera hasten gara talde gonbidatuen bila, goiz, baina ez da erraza izaten, jaialdiaren data dela-eta: abenduko jai zubiak bide batzuk irekitzen ditu, baina neguaren atarian zailagoa izaten da jende asko mugiaraztea tokitara joateko, egun gutxiko irteera batean; horregatik, ezin askotan nahiak eta aukerak uztartu, eta ahal denarekin moldatu egin behar, azkenean.
Gogoan izan irabazi asmorik gabeko taldeak garela, eta bidaiatzeko aukera izateaz gain, gogoa, adorea eta kemena eskatzen du honelako jaialdietan parte hartzeak, egun gutxitan joan-etorri luze-luzeak egin behar izaten baitira, askotan. Uste dugu ez dela behar beste eskertzen egiten den ahalegina; beharbada, ez dugulako beti behar beste ikusarazten.
Urtetik urtera egitaraua handitu duzue.
Bai, hasieran pare bat ekitaldi baino ez zuen biltzen egitarauak: musika eta dantza egunak. Baina apurka-apurka ekitaldi mota gehiago gehitzen joan ginen: hitzaldiak, argazki erakusketak, tailerrak, bertso saioak, antzerki saioak eta, aurten, master class bat eta kantu afaria. Beharbada, jaialdiko lehendabiziko gehikuntza izan da esanguratsuena guretzat: jaialdiko hirugarren egun nagusia, alegia, Kanpo Eguna deritzaguna. Horretan, urtero, Bizkaiko beste herri batera eramaten dugu jaialdia. Herri txikiak hautatzen ditugu, ahal dela, jaialdira ekartzen ditugun taldeak guk besteko azpiegitura ez duten taldeekin partekatzeko, herri horietan ere beste kultura molde eta folklore moduak ezagutu ditzaten, eta, kanpoko taldeekin batera aritzeko aukera emanez, bertako taldeei bultzadatxo bat ematearren, tokian tokiko kulturgintza suspertzearren. Hala, Kanpo Eguna hasi zenetik, Bizkaiko 17 dantza taldek hartu dute parte, egun horretakoak antolatzen eta saio horretan dantza egiten.
Pentsatzen dugu horrelako jaialdi batek ateak irekitzen dituela, gero, beste herrialdetako jaialdietan parte hartzeko.
Zalantzarik gabe. Hasteko, gogoan izan elkartrukearen bidez jarduten dugula honelako jaialdietan gabiltzanok, eta, hala, inor handik gurera etortzeko gonbidatzeak gu hara joateko konbitea ohi dakar ordainetan. Baina, hala ere, erantzun egin behar, eta erantzuten jakin ere.
Bai, kanpora joateak zabaldu egiten dizkigu ateak… baita leihoak ere: gurea ez dena ezagutzeko aukera izaten dugu, eta ondorioz, hainbat folklore, kultura eta jende. Horrek burua eta bihotzak zabaltzen laguntzen digu, eta esperientzia berri horietatik ere asko ikasten da. Aberasgarri izaten dira horiek guztiak, hala jaialdia antolatzeko orduan, nola taldearen ohiko jardunerako. Folkloreari begiratzeko modu berriak eskaini dizkigu, baita folklorea aurkezteko bide berriak probatzeko aukera ere.
Folklore jaialdia dantza taldea aktibo izateko giltzetako bat izan daiteke.
Pizgarri handia da jaialdia, bai. Jaialdirako ekitaldi berezia prestatzen dugu beti, urte bakoitzean desberdina, edizio bakoitzean berariaz prestatutako zerbait aurkezteko, bai musika egunerako, bai dantza egunerako. Lagun askoren parte hartzea eskatzen du horrek, eta helmuga zehatz bat jartzen digu, helburu argi bat, eta, hala, buru-belarri jardun ohi dugu, estu eta larri batzuetan, emanaldi egunak heldu arte. Ekitaldien ostean, kanpotik etorritako taldeetako lagunekin egoteko aukera izaten dugu, eta oso giro polita sortzen da orduan, denak elkarrekin dantzan eta jotzen, hangoak eta hemengoak elkarrengandik ikasten. Dantza eta musika, folklorea bera, oholtza gaineko kontua izan ezik, gertutik bizitzeko, aktiboki gozatzeko, harremanetan jartzeko zerbait dela sentiarazten digu horrek guztiak.
Zein da zuen gaur egungo egoera? Zenbat talde dituzue, nola antolatzen dituzue klaseak?
Ezin kexatu, benetan, gauden egoeran gaudela… Adin talde desberdineko bost talde ditugu. Txikienek “Txingurri” taldea osatzen dute, 5-8 urte bitartekoak dira eta astean behin biltzen dira, ordubetez. Neska txikien taldekoak 9-12 urte bitartekoak dira, eta ordu eta erdiz biltzen dira astero. Mutiko txiki eta ertainen taldean 7-12 urte bitartekoak biltzen dira, astero ordu eta erdiz, haiek ere. Neska ertainen taldean 12-15 urte bitartekoak batzen dira eta ordu eta erdiz astero batzen dira. Azkenik, nagusien taldea, 15 urtetik gorakoek osatua, astean bitan biltzen da, ordu biko entseguetarako. Guztira, gutxi gorabehera, 100 bat dantzari, talde guztiak baturik. Pandemiak kalte handia egin zion nagusien taldeari, eta ia belaunaldi aldaketa egin behar izan dugu, gaztetxo asko talde gorenera igarota, baina, pozik, talde horretan, egun, 24 bat neska eta 15 bat mutil biltzen ditugulako. Musikarien taldeak ere aurrera jarraitzen du, pandemia gorabehera, nukleo moduko taldetxo batek modu iraunkorrean diharduela, eta noizean behin kide ohiek unean-uneko laguntza ematen digutela.
Zein dira zuentzat urteko zita garrantzitsuenak?
Urte osoan zehar badira data nabarmen batzuk, eta ez dira gutxi. Inauterietan, Herriko Plazako emanaldia, Barakaldoko beste hiru taldeekin batera, baita auzoko emanaldia ere, astebete beranduago, egun osoz gure elkarteko talde guztiek parte harturik, baita gurasoek ere. Uda hastearekin batera, ikasturte amaierako emanaldia egiten dugu, elkarteko guztiak berriro ere baturik, eta gero, uztaileko karmenetan, Herriko Plazako agertoki nagusiko emanaldia, herriko beste taldeekin batera.
Udazkenera helduta, gure auzoko jaiak izaten dira urrian, eta egun oso bereziak guretzat, egun horietan hamaika emanaldi eta jarduera gauzatzen ditugulako taldeko guztiok, folklorea kaleetara eramanez, jendearen parte hartzea bilatuz, folklorea ikuskizun soila ez dela ikustarazteko, eta auzoko giroari gatza eta piperra emateko.
Eta urtearen hondarrean, gure jaialdia, konpromiso eta ahalegin handiena eskatzen digun ekimena, hala dantzan eta jotzen entseatzeko nola antolakuntzan eta koordinazioan. Baina, horietaz gain, badira hamaika hitzordu gehiago ere: Santa Agedaren ospakizuna, Barakaldon oso errotua, Olentzero, Santa Zezilia, kalejirak…
Nola eragin dizue pandemiako geldialdiak?
Eten luze-luzea ekarri du zoritxarreko pandemiak, eta, ziur aski, talde guztiok antzera edo jo gaitu. Beharbada, musikariek jasan dute kalte handiena, haiek jasan dituztelako debeku zorrotzenak, musikari ez profesionalek entseatzeko erabateko debekua pairatu behar izan baitute pandemiaren murrizketek iraun duten bitartean, dantza taldeek, kide gutxirekin bada ere, batzeko aukera gehiago izan duten artean. Baina guztiontzat izan da txarra: elkarrekiko harremanak eten ditu, ohiko kontaktua galarazita, praktikatzeko maiztasuna ere eten du, eta alderdi askotan igarri da gero: ahalegin fisikoan, trebetasunean… Borondate hutsaren pean jarduten dugu dantza taldeetan gabiltzanok, eta nolabaiteko sakrifizioa egin beharra barneratuta. Hala ere, pandemiak eten egin du hori guztia, lan egiteko dinamika eta ohiturak hautsita.
Jardutea debekaturik edo mugaturik zegoela, nolabait, halabeharrez moldatu behar izan dugu etxean bertan gozo eginda egotera, baita gustura moldatu ere. Baina, gero, normaltasuna itzuli denean, oso zaila gertatu zaie askori diziplinara berriro ere ohitu beharra. Nolanahi ere, askotxo izan dira berriro ere jarduteko irrikan izan direnak, eta horiei esker, aurrera gogotsu egiteko moduan jarraitzen dugu taldean. Ondo dago, bai, inoiz atsedentxoren bat hartzea, baina ezin ezer egin barik egon… Dena dela, alde on batzuk ere izan ditu: nolabaiteko akuilua izan da, burua estutzera behartu baikaitu, aukerak murrizturik eta egoera egun batetik bestera atzera-aurrera aldatzen zelarik aurrera jarraitzeko, jendea baturik mantentzeko, elkarrekiko lotura ez eteteko, eta bide posible berriak jorratzen probatzeko. Eta ez hori bakarrik: pandemiak dantzari nagusien taldeari eragin badio ere, belaunaldi aldaketa beharturik, ez die beste adin taldeei horrenbeste eragin, eta ez dugu ia gaztetxorik edo umerik galdu. Gainera, gazteei nagusien taldera igotzeko ateak ireki dizkie: hori oso ona da, kalteak gorabehera, katea ez duelako eten.
Zein dira kezkatzen zaituzteten joerak edo gaiak?
Folklorea hutsa, hotza eta esangurarik gabea bihurtzeak kezkatzen gaitu. Oholtzan edo plaza erdian jarduten dugula, ikusleak guri begira edukita, egiten duguna guk geuk geuretzat patrimonializatzeko arriskuan eror gintezke, folklorea soilik dantza taldeon jabetzako ondarea dela sinetsita, baina ezin gara horretara mugatu. Uztartu beharko lirateke ikuskizuna eta eginkizuna, hartara, dantza eta musika, ikusi nahiz entzuteko ez ezik, edonork egitekoak ere badirela sentiarazteko. Horregatik, esaterako, modu irekian eskaintzen ditugu erromerietako dantzak ikasteko ikastaroak, taldeko diziplinan sartu beharrik gabe, taldearekin konpromisoa hartzerik eskatu barik. Eta musika ere ahal dugun guztietan ateratzen dugu plazara eta kalez kale, modu ludikoan, gertuko zerbait dela sentiarazteko, ez dela oholtzatik soilik entzuteko zerbait, edota ez dela soilik pub, taberna edo abarretako bozgorailuei darien zerbait, baizik eta inguruko edonork egiten duen edo egin dezakeen zerbait, pasiboki ez ezik aktiboki ere edonork goza dezakeen zerbait.
Zer ematen dio zuen taldeak herriari?
Barakaldo desertu hitzarekin loturik izan ohi den arren, gurea bezalako elkarte eta ekimenetan non loratu badagoela erakutsi nahi diogu jendeari. Azken buruan, jende xeheak osatzen du taldea, eta jende xeheak egina da eskaintzen duguna, gure aurretik aritu zirenek helarazia orain ari direnek jaso eta berregina. Eta gure lanaren emaitzak oholtzan erakusten baditugu jaialdian, plazara ateratzen ditugu gusturago beti, gogoko duguna eginez dakiguna partekatzearren. Ateak irekita ditu beti gure elkarteak, inork interesik baldin badu, gurekin bat egiteko, edota zerbait partekatu nahi badu bertotik zabal dezan.
Eta bertan zabiltzaten norbanakoei?
Elkarrekin harremanak izateko txoko bat. Konpromisoa eta ahalegina sustatuz, elkarrekin lan egiteko bilgune bat. Nork bere ekarpenak zabaltzeko eta elkarrengandik ikasteko toki bat.
Orokorrean nola ikusten duzue Euskal Herriko dantza mundua?
Aldakorra, baina berez zerbait dinamikoa delako, halabeharrez. Folklorea lantzeko gero eta bide gehiago ikusten dira, eta gero eta normalagoa da bideok probatu eta jorratu nahi izatea. Ziur gaude iraganean ere askotan egin dela hori, eta gaur egun sustrai sakontzat jotzen dugun ezaugarri asko, kimu berria izango ziren inoiz; egun aldaezinezko dogmatzat jotzen omen diren ezaugarri batzuk berrikuntza izango ziren inoiz. Izan ere, gizartearen produktua da kultura, eta harekin batera aldatu behar du, kultura bizia izateko, bestela, izateko arrazoia galtzera kondenatzen da, zerbait hutsa, esangurarik gabea. Eta, horrenbestez, era berean aldatzen dira dantzatzeko edo jotzeko motibazioak, testuinguruak, giroak, rolak… Baina, zalantzarik gabe, historian zehar horrela izan baita beti, folklorea eta kultura etengabe aldatzen joan dira, garai berrietara egokitzen, bizirik iraun eta aurrera egiteko. Eta taldeetan dabilen jendea ere aldatzen doa, eta horri esker gaztetu egiten dira taldeak, odol-berrituta, arnasberrituta, bizitzari begiratzeko modu berriak ekarrita.
Dokumentuaren akzioak