Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ibarra-kaldu elkartea Barakaldoko folklore jaialdia 25. ediziora iritsi da

Dokumentuaren akzioak

Barakaldoko folklore jaialdia 25. ediziora iritsi da

2022/11/16 14:00

Barakaldoko Herrien arteko Folklore Jaialdiak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu abenduan, 25. ediziora iritsiko baita aurtengoan. Beurko-Bagatzako Ibarra-kaldu elkarteak antolaturik, jaialdiaren egitaraua azaroaren 25ean abiatuko da, abenduaren 11 arte. Jaialdiak babesle ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Barakaldo Antzokia eta Kutxabank, eta laguntzaile, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, Metro Bilbao, Kilika Bertso Eskola eta, aurtengo kanpo egunean, Urduñako Erauntsi dantza taldea.

Ohi denez, ekitaldi nagusiak Barakaldo Antzokian egingo dira, abenduaren 9an eta 10ean, ostiral eta larunbata, hurrenez hurren, eta jaialdia Barakaldotik kanpora eramaten den eguneko emanaldia Urduñan egingo da, abenduaren 11n, igandea. Baina ekitaldi nagusiez gain, badira beste batzuk ere, atariko ekitaldiak, hain zuzen ere, aurreko bi asteetan garatzen direnak.

Duela 26 urte abiatu zen jaialdia eta behin bakarrik eten da, pandemia dela-eta, 2020ko edizioan, hain zuzen. Talde ugarik hartu dute parte aurreko 24 edizioetan, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, izan ere, 44 dantza talde izan dira guztira, Estatuko autonomia erkidego guztietatik etorrita, baita beste estatu baltzuetatik ere (Andorra, Belgika, Frantzia, Italia eta Portugal). Horietaz gain, 29 musika taldek eta hainbat bertsolarik ere hartu dute parte musika egunean. Baina dantza eta musika talde horietaz gain, Bizkaiko 17 talde ere izan dira, anfitrioi lanetan, Barakaldotik kanpo egiten den eguneko emanaldian.

 

Atariko ekitaldiak

  • Hitzaldi dantzatua

Euskal Herriko folklorearen alderdi desberdinak aztertzen jarraitzeko, edizio honetan hitzaldi berezi bat izango dugu: hitzaldi dantzatua. Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan egingo da, azaroaren 25ean, ostirala, 19:30ean. Hizlari eta gidari, Gari Otamendi dantzari-musikaria eta Oier Araolaza dantzaria arituko dira. “KORROTIK PIKUTARA: EUSKAL DANTZAREN HISTORIA BAT DANTZAREN BIDEZ KONTATUA” izenburupean, dantzaren bidez azalduko dute Euskal Herriko dantza tradizionalek zer-nolako bilakaera izan duten: biribiletik hasita, soka, ingurutxoa eta kontradantza igarota, bikote-dantzak eta, azkenik, norbanako dantza iritsi arte, hots, zirkulutik dispertsiora.

  • Dantza tailerra

Herrien arteko Folklore Jaialdiaren aurtengo bigarren ekitaldia Barakaldo Antzokiarekin elkarlanean antolatu da. Master class formatupean, Jon Maya arituko da gidari, Kukai dantza konpainiako zuzendari, koreografo eta dantzaria bera, eta "DANTZA TRADIZIONALA LABORATEGIAN" izenburupean, dantza tradizionalean bila daitezkeen jorrabideak aztertuko dira. Azaroaren 26an izango da, larunbata, 10:30etik 13:30era, Barakaldo Antzokiko Dantzalabea gunean. Plaza kopurua mugatua da eta aurretiaz eman behar da izena, Barakaldo Antzokiaren webgunetik bertatik.

  • Zirku emanaldia

“Malas Compañias” antzerki konpainiaren 15. urteurrena dela-eta, zirkuaren mundua sartu da jaialdiaren egitarauan, azken urteetako ildoari helduz, txikienei zuzendutako jarduerak antolatzen jarraitzeko. “Malas Compañias” taldeak berariazko ikuskizun berezi bat eskainiko du, edizio honetarako sortua, “15 urte, Malas Compañias lagun” izenburupean. Azaroaren 26an izango da, larunbata, 19:00etan, non eta leku berezi batean: Zirkodomoan, Barakaldoko Arauti kalean, taldearen proiektu esanguratsuen jokalekuan bertan. Plaza kopurua mugatua da eta aurretiaz hartu beharko dira gonbidapenak, dela Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan, dela Zirkodomoan bertan.

  • Bertso afaria

Aurten ere izango dugu bertsolaritza jaialdiaren egitarauan, bertso afariaren formatupean, berriro ere. Abenduaren 2an izango da, ostirala, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan, 21:30ean hasita. Sarrerak 15 euro balio du. Ekitaldia Kilika bertso eskolarekin batera antolatu da. Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren egutegi bete-betea dela eta, ez dago oraindik ere lotuta zer bertsolarik hartuko duten parte, baina ziur eutsi egingo zaiola aurreko edizioetako mailari, zalantzarik gabe, eta luze gabe jakinarazi ahal izango ditugu izenok.

  • Erromeria

Herrien arteko Folklore Jaialdiaren zilarrezko edizioan jendeak parte hartze handiagoa izan dezan nahi dute antolatzaileek, eta, horregatik, erromeria bat prestatu da, guztiei irekia, Aiko Taldearen eskutik, Sabin Bikandi eta Patxi Laborda kideek gidaturik. Abenduaren 8an izango da, osteguna, Barakaldoko Pilotalekuan, 19:30ean hasita, eta sarrera doan izanik.

Ekitaldi nagusiak

Hiru dira jaialdiaren ekitaldi nagusiak: musika jardunaldia, dantza jardunaldia eta kanpoko jardunaldia. Ekitaldi horietan guztietan doakoa da sarrera.

  • Musika Jardunaldia

Abenduaren 9an, ostirala, izango da Barakaldo Antzokiko Musika Jardunaldia, 19:30ean hasita, eta, oraingoan, Euskal Herriko hiru taldek jardungo dute bertan. Batetik, Santutxuko Gaztedi dantzari taldeko musika talde bikaina izango dugu, Bilboko talde beteranoenak 70. urteurrena oraintsu ospatu ondoren, pandemiak iaz zapuztutako ospakizuna aurten burutu berri baitu. Bestetik, kalitate handiko hirukote bat: Ruben Isasi trikitilaria, Xabier Valle gaita, alboka eta abar askoren jotzailea eta Argibel Euba perkusio-jotzailea. Amaitzeko, Ibarra-kaldu talde anfitrioiak, taldekide ohien eta lagun ohien laguntzarekin, Herrien arteko Folklore Jaialdiaren 25 urteak zeharkatuko ditu.

  • Dantza Jardunaldia

Abenduaren 10ean, larunbata, izango da Barakaldo Antzokiko Dantza Jardunaldia, 19:30ean hasita, eta berriro ere anfitrioiarekin batera, bi talde bisitarik parte harturik, pandemiak halabeharrez ekarritako etena eta badaezpadako formatu aldaketak igaro ondoren. Gonbidatuak Kantabriatik eta Galiziatik datoz: Torrelavegako Tanos herriko Virgen de las Nieves dantza taldea, eta Lugoko Lieiro herriko Mistura folklore taldea. Haiekin batera, Ibarra-kaldu, eta, HAFJ jaialdiaren zilarrezko ezteiak ospatzeko, hainbat dantzaren bidez azalduko dute anfitrioiek jaialdiaren bilakaera, jaialdiaren ibilbidean dantzak oholtzan aurkezteko taldeak erabili dituen bide desberdinak erakutsiz, ohi den bezala, berariazko ikuskizuna prestaturik.

  • Kanpoko Jardunaldia

Aurten Urduñan egingo da Kanpoko Jardunaldia, jaialdiak Bizkaiko beste udalerri bat bisitatzen duen egunekoa. Abenduaren 11n izango da, igandea, Urduñako udal-pilotalekuan, 13:00etan. Bertako Erauntsi dantza taldea arituko da, aurtengo talde bisitariekin batera.

 

Eranskina: Herrien arteko XXV. Folklore Jaialdiaren egutegia

Atariko ekitaldiak

Azaroak 25, ostirala

19:30 - Hitzaldi dantzatua. Oier Araolaza eta Gari Otamendi. Lekua: Ibarra-kaldu elkartearen egoitza

"KORROTIK PIKUTARA: EUSKAL DANTZAREN HISTORIA BAT DANTZAREN BIDEZ KONTATUA"

Azaroak 26, larunbata

10:30-13:30 - Master Class: Jon Maya. Lekua: Dantzalabea gunea (Barakaldo antzokia)

«DANTZA TRADIZIONALA LABORATEGIAN»

19:00 - Haurrentzako zirku ikuskizuna. Lekua: Zirkodomo

15 URTE “MALAS COMPAÑÍAS” LAGUN

Abenduak 2, ostirala

21:30 - BERTSO-AFARIA. Lekua: Ibarra-kaldu Elkartea

[OHARRA: Bertsolariak, oraindik zehazteke]

Abenduak 8, osteguna

19:30 - Erromeria “Aiko” taldearekin. Lekua: Barakaldoko Pilotalekua.

Ekitaldi nagusiak

Abenduak 9, ostirala

19:30 - Musika Jardunaldiko emanaldia (Barakaldo antzokia)

  • “Gaztedi” dantzari taldeko musikariak (Santutxu, Bilbo)
  • Ruben Isasi, Xabi Valle eta Argibel Euba (Euskal Herria)
  • “Ibarra-kaldu” (Beurko-Bagatza, Barakaldo)

 

Abenduak 10, larunbata

19:30 - Dantza Jardunaldiko emanaldia (Barakaldo antzokia)

  • Kantabriako “Virgen de las Nieves” dantza taldea (Tanos, Torrelavega)
  • Galiziako “Mistura” dantza taldea (Lieiro, Lugo)
  • Barakaldoko “Ibarra-kaldu” dantza taldea (Euskal Herria)

 

Abenduak 11, igandea

13:00 - Kanpoko Jardunaldiko dantza emanaldia (Urduñako udal-pilotalekua)

  • Kantabriako “Virgen de las Nieves” dantza taldea (Tanos, Torrelavega)
  • Galiziako “Mistura” dantza taldea (Lieiro, Lugo)
  • Urduñako “Erauntsi” dantza-taldea (Euskal Herria)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ibarra-kaldu elkartea

Ibarra-kaldu elkartea

Ibarra-kaldu elkartea 1966an sortu zen, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan.

Herrien arteko Folklore Jaialdia antolatzen du, 1997az geroztik.

S. Jose kalea z.g. 40901 Barakaldo (Bizkaia) Tel: 94 478 10 38

http://ibarrakaldu.webcindario.com