Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eltziegon Valduengo paloteadoa estreinatu dute

Dokumentuaren akzioak

Eltziegon Valduengo paloteadoa estreinatu dute

2017/07/10 09:10
Eltziegon Valduengo paloteadoa estreinatu dute

Eltziegoko Valduengo makila-dantza. Eltziego, 2017-07-01. Argazkia: Jon Fernandez

Uztailaren 1ean Valduengo izena jarri dioten makila-dantza egin dute estreinakoz Eltziegon. Badira herrian egun esanguratsuetan dantzatzen diren bertako dantzak, Valduengo paloteadoarekin herriko errepertorioari makila-dantza bat gehitu diote.

Eltziegoko Valduengo makil-dantza 1
Eltziegoko Valduengo makila-dantza. Eltziego, 2017-07-01. Argazkia: Jon Fernandez

Irailaren 8an, Plazako Ama Birjinaren aurrean, egiten dira gaur arte mantendu diren Eltziegoko dantzak: pasacalles, dantza, cuatro calles, el arbol eta jota. Santa Isabel jaietako larunbatean, berriz, pikotan egiten dute emanaldiak herriko dantzariek. VXI. mendean Guardiarekiko lortu zuten independentzia ospatzen dute. Pikotan el arbol eta jota dantzatzen dituzte, baita herriko bandera ere. Santa Isabeletan, arbol dantzan, makilaren inguruan dantzatu beharren, pikotaren inguruan aritzen dira dantzariak.

Eltziegoko Valduengo makil-dantza 3
Eltziegoko Valduengo makila-dantza. Eltziego, 2017-07-01. Argazkia: Eltziegoko gaiteroak

Makila-dantzak ere dantzatu izan dituzte azken urteetan, ez bertakoak ordea, Villabuenakoak. Hala ere, herrian noizbait bertako makila-dantzak dantzatzen zirenaren arrastoa bazuten. Hortik, Eltziegoko paloteado berri bat sortzea pentsatu zuten.

Valduengo, Eltziegoko makila-dantza berria

Eltziegoko gaiteroek konposatutako doinu batekin, Amagoia Egiluzek eta Jon Fernandezek koreografia osatu dute. Valduengo izenak Eltziegoko leku-izen bati egiten dio erreferentzia. Makila-dantzak, Arabako Errioxako gainerako makila-dantzen oinarriak ditu. Lau kaleen egitura du, herriko cuatro calles dantzaren gisan.

Eltziegoko Valduengo makil-dantza 2
Eltziegoko Valduengo makila-dantza. Eltziego, 2017-07-01. Argazkia: Eltziegoko gaiteroak

Fernandezek esan digu, bigarren makila-dantza bat ere sortu dutela. Hasierako ideia, irailaren 8an aurkeztea zen, baina seguruenez aurreragorako utziko dute. Dantza berriak herrian ondo errotuko direla ematen du, Fernandezek kontatu digunez, lehenengo agerraldian herritarrek oso pozik, txalo eta animo artean hartu baitzituzten dantzariak.

Eltziegoko Valduengo makil-dantza taldeko argazkia
Eltziegoko dantzariak, gaiteroak, Amagoia Egiluz, Fon Fernandez eta Luis Aldazabal alkatea. Eltziego, 2017-07-01. Argazkia: Jon Fernandez

Hemen dituzue pikotan dantzatu zuten Valduengo makila-dantzako irudiak:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.