Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Libertimendua, zanpantzar eta hiru erregeen festen infuruko fitxak osatu ditu EKEk

Dokumentuaren akzioak

Libertimendua, zanpantzar eta hiru erregeen festen infuruko fitxak osatu ditu EKEk

2020/11/12 08:00
Libertimendua, zanpantzar eta hiru erregeen festen infuruko fitxak osatu ditu EKEk

Libertimendua, Donapaleu, 2018-02-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ipar Euskal Herrian ospatzen diren hainbat neguko festen inguruko inbentario-fitxak osatu ditu Euskal Kultur Erakundeak. Besteak beste, Libertimendua, Santibate, Trufania eta Zanpantzar jaien buruzko informazioa bildu dute. 2015. urtetik ari da EKE dantza-praktikei loturiko fitxak osatzen. Thierry Truffaut eta Terexa Lekunberri antropologoek, 2015-2018 urteetan, Zuberoako dantza-maisuak, Besta Berri eta Lapurdiko kaskarotei buruzko inbentario fitxak egin zituzten eta azken bi urtetan neguko festei buruzkoak egin dituzte:

Errege magoen jaia

Trufania Donibane Lohizuneko Epifaniaren eta Erregeen festa da, urtarrilaren 6 aurreko igandean ospatzen da. Errege eta bere laguntzaileen prozesioa eta eliza barruan egiten den Sakramentu Santuaren gurtzak osatzen dute festa. Hiru mutil koskorrek irudikatzen dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak, baina guztira hogeita hamar bat haurrek hartzen dute parte jaian. Tradizio horren jatorria XVI. mendearen erdialdean kokatzen omen da, Donibane Lohizuneko marinelek Besta Berri jaia Gabon ondorenean ospatzea eskatu zutenean. Ekainean ezin izaten baitzuten Besta Berri ospatu, arrantzuko denboraldia izanik, herritik urrun egoten baitziren. 

Hiru erregeak
Hiru erregeak eta laguntzaileak, Donibane Lohizune, 2019. Argazkia: Thierry Truffaut

Hiru erregeak
Hiru erregeak eta laguntzaileak, Donibane Lohizune, 1930. Argazkia: Jeanne Salharen bilduma

Zirtzilak eta bolantak

Santibate eta Libertimendua Nafarroa Beherean ospatzen diren inauterietako jaiak dira. Santibaten gazteak etxez etxe edo ostatuz ostatu ibiltzen dira kantuan, dantzan edo bertsotan, zirtzil jantzita. Aste batzuk beranduxeago ospatzen da libertimendua. Bertan, zirtzilekin batera bolantak ateratzen dira kalera, denek batera segizioa egin eta bolantek plaza hartzen dute. Dantza, musika, antzerkia eta bertsoak uztartzen dira.

Santibate
Santibate, Irisarri, 2019. Argazkia: Thierry Truffaut

Libertimendua
Libertimendua, Donibane Garazi, c. 1925. Argazkia: Michel Aurnageren bilduma

Libertimendua
Libertimendua, Makea, 2019. Argazkia: Thierry Truffaut

Inauterien amaiera

Zanpantzar jaiak inauterietako azken egunetan antolatu ohi dira. Baionan, Atharratzen, Uztaritzen edota Donibane Lohizunen ospatzen da. Zanpantzar, panpina edo antzezle batek irudikatuta, kalean zehar segizioan erakusten dute eta ondoren, plazan epaitzen dute. Momentu horretan herriari, politikari, moralari edota elkarbizitzari lotutako zenbait kontu plazara ateratzen dituzte eta ezbehar eta zoritxar guztien errua Zanpantzarri botatzen diote. Azkenean, plazan kondenatu eta erre egiten dute.

Zanpantzar
Zanpantzar jaun-andereak, Baiona, 1914. Argazkia: Thierry Truffauten bilduma

Zanpantzarren epaiketa
Zanpantzarren epaiketa, Uztaritze, 2019. Argazkia: Thierry Truffaut

Ondare immaterialaren bilketa

2015ean, Frantziako kultura ministerioak, kultura ondare immaterialaren alor batean gaitasunak dituzten laborategi eta elkarteei zuzendutako egitasmo deialdia abiarazi zuen. EKEk eskuratu zuen deialdian eta horri esker dantza, erritu eta ospakizunen inguruko inbentario fitxak egiten ari dira azken urteetan. Praktika horiek mementoan agertzen diren bezala deskribatzen dituzte.

Thierry Truffaut eta Terexa Lekunberri antropologoek idatzi dituzte EKE osatzen ari den inbentario-fitxak, hainbat ikertzaile eta adituren ekarpenekin. Fitxak, EKEk kudeatzen duen "Eleketa" programaren baitan bilduak izan diren lekukotasunez aberastu dira.

Informazioa: EKE-k euskal kultura ondare immaterialaren 4 inbentario-fitxa berri plazaratzen ditu (Eke.eus)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.