Dokumentuaren akzioak
Zuberoako dantza-maisuak, Besta Berri eta Lapurdiko kaskarotei buruzko inbentario fitxak egin dituzte
Euskal kultura ondare immaterialaren bost inbentario-fitxa argitaratu ditu eta beste bost argitaratzea aurreikusten du Euskal Kultur Erakundeak. 2015ean, Frantziako kultura ministerioak, kultura ondare immaterialaren alor batean gaitasunak dituzten laborategi eta elkarteei zuzendutako egitasmo deialdia abiarazi zuen. EKE saridun izan zen eta horri esker, azken bi urteetan dantza praktikei lotuak diren bost inbentario-fitxa osatu ditu. Honakoak dira orain arte osatutako fitxak (frantsesez):
- Zuberoko dantza maisuak eta dantza eskolak (pdf)
- Errejentaren rola (pdf)
- Kabalkada-Toberak (pdf)
- Besta Berri (pdf)
- Ihauteri garaiko etxe itzuliak Lapurdin (pdf)
Orain arte egin diren fitxetan xehetasun handiko informazio interesgarria jaso da. Esaterako, Zuberoan 2017an 18 dantza eskola identifikatu ditu inbentarioan eta XX. mendeko dantza-maisu ezagunen erreferentziak jaso dituzte (Elixiri, Elgoien, Hegobürü,...). Lapurdiko inauterien testigantza zaharrena 1289koa dela ikus dezakegu, Baionan inauterien inguruan izandako debeku batena.
Ahozko eta idatzizko informazioaz gain, argazki ugari jaso dira fitxetan. Kaskaroten argazki zaharrena topa dezakegu, Ezpeletan 1883an egindakoa. 1920an Lapurdin zuriz jantzitako emakumeak fandangoa dantzatzen erakusten duten argazki eder bat ere bai. Inauterietako pertsonaien (kaskarot, ponpierra, kotilun-gorri, hartza,..) inguruko informazio eta irudi ugari dago.
Unesco-k 2003an onartu zuen kultura ondare immaterialaren babestearen aldeko hitzarmena, 2006an berretsi zuen Frantziak. Hitzarmen horren arabera, "Estatu bakoitzak beharrezko neurriak hartu behar ditu bere lurraldeko kultura ondare immateriala (KOI) babesteko. […] Babestu behar den ondare horren identifikazioa segurtatzeko, Estatu bakoitzak bere lurraldean kokatua den kultura ondare immaterialaren inbentario bat edo gehiago egin behar ditu".
Thierry Truffaut eta Terexa Lekumberri antropologoek idatzi dituzte EKE osatzen ari den inbentario-fitxak, hainbat ikertzaile eta adituren ekarpenekin. Fitxak, EKEk kudeatzen duen "Eleketa" programaren baitan bilduak izan diren lekukotasunez aberastu dira.
2018-2019an, EKEk bost inbentario-fitxa berri sortuko ditu. Horiek, Euskal Herriko neguko bestak aztertuko dituzte:
- Trufania
- Zanpantzar
- Antzara Jokoa
- Baionako idiak eta Hazparneko behi lasterketak
- Santibate eta Libertimendua
Informazioa: EKE-k euskal kultura ondare immaterialaren 5 inbentario-fitxa plazaratzen ditu
Dokumentuaren akzioak