Dokumentuaren akzioak
Egokitu ala bertan behera geratu, honela ari dira moldatzen asteotarako aurreikusitako dantza erritoak
Normalitate berrira sartu gara, baina aurtengoan ez dira San Joan bezperako suak piztearekin batera hasiko udako jaiak eta dantzak. Segurtasun neurriak direla eta udako jai gehienak bertan behera gelditu dira eta horiekin batera baita dantzarien saio asko eta asko ere. Udako solstizioaren segidan ospatzen diren San Joan eta San Pedro jaietan dantzariek zita garrantzitsuak izan ohi dituzte Euskal Herriko hainbat lekutan eta ezohiko formatuan bada ere zenbait herritan dantzariek ez dute hutsik egingo.
San Joan bezpera
Antzuolan, Beasainen, Lezon eta Donostian soka-dantzak egingo dituzte egokitzapenekin. Antzuolan Oinarin dantza taldeko kideek San Joan dantzak eskainiko dituzte herriko auzoetan, iluntzeko 19:00etatik 20:30ak bitartean. Herriko plazan ez da zuhaitzik igoko eta surik piztuko eta soka-dantza ez da plazan egingo, baina Oinarin dantza taldeko dantzariak auzoz auzo sakabanatu eta herritarrek balkoietatik soka-dantzako zatiak ikusi ahal izango dituzte. Beasainen ere aritu dira entseatzen neskatxen esku-dantza eta asmoa da ikuslerik gabe gauzatzea dantza errituala.
San Juan bezperako soka-dantza murriztua egingo dute Lezon dantzari helduek. Segurtasun neurri zorrotzak beteko dituzte, bai ikusleei eta baita parte-hartzaileei dagokienez. Plaza itxi egingo dute eta sarrera dutenak bakarrik sartu ahal izango dira. Dantzari eta musikariei emanaldia hasi baina ordu bat lehenago tenperatura hartuko zaie eta gero dantzariak ez dira ukituko, eta zapi batekin osatuko dute soka.
Donostian piztuko da sua, baina hiri osoan bakarra, Konstituzio plazan. Urtero moduan Goizaldi taldeko dantzariak eta udal ordezkariak dantzatuko dira suaren inguruan eta horiez gain Donostiako beste sei dantza taldeetako (Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Kresala, Trebexka) bina dantzari ere bai. Udalaren Youtubeko kanalean eta ETBn ikusi ahal izango da ekitaldia, plazan 120 pertsona izango dira zozketaz egokituta.
Arrasaten ere plaza nagusira mugatuko da jaia. Dozenaka herritarrek parte hartzen duten errementari-dantza ez da egingo, baina plazan ekitaldi berezia egingo da herriko dantzari, txistulari, trikitilari eta gaiteroekin. Lore Gazteak eta txikitxu-Arrostaitz taldeetako dantzariek San Joan Zortzikoa dantzatuko dute. Goiena telebistan zuzenean ikusi ahalko da ekitaldia.
Errenterian eta Leitzan, berriz, zuzeneko dantza saiorik ez da izango, baina aurrez dantzak grabatu dituzte eta San Joan bezperan zabalduko dituzte irudiak. Errenteriako Ereintzak taldeak soka-dantza sinbolikoa irudikatuz egindako bideoa argitaratuko du. Soka-dantza horretan udalbatzak ere parte hartuko du. Leitzan ere ingurutxoa prestatzen ibili dira norbere kasa. Bakoitzak etxean dantzatutako zatien grabazioak elkartu eta San Joan bezperan kaleratuko dute.
San Joan Eguna
Andoainen axeri-dantzako jokoak bizi dugun egoerara moldatuta dituzte. Herrian talde txikitan eta segurtasun neurriak beteta arituko dira axeri-dantzariak. 12:00etan herriko plazan denak batera beharrean, herrian zehar sakabanatuta ibiliko dira dantzan.
Eibarren ere soka-dantza egokitu egingo dute. Untzaga plazan dantzatu ohi dute Kezka dantza taldeko dantzariek, baina aurtengoan Coliseo antzokian egingo dute. Horrela sarrera mugatua izango da eta Eibarko Udalak bere kanalaren bidez zuzeneko emisioan sareratuko du iluntzeko 20:30ean.
San Pedro Eguna
Formatu berezian dantzatuko dituzte bai eguzki-dantza, baita kaxarranka ere. Ez dira plazan dantzatuko; edukiera mugatzeko helburuarekin Abaroa parkean dantzatuko dira. Kaxarranka osorik egingo da, baina eguzki-dantza osorik egingo badute ere laburragoa izango da lekua txikiagoa baita. Berrizen, berriz, jaiak eta dantza guztiak bertan behera utzi dituzte aurtengoan. Hala ere, dantzariak bideo bat grabatzen ari dira herrian zehar eta auzoetan dantzatuz.
Dokumentuaren akzioak