Dokumentuaren akzioak
Dantzariei Zugarramurdirako gonbitea: Gipuzkoako Dantza Zahar-Berriak
Lehengo gutunetan esaten genuena errepikaturik, Iztuetak 1826an bildutako dantza-partituretan, Frantziako Erreboluzio Handiarekin modaz pasata eta galdutako Gipuzkoako dantzen artean, gure eta gu baino jakintsuago diren beste batzuen ustez, dozena eta erdi bat Baztango Mutil-dantzen edo Iparraldeko Mutxiko edo Jauzien familiakoak izan litezke, Iparraldean bildu diren beste soinu batzuekiko paralelismo handiak dituztelako.
Gure asmoa eta hurrengo proiektua, beraz, musika hauek prestatu eta berpiztea da, eta Baztango dantzarien laguntzaz (Mari Cruz Goñi, Amadeo Arretxea eta abarren laguntzaz, hain zuzen ere) dantza hauek berriro moldatzen gabiltza, ahal dela berriz dantza-doinu hauek plazara ekartzeko, modu moderno eta gozagarri batez, gaur egungo dantzazale guztiek goza ahal ditzaten.
Aurrerantzean, nahi duten lekuetan, Oskorriren kontzertuetan Baztango dantzari batzuk edukiko ditugu eszenatokian, haietako batek mikrofono inalanbriko batez urratsak kantatuko dituela, publiko artean nahi dutenek ere dantzan egin dezaten. Jakina, gure gogoa nonahi plaza bete dantzari ikustea litzateke, eta horretarako zuen laguntza behar dugu.
Gure plana Internet bitarteko Klub moduko bat sortzea da eta, zuen e-mailak eta zuen lagunenak izanik, prestatzen joango garen dantzen musikak eta bideoak helarazi, ikas ditzazuen eta, zuen herrian edo albokoren batetan jotzen dugunean, anima zaitezten dantzari etortzen gurekin eta Baztango dantzariekin.
Ikaraturik gaude dantzarien partetik jasotzen ari garen berotasunarekin, eta horrek animo bereziak ematen dizkigu gauzak ahalik eta hobekien eta ederren egiten, ea benetan, guztion parte hartzeaz, jende pilo handiak biltzen ditugun plaza guztietan dantzari.
Dagoeneko, e-mail pilo bat lortu dugu, baina askoz ere gehiago dira falta zaizkigunak ditugunak baino eta horregatik eskatzen dizuegu, mesedez, mezu hau eta bidaltzen dizkizuegun adjuntu guztiak zuek ezagutzen dituzuen dantzazale guztiei errebotatzeko; hau oso-oso inportante da egitasmoari ahalik eta zabalkunderik handiena emateko. Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan oraingoz ez dugu lortu nahi besteko sozio gure Klubean, eta bizkaitar eta giputzei eskatzen diziegu indar berezi bat egiteko, mesedez.
Lehen lau dantzak jada Gasteizen estreinatu genituen eta oso ongi gainera, eta orain bidaltzen dizkizuegun beste 3 hauek larunbatean, ekainaren 19an, Zugarramurdiko Sorginaren Egunean, arratsaldeko 20:00etan estreinatuko dira, nahi baduzue dantzari etortzeko gonbidatuta zaudete denok, hori bai, dantza berriak direnez eta ez folkloretik jasotakoak, dotore baina moderno jantzita etortzeko eskatzen dizuegu, ez ekarri, mesedez, antzinako jantzirik. Entzun eta ikusi nahi badituzue sar Youtube-n eta eska Oskorri Dantzak.
Material osoa prest daukagunean, datorren udaberrian edo, CD-DVD-liburu bat argitaratu nahi genuke, dantzak entzun, ikusi eta ikasteko informazioak bilduko lituzkeena. ETBrako programa bat prestatu ere, leku enblematikoetan (Haizearen orrazian, Iberdrolako Heliportuan, Guggenheimeko zelaian, Gasteizko Foru Plazan, Iruñeko Baluarten, Baionako Herriko Etxean,…) filmazioak, ahalik eta dantzari gehienekin eginez, ukitu hiritar eta moderno bat eman nahirik gure dantza zahar berritu hauei.
Berriz gogoratzen dizuegu, zuen eta zuek ezagutzen dituzuen beste talde eta dantzazaleen e-mailak beharko dizkiguzue bidali, aurrerantzean ere harremanetan jarraitzeko eta, beste dantza batzuk prestatu eta estreinatu ahala, material eta konbokatoria berriak bidali ahal izateko, kontutan hartu faborez!! , bestela kontaktua galduko dugu-eta, helbide honetara: natxooskorri@euskalnet.net
Ea bada, laster arte. Eskerrik asko, aldez aurretik, zuen laguntzarengatik.
Oskorriren izenean
Natxo de Felipe
Dokumentuaren akzioak