Dokumentuaren akzioak
Oskorrirekin Gipuzkoako dantza zahar-berriak dantzatzen ikasteko bideoak
Iztuetak 1826an bildutako dantza-partiturak, doinu zaharrei dagozkienak, dantzan jarri nahi ditu Oskorrik bere proiektu berrian. "Frantziako Erreboluzio Handiarekin modaz pasata eta galdutako Gipuzkoako dantzen artean, gure ustez, dozena eta erdi bat Baztango Mutil-dantzen edo Iparraldeko Mutxiko edo Jauzien familiakoak izan litezke, Iparraldean bildu diren beste soinu batzuekiko paralelismo handiak dituztelako".
Baztango Mari Cruz Goñi, Amadeo Arretxea eta beste zenbait dantzariren laguntzaz dantza horiek moldatzen dabiltza Oskorrikoak, berriz dantza-doinu horiek plazara ekartzeko, "modu moderno eta gozagarri batez". "Errekreazio bat" egiteko asmoa dute, "ez tradizioaren errekuperatze lan sakona", eta dantza-plaza animatzea dute asmo nagusia. Oskorriren kontzertuetan Baztango dantzari batzuk izango dira eszenatokian, eta haietako batek urratsak kantatuko ditu, publiko artean nahi dutenek ere dantzan egin dezaten.
Lehena gasteizen
Lehen emanaldia maiatzaren 23an, Gasteizko Plaza Berrian egingo da, eguerdiko 13:00ean, eta bertan estreinatuko dira lehen lau dantzak: Kuarrentako erregela, San Sebastian, Galantak eta Ehun dukatekoa-Betronio Handia.
Bigarren emanaldia ekainaren 19an, Zugarramurdiko Sorginaren egunean izango da eta bertan beste hiru dantza estreinatuko dituzte.
Datorren urtera begira, CD-DVD-liburu bat argitaratzeko asmoa du Oskorrik.
Dokumentuaren akzioak