Oskorriren proiektu berria: Gipuzkoako Dantza Galduak
Frantziako Erreboluzio Handiarekin modaz pasata eta galdutako dantza hauek guretzako beti izan dute misterio berezia, eta gainera musikalki oso erakargarriak suertatzen zitzaizkigun zuten kolore primitibo eta txundigarri diferentearengatik.
Gure asmoa bada, musika hauek prestatu eta berpiztu eta, Iztuetaren informazioak kontutan hartuta, ahal dela berriz dantzok plazara ekarri, modu moderno eta gozagarri batez, gaur egungo dantzazale guztiek goza ahal ditzaten.
Horretarako, egun dantza klase horrek oraindik bizirik dirauen inguruko dantzariengana jo genuen, Baztango dantzariengana hain zuzen eta, Mari Cruz Goñi, Amadeo Arretxea eta abarren laguntzaz, dantza hauek berriro moldatzen gabiltza.
Aurrerantzean, nahi duten lekuetan, Oskorriren kontzertuetan Baztango dantzari batzuk edukiko ditugu eszenatokian, haietako batek mikrofono inalanbriko batez urratsak kantatuko dituela, publiko artean nahi dutenek ere dantzan egin dezaten. Jakina, gure gogoa nonahi plaza bete dantzari ikustea litzateke, eta horretarako zuen laguntza behar dugu.
Gure plana Internet bitarteko Klub moduko bat sortzea da eta, zuen e-mailak izanik, prestatzen joango garen dantzen musikak eta bideoak helarazi, ikas ditzazuen eta, zuen herrian edo albokoren batetan jotzen dugunean, anima zaitezten dantzari etortzen gurekin eta Baztango dantzariekin.
Material osoa prest daukagunean, datorren urtean edo, CD-DVD-liburu bat argitaratu nahi genuke, dantzak entzun, ikusi eta ikasteko informazioak bilduko lituzkeena. ETBrako programa bat prestatu ere, leku enblematikoetan (Haizearen orrazian, Guggenheimeko zelaian, Gasteizko Foru Plazan, Iruñeko Baluarten, Baionako Herriko Etxean, …) filmazioak, ahalik eta dantzari gehienekin eginez, ukitu hiritar eta moderno bat eman nahirik gure dantza zahar berritu hauei.
Lehenbiziko emanaldia Gasteizen eginen dugu, maiatzaren 23an igandearekin, han lau dantza estreinatuko ditugula, eta lau dantza hauen musikak eta bideoak zuei bidaltzeko e-mail banku bat sortu behar dugu, beraz, zuen eta zuek ezagutzen dituzuen beste talde eta dantzazaleen e-mailak beharko dizkiguzue bidali, aurrerantzean ere harremanetan jarraitzeko eta, beste dantza batzuk prestatu eta estreinatu ahala, material eta konbokatoria berriak bidali ahal izateko.
Dagoeneko badauzkagu beste egun batzuk lotuta, Zugarramurdiko “Sorginaren Egunean”, Bilboko Aste Nagusian eta abar… eta apur-apurka beste dantza batzuk estreinatzen joango gara egun horietan, proiektu osoa osatu arte.