Dantzargazkia 001: Maskaradak Sohütan 1934an
Ezer baino lehen, merezi du argazkia osorik eta tamaina handian ikustea: 1934 Maskaradak Sohütan argazkia handian.
Aipagarria iruditu zaigu parte hartzaileen kopurua. 47 lagun kontatu ditugu. Gaur egun, talde txikiagoak (30en bueltan) izaten direla esango genuke. Bi zamaltzain, bi txerrero, kantiniersa, gathuzaina eta enseinaria ezagutu ditugu aitzindarien artean. Horiez gain, lau marixala eta sei küküllero, jauna eta anderea, laboraria eta laborarisa, bi txorrotx eta bi kherestu, txirularia eta atabalaria...

Beltzerian, buhame eta kauteren taldeak ere baditu bitxikeriak. Bi buhame eskopetan dituztela eskuetan ageri dira. Kauteren eta hartzaren artean eserita, bi mozorro ezezagun ageri zaizkigu, kapelarekin biak. Batek soinua edo akordeoia du eskuetan. Besteak emakume mozorroa daramala dirudi eta ontzi bat du eskuetan. Guilcherrek aipatzen du zenbaitetan eskale bikote bat agertu ohi zela, eta senarrak soinua jotzen zuela. Horiek izango dira akaso? Hartzaren mozorroa ere ikusgarria iruditu zaigu. Ez dirudi ardi-larruaren egina dagoenik... Azeri-larrua? Hartzarena berarena?
Lurrean eserita baita ere, baina ezkerreko bazterrean, beste hiru pertsonaia ezezagun ikusten ditugu. Bi mutil gaztetxo zuriz jantzia ageri dira (ezkerrekoa argazkiaren ertzetik kanpora geratu da). Ez dakigu zein mozorro izan daitezkeen zuriz jantzita bi horiek. Bien artean, eserita dagoena Hartzaren erakustailea izan daitekeela pentsatu dugu. Eskalapoinak (egurrezko oinetakoak) daramatzala dirudi eta makila dauka eskuan.

Eta mila begi bik baino gehiago ikusten dutenez, eta dokumentazioa eta historia ezagutzeak, argazkiek erakusten digutena azaltzeko bidea ematen digutenez, horra gonbidapena zuen begiek ikusitakoa kontatzeko, ea denon artean kontu gehiago ezagutu eta ulertzen ditugun.
Karlos Irujo-ren argibideak
Goian aipatutako hainbat zalantza argitzeko informazio oso baliatsua eskaini du Karlos Irujok, Michel Duvert-en artikulu baten ematen den informaziotik abiatuta. Hemen Karlos Irujoren testua:
Aizkorak, zapurrak eta notarioak
Aizkorak, zapurrak eta notarioak Lehengo egunean Oier Araolazak gonbita bota zigun argazki zahar bati buruzko gogoetak egiteko. Argazkia 1934. urtean egina zegoen eta bertan Xohutako maskarada agertzen zen. Egun bertsuan iritsi zitzaidan Anuario de Eusko-Folklore izeneko aldizkaria eta bertan maskaradei buruzko aipamen txiki batzuk egiten zirelarik, honatx ekarri nahi nituen.
Artikulua Michel Duvertek sinatzen du eta inguruaren populazioari buruz aritzen da: saroiak, kortak, olak, bordaldeak eta abarren egitura zirkularra estudiatzen da “hauetarik kolonizatu baita mendia, eta geroago horietan etxeak eraiki”. Selak leudeke espazioaren antolamendu honen azpian. Haien erabilpena aldatu omen da, baina artzaintzarekin loturak zituztela ez dago dudarik (hasierako erabilpena bestelakoa izan bazitekeen ere).
Ola baten hedadura erabakitzeko olariak aizkora jaurti behar zuen lau aldiz: “… avaient entendu dire cette histoire de jet de hache par des anciens garaztar. L’un d’eux, L. Sagardoy, me précisa même le sens des 4 jets…”. Gauza bera gertatzen zen Zuberoko olekin eta gaineratzen du: “Tout ceci était fait devant témoins” (hau lekukoen aurrean egiten zen). Nolabaiteko “notarioak” hauek ere. Eta darrai: “L’action fondatrice du lancer de hache du pionnier-défricheur, va être retenue et mise en scène en Soule. Errejent bien connu, M. Heguiaphal de Chéraute ma racontait qu’autrefois, dans les masacarades souletines, on voyait un berger avec son bâton (artzañ makhila), une hache sur l’épaule, 3 agneaux devant lui. Il me décrivit une saynete qu’il avait vue en 1934 au village, oú l’ours attaquait le berger défendu par un buhame que ensuite le tuait, le pelait pour vendre la peau “et en tirer bi sos”, etc. Chaho vit à Tardets, lors d’une mascarade, derrière Xerrero qui ouvrait le cortège, le berger, avec hache et bâton, précédant ses agneaux et l’ours” (Aitzindariek aizkorarekin egiten duten ekintza sortzaile hartzen da Zuberoan eta eszenifikatzen da. M. Hegiapalek, Xohutako errejenta ezagunak kontatzen zidan ezen aspaldin, maskarada zuberotarretan ateratzen zela artzain bat bere makilarekin, aizkora bat lepoan eta hiru bildots bere aurrean. Deskribatu egin zidan 1934. urtean bere herrian ikusi zuen sainetea, zeinean hartzak oldartzen zitzaion buhame batek defendatzen zuen artzainari. Horrek hiltzen zuen hartza, larrua kentzen zion “bi sos” lortzeko, etabar. Xahok Atarratzen ikusi zuen, maskarada batean eta Xerreroren gibelean (maskaradaren aitzindaria), artzaina aizkora eta makilarekin hartza eta bildotsen aurretik”.
Eta hori da Oierrek argitaratu zuen argazkiarekin eta bertan agertzen diren hainbat pertsonaiekiko dagoen lotura. Hor gelditzen da aizkora eta artzainaren artean egin zitekeen harreman sinbolikoa. Udal agintearen ikurra edo sinboloa makila baldin bada, artzainarena ez da bakarrik makila, aizkora ere bai. Aizkorak jasotzen du ola edo kaiolar edo bordaldearen jabetza, jabetza horren sinboloa bihurtzen da edo bihur daiteke.
Baina aizkora ez da bakarrik Zuberoko maskaradetan agertzen. Nafarroa Behereko zapurrek ere badaramate aizkora hori. Daramaten jantzia sapeur napoleonikoena da, dudarik gabe, baina artzainekiko nolabaiteko harremanak bilatuta… aurki daitezke. Napoleonek sortu zituen sapeur konpainiak eta beraien jantzia gure zapurren oso antzekoa da. Noski, haien aizkora ez zen egurrezkoa, benetazkoa baizik. Nafarroa Beherean buruan daramaten kaska kartoizkoa izan daiteke ala ardi larruz egindakoa. Ardi larruz? Bai, baina Napoleonen sapeurrek hartz larruz egindako “kaskak” zeramatzaten. Hartza ehizatuta dago eta larrutua kaska hori egiteko. Badago hari bat zapurra, artzaina, aizkora eta hartzaren artean. Agian bakarrik hori da, buru bero batean harilkatutako haria.
Karlos Irujo
Dantzan



