Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzak, Nafarroako dantzei buruzko programaren 8 atalak

Dokumentuaren akzioak

Dantzak, Nafarroako dantzei buruzko programaren 8 atalak

2011/11/16 16:20

Dantzak 01 Baztango mutil-dantzak TVE 1989

Lehen atal hau Baztango mutil-dantzen ingurukoa da. Mariano Izeta elkarrizketatzen du telebista platoan Mikel Aranburuk, eta mutil-dantzen hainbat irudi eta dantza ikus daitezke elkarrizketarekin tartekatuta. Zehazki Aunitz urtez, muxikoa, bilantziko txiki, zahar dantza, mando zaharraine, añar-xume osorik ikus daitezke programan zehar. Elkarrizketan mutil-dantzen inguruko zenbait gai jorratzen ditu Mariano Izetak. Errepertorio eder honen iraupena txistularien lanari egozten die, Antonio Elizalde eta Jose Telletxea nabarmentzen ditu, horiek jaso eta bildu baitzituzten mutil-dantzak, eta ondoren Maurizio Elizaldek eman zien segida luzaroan. Bideoetan ageri diren dantzetan Agustin Eraso ageri da txistua jotzen, eta Fernando Leiza atabalarekin.

Dantzak 02 Ingurutxoa TVE 1990

Ingurutxoak dituzte aztergai Dantzak 02 telebistako programa honetan. Nafarroako ingurutxoen inguruan aritzeko, Leitzako ingurutxoa ardatz hartzen du programak, baina Lizarrako larrain-dantza eta Baztango Gaita ere agertzen dira. Aranburuk azaltzen duenez ingurutxoak Nafarroako eremu hezean ohikoak izan diren dantzak dira, borobilean eta bikoteka egin izan direnak, eta besteak beste Larraun, Basaburua, Ultzama, Esteribar eta Aezkoan dantzatu izan direnak. Zenbaitetan soka-dantzekin lotuta ageri dira, eta Leitzako ingurutxoan biak gorde dira, besteak beste herritarren dantzarako grina eta Hilario Olazaranek egindako bilketari esker. Programan ageri diren Leitzako ingurutxoko irudiak 1975 inguruan hartuak dira, Leitzako plazan bertan. Soka-dantza, belauntzikoa eta ingurutxoaren atal desberdinak ikus daitezke. Hiruko konpasean dantzatzen den inguru-txikia eta biko konpasean dantzatzen den inguru-handia. Lizarrako larrain-dantzaren inguru-handia edo paseoa ikusteko aukera dago, eta baita Baztango gaitaren zati bat ere.

Dantzak 03 Inauteriak TVE 1990

Nafarroako inauteri dantzak dira Dantzak programaren 3. atalaren ardatza. Lantzeko zortzikoa, Berako zagi-dantza, Goizuetako zagi-dantza, Arizkungo Hartza eta inauteria, Altsasuko momotxorroak eta beren zortzikoa, Luzaideko bolantak eta Ituren eta Zubietako joaldunen puska biltzea ageri dira irudietan. Ohi bezala Mikel Aranburu Urtasunek egiten ditu programako aurkezle lanak.

Dantzak 04 Dantzen sinbologia TVE 1990

Dantzen sinboloak, esanahaiak ditu aztergai Dantzak programaren laugarren atalak. Erritualak batetik, ludikoak bestetik, eta bietatik zerbait dutenak aztertzen ditu Mikel Aranburu Urtasunek. Erriberako paloteadoetatik, Fustiñanako paloteadoren bi dantza ikus daitezke bideoan. Otsagiko dantzetatik, pañolo-dantza ageri da. Luzaideko dantzetan, errituala eta olgeta, biak aurki daitezkeela aipatzen du. Bolant-dantza, makilariak eta Axe-ta-tupinak ageri dira. Azkenik, erabat ludikoak direnen artean, Baztango irri-dantzen sortatik hiru dantza ikus daitezke: Alki-dantza, Isats-dantza eta bizkar-dantza.

Dantzak 05 Larrain-dantza eta Lesakako dantzak TVE 1990

Lizarrako larrain-dantza eta Lesakako dantzak dira Dantzak saioko 5. atalaren edukiak. Lizarrako Larraiza taldeak eskaintzen du larrain-dantza, paseoarekin hasi eta bolerarekin bukatuz, bals, jota eta bestelakoak tarteko direla. Lesakako dantzei buruz, San Fermin egunean egiten den ezpata-dantza jasotzen du programak: ziharkakoa, makil-gurutze eta zubigainekoa.

Dantzak 06 Musika tresnak TVE 1990

Musikari eta musika-tresneri begira jarri zen Dantzak programaren 6. atala. Dantzarako erabiltzen diren musika tresna nagusietako batzuk jasotzen dira programan eta haiei buruz hitzegin eta pieza batzuk entzuteko aukera dago. Txistua, txirula, gaita eta alboka dira programan ageri diren tresnak. Mintxo Garaikoetxeak Doneztebeko trapatan soka-dantzaren zati bat jotzen du txistua eta danbolinarekin eta Marianak jauzia txirula eta ttun-ttunarekin. Ortzadar taldeko Terentxo Arana, Florentino Belzunegi eta Alejandro Zabalak berriz gaitak danborrarekin eta panderoa albokarekin jotzen dituzte.

Dantzak 07 Luzaideko dantzak TVE 1990

Luzaideko dantzekin osatuta dago Dantzak programa sortaren zazpigarren atala. Mikel Aranburuk gidatutako saioak Nafarroa Behereko inauterietako dantzak ditu aztergai, eta bereziki Luzaiden egiten diren Pazko igandean. Luzaiden egindako grabazioetan martxa, bolant-iantza, antrexatak, lapurtar-motxak eta makilariena ageri dira, eta Lapurdiko dantza talde batzuen eskutik dantza-luze.

Dantzak 08 Jota eta porrusalda TVE 1990

Jota eta porrusalda dira Dantzak programaren 8. eta azken atalaren ardatza.  Atal honetan, dantzaren irakaskuntzari ere erreparatzen zaio, eta Lizarran, irakasle bat ume talde bati jota nola dantzatu irakasten agertzen da. Ondoren, ume horiek jota koreografiatu bat dantzatzen dute. Ingurutxoen eta bestelako dantza batzuen bukaeran egiten diren fandango eta arin-arinak ere erakusten ditu programak: Leitzako ingurutxoaren bukaeran egiten dena, Lesakako soka-dantzaren bukaeran eta Baztango Gaita edo ingurutxoaren bukaeran egiten dena. Azkenik, Otsagabiako irudi zahar batzuk ikus daitezke, 60-70eko hamarkadakoak izan daitezkeenak, eta bertan, gazte talde bat modorro makila-dantza ikasten ari da. Ondoren, Muskildako baseilzaren aurrean Enperadorea eta Jota dantzatzen dituzte Otsagabiako dantzariek.