Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Anexa dantza konpainia aitzindaria ezagutzeko dokumentazioa eskura

Dokumentuaren akzioak

Anexa dantza konpainia aitzindaria ezagutzeko dokumentazioa eskura

Anexa dantza konpainia aitzindaria ezagutzeko dokumentazioa eskura

Anexa, Momentos Vascos. Argazkia: Arutro Delgado. Julio Duran-en bilduma

70eko hamarkadan dantza garaikidean aitzindaria izan zen Anexa konpainiako Julio Duran dantzariak jasota zeukan dokumentazioa laga dio Eresbileko artxiboari, eta dagoeneko ikusgai dago haren webgunean, eta gaur sinatu dute lagatze-kontratua Julio Duranek, Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Gipuzkoako Dantzagunearen bitartekaritzarekin.

 

Anexa: Modulos
Anexa, Modulos. Julio Duran-en bilduma.

Julio Duran: dantzaria, irakaslea eta dokumentatzailea

Konpainiaren sorreratik Anexako dantzaria izan zen Julio Duran, eta konpainiak 1970 eta 1974 urtean estreinatutako 25 koreografiatik 17ren estreinalditan aritu zen. Hain zuzen ere, aro horretakoa da Duranek jasotako material gehiena, 1998 arteko dokumentuak badituen arren. Anexan dantzari gisa aritu zen urteetan material oparoa gorde eta sailkatu zuen Duranek: argazkiak, negatiboak, inpresiorako plantxak, kartelak, arropa, etab.

Duranek jasotako materiala dantzaren XX. mendeko historiaren aro garrantzitsu baten erakusgarria da. Frankismoaren amaieran kultur adierazpide berrien egarriz zegoen belaunaldi baten kumea izan zen Anexa. Duten balio historikotik harago, jasotako zenbait objektu arte-lantzat jo litezke, besteak beste, Jose Lainez Anexako sortzaile eta koreografoak eskuz egindako kartelak, eskuorriak eta koreografiak azaltzeko zirriborroak. Bereziki adierazgarriak dira Juan Angel Arrieta argazkilariak saioz saio egindako argazkiak.

Bizitza dantzari eskaini dio erabat Julio Duranek. Anexan kide izan zuen Iñaki Landarekin batera dantzako akademia bat ireki zuten, eta erretiroa hartu arte aritu ziren irakasten. Gaur egun dantza garaikidean aritzen diren egile askoren irakasle izan ziren.

Anexa, Eresbil
Peio Leiñeña eta Julio Duran Anexaren fondoaren lagapena sinatzen, Eresbil, 2022-06-14. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzagunea (cc) by-sa.

Webgunearen datu eta ezaugarri nagusiak

Jasotako materialarekin eta Julio Duranek emandako informazioarekin, Anexari buruzko informazio ugari jasotzen duen webgunea atondu du Eresbilek. Datu historiko ugarirekin batera (sorrera, kideak, estreinaldiak), 80 argazki baino gehiago dituen argazki-galeria dauka.

Horrekin batera, Anexak estreinatutako 25 koreografiatako bakoitzari orri bat eskaintzen zaio, baita estreinatu gabeko hiruri ere, informazio zabalarekin: fitxa teknikoa, emanaldien zerrenda, kartelak, egitarauak, prentsako albisteak, jantzien diseinuak… Guztira, 500 irudi baino gehiago. Taldeko kide guztien fitxak ere jasota daude, beren debutari eta parte hartutako estreinaldiei buruzko informazioarekin.

Anexa: Concha Martinez eta Jose Lainez
Anexa: Concha Martinez eta Jose Lainez. Argazkia: Julio Duran.

Berezitasun gisa, eta garai hartan ikus-entzunezko dokumentuak jasotzea zaila zela kontuan hartuta, TVE grabatzen ari zen “Momentos vascos” saioaren inguruan Julio Duránek grabatutako bideoa jaso du Eresbilek.

Julio Duranen Anexaren funtsaren datu nagusiak

  • Informazioa: Anexa. Balet Garaikidea (Eresbil)
    • 4 eraztun-koaderno
    • 10 album
    • 4 programa-karpetatxo
    • 37 argazki
    • 60 gutun-azal negatiboekin
    • 35 karpeta kartelekin
    • 7 dokumentu txiki
    • 15 inprimatze-xafla
    • 3 jantzi
    • Super-8 film-bobina bat 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.