Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Baserritar jantziaren inguruko doktore tesia defendatu du Ane Albisuk

Dokumentuaren akzioak

Baserritar jantziaren inguruko doktore tesia defendatu du Ane Albisuk

2025/12/15 09:10
Baserritar jantziaren inguruko doktore tesia defendatu du Ane Albisuk

Ane Albisu doktore-tesia aurkeztu berri, Donostia, 2025-12-12. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

XX. mende hasieran baserritarren janzkeratik sortutako festarako jantzia aztertu du Ane Albisu Iriartek (Donostia, 1960) Euskal Herriko Unibertsitatean defendatu duen doktore tesian. “Baserritar jantziaren sorrera eta bilakaera” du izenburua Albisuk defendatu duen doktore tesiak. 1885-1990 urteen arteko baserritar jantziaren bilakaerari erreparatu dio eta Gipuzkoan eta emakumeen jantzian jarri du fokua. Argazkiak, soinekoen irudiak, artxiboetako dokumentuak eta 81 elkarrizketa izan dira ikerlanaren iturri nagusiak. Ehun urte pasako bilakaera ikertu du, aztertu duen soinekorik zaharrena 1885ekoa baita eta 1990ean Ikerfolk elkartearekin abiatutako Atondu proiektuaren sorrera bitartekoak izan baititu aztergai. 

Ane Albisu
Ane Albisu, Baserritar jantziaren sorrera eta bilakaera doktore-tesiaren aurkezpena, Donostia, 2025-12-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia sailean osatu du tesia Albisuk eta 2025eko abenduaren 12an izan da aurkezpena, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Aitzpea Leizaola izan du Albisuk tesiaren zuzendari eta Aurkene Alzua (Deustu), Xabier Itzaina (Sciences Po Bordeaux)  eta Josu Amezaga (EHU) izan dira epai-mahaian. Aretoak ez-ohiko irudia eskaini du, entzulez bete baita, Ane Albisuk 30 urte baitaramatza euskal jantziaren ikerketan eta ibilbidean lagun izan dituen hainbat dantza taldetako kideak, jostun, jantzi-zale eta bestelako interesatuak gerturatu baitira ekitaldira, adiskide eta senideez gainera. 

Ane Albisu tesia
Josu Amezaga, Aitzpea Leizaola, Aurkene Alzua, Ane Albisu eta Xabier Itzaina. Baserritar jantziaren sorrera eta bilakaera doktore-tesiaren aurkezpena, Donostia, 2025-12-12. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Baserritar jantzia aztergai

Doktore-tesi honen ikerketa-objetu nagusia baserritar jantzia da. Jantzi hau Euskal Herrian zein diasporan hainbat festa, dantza eta ospakizunetan erabiltzen da, eta ikerketak agerian uzten du soinekoak informazio baliotsua eskaintzen duela garai, pertsona, lanbide eta gertaera historikoei buruz. Tesiak XX. mendeko Euskal Herriaren irakurketa berria proposatzen du, baserritar jantzia ardatz hartuta, eta garaiko gizarte-, politika- eta kultura-testuingurua beste ikuspegi batetik aztertzen du. Ikerketaren bidez erakutsi da baserritar jantzia XX. mendearen hasieran sortu zela, baserritarren eguneroko janzkeratik abiatuta, besteak beste festetarako jantzi hiritar bihurtzera pasatuz. 

Ane Albisu
Ane Albisu, Baserritar jantziaren sorrera eta bilakaera doktore-tesiaren aurkezpena, Donostia, 2025-12-12. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Ikerketak 1885etik 1990era arteko bilakaera aztertzen du, arreta berezia jarriz Gipuzkoan eta emakumeen jantzian. Horretarako, baserritar jantziaren bilakaeran izan diren zenbait etapa bereizi ditu: sorrera, finkatzea eta garapena, jantziaren esanahi sozial eta sinbolikoa agerian utziz. Epai-mahaiak azpimarratu du tesi honek euskal janzkeraren historiari eta ondare kulturalaren ikerketari ekarpena egiteaz gain, teoria antropologiko eta soziologikoak berresteko adibide garbiak eskaintzen dituela, bai eta tradizioaren eta identitatearen eraikuntza ulertzeko gakoak ere.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.