Dokumentuaren akzioak
Alan Lomax-ek 1952an grabatutako euskal dantzen doinu eta irudiak sarean
Argazkia: Alan Lomax. Zeanuri, 1952-08-19. Alan Lomax Collection, American Folklife Center, Library of Congress. American Folklife Center-en baimenarekin argitaratua.
Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarraren artxiboa sarean jarri du bere ondarea kudeatzen duen fundazioak. Lomax-ek berak sortutako Cultural equility elkartearen web guneak dagoeneko ikertzaileak mundu zabalean grabatutako 17400 audio sareratu ditu eta horien artean badira zenbait Euskal Herrian hartutakoak.
1930ean hasi zen ikerketa lanetan eta bere bidaietan Euskal Herriko soinuak ezagutzeko parada izan zuen Alan Lomaxek. 1952. urtean Euskal Herrira iritsi eta Zeanurin, Ondarroan, Zarautzen, Oiartzunen, Tolosan, Donostian, Lizarran, Huitzin, Iruñean, Lesakan, Arizkunen, Erratzun, Elizondon eta Otsagin egin zituen grabaketak. Txistulariak, gaitariak, bertsolariak, pandero-joleak zein abeslariak grabatu zituen besteak beste. Argazkiak ere egin zituen Euskal Herrian eta horien adibidetzat ditugu Arantza Goikotxea pandero-jolearen argazkia edo dantza soltean ari diren emakumeen argazkia, biak ala biak Zeanurin eginak.
Orain urte batzuk, 2004an, Euskal Herriko audioak argitaratu ziren, bi CDtan hain zuzen ere; batak Gipuzkoa eta Bizkaiko soinuak jasotzen ditu eta besteak, aldiz Nafarroakoak. Hona disken fitxak:
Cultural equility fundazioak Alan Lomaxen lana digitalizatu eta argitaratu du, etnomusikologoak egindako lana denon eskura jartzeko asmoz. Audio grabazioak, argazkiak eta irudiak aurkitu daitezke bertan. 1946an hasi eta 90. hamarkada bitartean egindako audioek osatzen dute bilduma osoa eta hauez gain, argazki, irudi, zein elkarrizketak entzun eta ikusteko aukera dago Cultural equility webgunean. Estatu Batuetan, Europan, Karibean eta Asian egin zituen Alan Lomaxek bere ikerketa eta grabazioak.
Informazioa: Alan Lomax-en ondarea (Cultural equility)
Dokumentuaren akzioak
Zeanurin egindako argazkia dela jartzen du bertan, eta atentzioa eman diogu eta Juan Mari Beltrani galdetu diogu (bera aritu zen Aintzane Camararekin batera Alan Lomax-en bi CDen argitalpena prestatzen) eta esan digunez oker jarrita dago hori hor. Gaitari hori Zamora aldekoa omen zen. Era horretako hainbat akats daudela Alan Lomax-en fondo horretan ohartarazi digu Beltranek, eta tentuz begiratu behar direla fondo horiek. Bitxikeriak ere harrigarriak daudela. Adibidez, iparraldeko kantuak Gipuzkoan grabatuta, edo 50eko hamarkadan Euskal Herrian hain ohikoa zen esku-soinuaren grabazio bakar bat ere ez egin izana.