Dokumentuaren akzioak
Agintariak dantzan
"Gizon dantzak irten bear du plaza agirikora Erriko etxeko gelatik, Danboliñaren soñuan. Gela berean jarri bear du dantzak plazara agertu bear duen modu berberean, aurrendariari eskutik laguntzen diola erri bereko alkate jaunak, eta azkendariari batzartar prestu batek".
Horrela ematen dio Juan Ignazio Iztuetak hasiera Gizon-dantzari edo Soka-dantzari buruzko azalpenei Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira bere liburuan. Iztuetak gizon-dantza izendatzen duena agintariekin edo agintarien aurrean egindako protokolo dantza da. Berak aipatutako soka-dantza guztiak ez dira gaurdaino heldu, baina oraindik ere herri multzo eder batean mantentzen dira agintariak buru dituzten soka-dantzak.
Gipuzkoako Goierrin topatu ditugu horietako zenbait, baina baita beste zenbait herritan ere: Antzuolan, Beasainen, Lazkaon, Ordizian, Zerainen, Andoainen edo Oiartzunen egiten dira oraindik ere, besteak-beste, agintarien soka-dantzak.
Soka-dantza horiez gain, badira bestelako protokoloetan dantzan aritu izan diren eta aritzen diren agintariak.
Getarian, Ramon Unanue Alkatea izan zen garaian zenbait ekitalditan aurreskua dantzatzeko ohitura hartu zuen, San Roke egunez, esaterako. Getariko Floreaga Salestar Ikastetxeko ikasleek egindako elkarrizketa batean, honela dio Ramon Unanuek:
"Nik sekula pentsatuko ez nuen gauza izan zen Plazan aurreskua dantzatzea. Ez nintzen sekula dantzak ikasten ibili, izan ere gure gazte denboran ez zegoen orain dagoen aukerarik euskal dantzak ikasteko. Hau guztia honela hasi zen: Getariako Alkateak herriko festatako egun batean aurreskua dantzatzen zuen Getariko Plazan, eta bera laguna dudanez, berak berotu nituen ea zergatik ez nintzan animatzen komentatuz. osaba Julen dantzak erakusten ibiltzen zen eta behin topo egin, komentatu eta entsegu batzuk egitekotan gelditu ginen. On iritzia eman zidan eta San Roke egunean Umore Ona Elkartearen babespean ekin nion aurreskua dantzatzeari. Lehenengoa On Anastasiori eskaini nion, izan ere urte hartan Udalak herriko seme izendatu zuen eta aproposa iruditu zitzaidan aurreskoa berari eskaintzea. Hurrengo urteetan Miserikordiako monjei, jubilatu ziren txistulari taldeari, Atano III txapeldun handiari eta Diego Garcia korrikalariari eskaini nien eta urrengo urteetan eskaintza herriarentzat izan zen. Herrian ongi hartua izan zen aurreskua eta horrek asko poztu ninduen eta gainera ohiturak aurrera jarraitzen duela ikusirik, ondo egin nuela iruditzen zait".
Ramon Unanue bezala dantzara ausartu diren beste agintari batzuek kasuak ere ezagutzen ditugu. Bilbon Jose Maria Gorordo eta Iñaki Azkuna izan dira dantzan Begoñako Amaren eguneko soka-dantzan aurrendari.
Tolosako eta Irungo alkateak ere ausartzen dira urtean behin dantzan. Eibarko alkateak ere aurreskua eskaini zien Kezka dantza taldeko kideei haien 50. urteurreneko ospakizunean. Xabier Agirre Arabako Diputatu nagusiak, Txirinbil eta Latzale taldeetako dantzaria izandakoa bera, aurreskua dantzatzen du San Prudenzio egunez, Armentian.
Juan Jose Ibarretxe lehendakari izandakoa bera ere aritu izan zen soka-dantzan. Patxi Lopez lehendakari berria dantzari izandakoa dela aintzat hartuta, akaso protokoloren batean dantzan ikusiko dugu aurki.
Dokumentuaren akzioak