Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Abel Iriondo dantzari eta dantza-maisua hil da

Dokumentuaren akzioak

Abel Iriondo dantzari eta dantza-maisua hil da

2021/08/29 18:40
Abel Iriondo dantzari eta dantza-maisua hil da

Abel Iriondo

Bizikletan zebilela bihotzekoak emanda hil da Abel Iriondo (1966), azken bi hamarkadetan Durangon bizi zen dantzari elgoibartarra. Haritz, Argia, Kezka eta Kriskitin dantzari taldeetan eta Aiko taldean aritutakoa besteak beste, dantzari eta dantza-maisu ibilbide distiratsua egin du Iriondok. 

Elgoibarko Izarran, Sebas Larrañaga irakasle izan zuela hasi zen dantzan Abel Iriondo eta 1981ean, 15 urterekin hasi zen helduekin, Haritz euskal dantzari taldean. Haritzen bat egin zuen taldean hasi berri zen Jon Lizarralderekin eta eskuz esku, eta soka-dantzan aurrez aurre dantzatu zuten hainbat urtez, Elgoibarko San Bartolome eguneko soka-dantzan, besteak beste, aurresku eta atzesku lanetan bi hamarkadaz aritu baitziren.

Argia eta Haritzeko dantzariak Zangotzan 1990
Argia eta Haritz dantzari taldeetako dantzari eta txistulariak 1990eko hamarkada bukaeran. Goiko lerroan ezkerretik hasita: Unai Froilan, Aitor Viñaras, Igor Odriozola, Jexux Larrea, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi, Iñaki Elosua, Fernando Aristizabal eta Abel Iriondo. Behean: Asier Gorriti, Juan Karlos Larreategi, Jose Inazio Sarasua, Mikel Cornejo eta Iñaki Goñi. Argazkia: Haritz Euskal Dantzari Taldea.

Soldaduzka Donostian egiten ari zela Argiaren entseguetan parte hartzen hasi zen eta Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan dantzatu zuen, bai Haritz taldearekin, bai bakarlari lanetan ere. Urteotan Haritz, Argia eta Kezka taldeen hamaika emanalditan dantzatu zuen, Argiaren Kondharian eta Pas de Basque emanaldietan ere bai. Ondoko bideoan, Argiak ETBn eskaintzeko prestatutako dantza sorta batean, Mikel Legorburu eta Abel Iriondo ageri dira doinu zahar bat dantzatzen.

Elgoibarko San Bartolome eguneko aurreskuan hamar urtetik gora atzesku aritu zen, aurresku txapelketetan aritu zen. Arrateko dantzetan ohorezko gonbidatua 2006. urtean, ia-urtero izan da Arrateko dantzarien emanaldian parte hartzen eta berdin Elgoibarko Errosarioko ezpata-dantzan, urte askotan kapitain lanak betez bertan.  

Abel Iriondo Errosarioko ezpata-dantzan
Abel Iriondo buruzagi-makila altxatuz Elgoibarko Errosarioko ezpata-dantzan.

Bizitokia Durangora aldatuta Kriskitin taldearekin aritu da dantzan eta baita Aiko taldearekin, Durangon eskaintzen zituen eskoletan irakasle ere. Durangaldeko ezpata-dantzari egunean emakumeekin batera osatutako lehen dantzari taldeko parte izan zen Kriskitin dantza taldearekin 2016an, eta San Fausto egunez, Durangoko dantzari-dantza, platillu soinua eta erregeletan lehen aldiz emakumeek parte hartu zuteneko taldean ere aritu zen Abel Iriondo. 

 

Izurtza: Durangaldeko Ezpata-dantzari eguna 2016 Kriskitin
Kriskitin dantza taldea Durangaldeko ezpata-dantzari egunean, Izurtza, 2016-09-11.

Hileta

Abel Iriondon omenezko hileta meza, abuztuaren 31n asteartean izango da, 19:00etan Durangoko Santa Ana parrokian. Beilatokia Durangoko Basaguren tanatorioan izango da, astelehenean 16:00etatik 19:00etara eta asteartean 11:00etatik 13:00etara.

Dokumentuaren akzioak

2021/08/29 19:42
Benetan pertsona positiboa eta animo handikoa. Baita dantzari indartsua. Pena handia hartu dugu gure etxian.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.