Dokumentuaren akzioak
40. Mutxikoaren Eguna, Betti Beteluk hasitakoak badu segida
Igande honetan Arrangoitzen, 40. Mutxikoaren Eguna ospatuko da; Betti Betelu, Mutxikoaren Egunaren sortzaileetakoa eta Lapurdiko dantza tradizionalaren berpiztearen aktore nagusietakoa omenduko dute.
1979an Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolatu zuen lehenengo aldiz Mutxikoen Eguna. Lehenengoa Bidarten antolatu zen, baina hurrengoak Arrangoitzen izan dira, Beteluren jaioterrian hain justu ere. 1970eko hamarkadan, mutxikoak nahiko ahul ziren Lapurdin. Dantza taldeek "ikusgarriagoak" ziren dantzak lantzen zituzten garai hartan. Mutxikoak indartzeko asmoarekin antolatu zen lehenengo Mutxikoaren Eguna.
Beteluk lan handia egin du mutxikoen pizkundean, Mutxikoaren Eguna antolatzeaz gain, galduta zeuden hainbat dantza-jauzi ere berreskuratu zituen. Mutxiko batzuen segidak berreskuratzean urratsik ez zuten aurkitu eta Beteluk berak osatu zituen. Dantza-jauziak irakasten lan handia egin zuen Betti Beteluk, 6.000 ikasletik gora trebatu zituen.
Pierre "Betti" Betelu Dagerre (1924-1990)
Pierre Betelu Dagerre Arrangoitzen jaio zen 1924ko maiatzaren 14an. Hogei urte zituela hasi zen dantzan, 1944an, Oldarra dantza taldean. Bederatzi urte Oldarran ibili ondoren, taldea utzi eta Biarritzen Bi Harri dantza taldea sortu zuen. 1960. urtera arte aritu zen talde horretan dantzan eta lanean jo eta ke. Joseba Aurkenerenak azaltzen du, bederatzi urteko etenaldiaren ondoren 1960an berriro heldu ziola dantzari. Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartetik deitu zioten laguntza eske, zendu berri zen Peio Colombet elkarteko lehendakariaren omenezko ekitaldi bat prestatzeko eta ondoren ere, beraiekin lanean jarraitu zuen.
Begiraleak taldean, Pierrot Gil-ekin batera, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen dantzak ikertu asmoz. Galtzear ziren dantza-jauziak bildu, osatu eta irakatsi zituen. Ahaztuta zeuden Lapurdiko inauteriei ere eman zioten hauspoa, 1974an Argia dantzari taldearekin inauterietako dantzak ikasi eta Begiraleak elkarteak berriro plazaratu zituen Lapurdin. Hainbat dantza berreskuratu eta moldatu zituzten, fandangoarekin prestatutako koreografia batek bere izena darama gaur egun. Begiraleak taldeko kide izan zen 1990. urtera arte, 66 urte zituela, bihotzekoak eman eta hil zen arte.
Urriak 14 igandea, 40. Mutxikoaren Eguna Arrangoitzen
- 11:00 Hilherrian Betti Beteluarentzako gogoeta. Mutxikoak, herriko eta ohizko dantzak. Ezpeletako Txarangak eta Gaita Luze taldeak alaiturik.
- 13:00 Ikastolen alde jan eta edana, Txakatuk taldeak alaiturik.
- 16:00 Omenaldia – ohiturak – sorkuntzak Omenaldia « Milesker Betti Betelu » Thierry Truffaut-k eta Primadera dantza taldeak emanik. Thierry Truffaut- ek Betti Betelu familiaren eta lagunen laguntzarekin, dokumentu ainitz aurkeztuko ditu, Primaderako dantzariek, Betti Beteluk koregrafitako dantzak proposatuko dituzte. Ondoren, Topa.K ikusgarria So.K dantza taldeak emanik eta Bat Batean Bilaka taldearen sorkuntza.
- 18:00etan Bilaka Dantzaldi Herrikoia.
Dokumentuaren akzioak