Dokumentuaren akzioak
20 urte dira platillu-soinua berreskuratu zutela Durangon
Aurtengo Durangoko San Fausto jaietan 20 urte beteko dira platillu-soinua dantza berreskuratu zutela. Igande honetan eguerdiko 12:30ean artopilak banatuko dituzte Udaletxeko Plazan eta ondoren Durangoko dantzak emango dituzte dantzariek. Juan Antonio Aroma Durangoko Kriskitin dantza taldeko kideak azaldu digu platillu-soinua dantzak paperetatik plazara egin zuen bidea.
Wilhelm von Humboldt ikerlariak Euskal Herrira egin zuen bidan Durangotik pasa eta bertan ikusi zituen dantzak jaso zituen bere liburuan. Iñaki Irigoienek behin baino gehiagotan aipatu zien durangarrei, Humboldtek ezkutuekin egiten zen dantza baten berri ematen zuela. Horrela, Irigoienen proposamenari heldu eta dantza berriro plazaratzeko lanean hasi ziren.
Ezkutu edo platilluekin dantzan
Humboldtek dantzaren deskribapena eta musikaren partiturak bildu zituen, "Hori bukatzean xafla metaliko biribil bat jasotzen du bakoitzak, ezkutu moduan burdinazko heldulekuarekin. Mutikoak bi taldetan banatzen dira, eta xafla horiek kolpatzen dituzte konpas erregularrean etengabe euren lekuak aldatuz; beti kolpe indartsu eta leun bati jarraitzen dion konpasean".
Gerora, Markos de Alkorta organista durangarrak platillu-soinua izenarekin jaso zuen doinua partituran. Dantzari buruzko beste erreferentzia batzuk ere topatu zituen Irigoienek. 1828an Fernando VII Espainiako erregeak Durangora eginiko bisitako gastuen-agirian burdinazko txapen ordainketa ageri da, "por ocho chapas de fierro que hizo para los danzantes". 1886an Durangon ospatu ziren Euskal Jaietako gastuen dokumentuan ere aurkitu zituen platilluen aipamenak, dantzariek grabatutako eta nikelatutako zortzi txapa erabili zituztela ipintzen du.
Paperetatik plazara
Eskuartean zituzten musika eta deskribapenetatik abiatuta dantza osatzen hasi ziren. Dantzari-dantzako parte bat zela kontuan hartuta ziklo horretako beste dantzen modura egituratu zuten. Paperetako azalpenei jarraituz, dantzariek platillu edo ezkutuak kolpatzen dituzte makilarekin Gipuzkoako brokel-makilenean, Berastegiko brokel-dantzan edo Lizartzako pala-dantzan egiten den antzera.
Dantzari forma emanda 1999ko urriaren 9an plazaratu zuten Udaletxe aurrean. Ordutik urtero dantzatu dute platillu-soinua Durangoko dantzariek San Fausto jaietan. Igande honetan ere dantzari-dantzako beste dantzekin batera dantzatuko dute eguerdiko 12:30ak inguruan. Arku-dantza, zinta-dantza eta erregelak ere emango dituzte dantzariek.
Dokumentuaren akzioak